2018ko Tourra Euskal Herrian: eta dena izango da berdin?

Garikoitz Mujika
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskadin rokanrolak ez du inoiz dirurik emanen, Inun baina alaiagoa izanen da, Ta ezer ez da berdin». Hertzainak-en doinu horixe etorri zaigu gogora uztailaren 28an Tourreko etapa oso bat, erlojuaren kontrakoa, Euskal Herrian, Senpere eta Ezpeleta artean, iragango dela jakitean. Tourra berriro gurean eta gu herri gisa oraindik praka motzetan, muga ofizialik gabe, gure izatea defendatuko duen gobernu nazionalik gabe. Iaz lau haizeetara zabaldu zuten Tourra Dusseldorfen (Alemanian) hasi zela; 2019koa Bruselan (Belgikan) hasiko dela ere garbi asko iragarri dute. Eta aurten? 2018ko Tourra Euskal Herrian bukatuko dela «zabalduko» ote da ala uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdiko erlojupekoa berdintsuak izanen dira?

Gasteiztarren kantari tiraka, hemengoak «inun baino alaiagoa» behar luke. Deblauki kendu diote garrantzia batzuek gertatuko denari: kirol proba bat besterik ez da. Akats handia litzateke, ordea, kirolaz ere politika egiten dela ahanztea. Garaiak aldatu badira ere, inoiz ez du galdu «la grande boucle»-k betiko espiritu hura, frantsestasunaren aldarrikapen ikur distiratsu izatearena.

Gu ere, hortaz, kiroltasunez politika egin beharrean gara. Nola? Munduari hemen bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat badela erakusteko giza kate independentista bat antolatuta batetik; eta, lasterketa erabakirik izanen denez, Tourreko euskal ordezkarientzat merezitako sari emate bat prestatuz bestetik etapa amaieran.

Independentzia, gaur eta hemen, ez da slogan hutsal bat. Ez zuen horretarako asmorik berak, baina arrazoia eman digu Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta euskal elkargoko presidente denak. Otsailaren hasieran gutuna bidali zion Frederique Vidal goi mailako hezkuntzarako ministroari unibertsitate mailan Ipar Euskal Herriak duen defizita salatzeko: «6.000 unibertsitario ditugu Akitania Berriko bigarren hirigunean 310.000 biztanlerekin, eta Rochellek, berriz, 12.589, 126.435 biztanlerekin». Datu bat, anekdotikoa ez dena, errealitate askoz zabalago baten erakusgarri dena: nazioarteko lan banaketa bat dagoen bezala (herrialde aberatsen egitekoak, batetik; pobreenak, bestetik), zentro-periferia logika hori sustatzen dute Parisko politikek gurean. Zentroak estatuko hirigune nagusiak ditugu (Paris, Marseilla, Lyon, Bordele, Tolosa...), eta periferia, besteak beste, gu. Politika hori gordinki islatzen dute gure ehun ekonomikoak, hezkuntza sistemak, erakundetzeak, euskararen ofizialtasunik ezak, lan harreman dinamikek, hedabideetan gure herriak, kulturak, duten tokiak.

Egia da aitortza minimo bat etorri berri zaigula Parisetik. Duela urtebete pasatxotik, badugu Aro Garaikidean lehen aldiz hiru herrialdeak biltzen dituen udal mailako erakunde bat. Lortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina lurralde estatusaren eztabaida pizten jarraitu behar da. Estatu propio baten eraikitzeko nahia erdigunean jarririk, jendartearen gehiengo bat artikulatzearen alde egin behar da, argudioak, eskas ez ditugunak, bitarteko: botere egitura hori behar dugu periferia izateari uzteko, herritarrak ahalduntzeko, gure lurraldeen arteko harreman politika koherente bat gauzatzeko, garapen ekonomiko eta soziala gidatzeko, euskaraz bizi ahal izateko.

Burujabetzaren aldeko indarren erronkez ari dela, ideia interesgarriak plazaratu berri ditu Rafa Diezek. Hiru behar aipatu ditu zehazki: Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioen arteko sinkronizazioa batetik; Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuen arteko sinkronizazioa bestetik (Kortsikakoa gehituko genuke guk); eta nazioarteko komunitatean eragiteko europar estrategia baten taxutzea azkenik. Agerikoa da une hauetan estaturik gabeko nazioen borrokan une giltzarri batean gaudela Europar mendebalde honetan. Intentsitate oso ezberdinetan bada ere, barne tentsioa goratu egin da gure herria zatitzen duten bi estatuetan. Hori erakusten dute Eskoziak, Kataluniak eta Kortsikak. Hori erakutsi behar du, baita ere, Euskal Herriak. Hots, badela hemen ere independentziaren aldeko herritar multzo bat, gehiengoa izateko, espazio politikoa eta boterea borrokatzeko, grina duena.

Horrexegatik sinetsita gaude, euskal lurraldeen arteko zubigintzan jarraitzeko eta gure barne dinamika politikoak sinkronizatzen hasteko, badugula huts egin ezinezko hitzordu bat: uztailaren 28ko erlojuaren kontrakoa, 170 estatu ezberdinetan 78 telebista katek zabalduko duten unea, hain zuzen.

Tourreko webgunean hauxe diote aurtengoaz: «100 % Hexagonal... ou presque. Hormis un court passage d'une quinzaine de kilomètres en Espagne lors de la 16e étape Carcassonne - Bagnères-de-Luchon, le 105e Tour de France ne sortira pas des frontières de l'Hexagone» (%100 hexagonala, edo ia. Ibilbide labur bat izango du Espainian, 16. etapan, Carcassonne-Bagneres de Luchon artean, gainerakoan Frantziako 105. Tourrak ez ditu Frantziako mugak utziko). Gure esku dago hori gezurtatzea. Martxoaren 21ean Kanboko Gaztetxean, arratsaldeko 19:00etan, has gaitezen giza kate horren neurria, forma, zirriborratzen.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATU DUTE: Elorri Arin, Oier Hiriart, Armand Jaunarena, Ximun Duhour, Sandra Pochulu, Oier Oa, Paxkal Elgart eta Roberto Murgiondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.