Dekadentzia

Lander Majuelo - Filosofia ikaslea

2018ko apirilak 3
Beharrezkoa da dekadentzia, laburra izanez gero. Itxieretan asmatu ez eta luzatzen diren egunak, jakin gabe desira dituzun oraindik begirada berak, Kairora mugitu nahi duzun behingoz edo tabernaz taberna gobernuaren subsidioa uzteak inolako zentzu poetikorik duen gibelean.

Lau urteko dekadentzia berez da luzeegia. Nekea zaizu bidelagun, labankadak datozkizu dantzan atzoko lagunei esker, eta antzokira joan edo ezagunen gorputz zuloak laztantzea ez datoz hobera. Zentzuak itxi eta zuregana zatoz, egiaren prekarioa xerratu eta irentsiz.

Albert Serraren Història de la meva mort-en ageri da, matxinada politikoetatik ihesi ipar ilunera datorren aristokrata galdua, edonor harro follatzeko pribilegioari eutsi nahian. Amaia jakina da, ez soilik krudela, baizik duinik gabea. Norbera den gutxi hori ere Errumaniako ezein basotan albora utzi, argudiorik gabe eraisteko. Dekadentzia.

Angela Merkel dabil bada, gibelari begira, politikaren antzokira ohiturak ekarria eta itsuan iparrera bidean, Alemaniako estatuaren duin eskasa arrastaka dakarrela. Arrazoitik federa. Atzitu ditu sozialistak, badu koalizioa, badu gobernua. Lau urte oraindik, amaitzea lortuz gero, egunero betazalak apur bat sakonago erre eta sute lausoen ondorena begiztatzen akabatzeko.

Ez da nire egitekoa lehenaldia laburtu edo datorrena asmatzea. Alemanian jada idatzitakoak gurera itzultzea laxoa liteke, balio urrikoa baina. Zertarako bota alderdi sozialistak galdu duen izatea datozen urte lokatz hauetan are gehiago galduko duela, gobernu koalizioaren lehen asteotan Seehofer ministroak islamaren edo Spahn ministroak abortuaren aurka esan dituztenak minez entzun behar baditu.

Zertarako aipatu Seehofer edo Spahn. Nork behar ditu gurean. Hobe duzu giroa ekartzea, lakuz laku eskuinera datozen olatuok, inertzia higatzen, erreakzioa hanpatu eta gosarian, metroan edo gure banlieue Errusiarretan goizero faxismo miko batzuk gehituz.

Nola azaldu, harresia eraitsi eta poltsikora ekarri dizutela. Balioei uztarturiko politikaren teatroa alboratu eta gehiegi dutenen ekonomiaren zakur ibili dira mendebaleko alderdi buruzagiak egun arte. Thatcher edonon ezarri eta bi hamarkadako bestaren biharamunak bizitzan zehar gakartza.

Baina krisia. Eta hartatik non dago herria, jendea, masa, ez dugu ulertzen, diote. Zergatik doaz, nazkatuta, dena hautsi nahi duten faltsu horiekin. Ultra flamante horiekin. Gure kopia merkeak. Zer eginen dugu oraindik ere kontua ordaindu ez eta bestari eusteko. Lerratu are eskuinera, eutsi autoritateari biolentziaren gardenaz, otoitz egin.

Eta mugitzen denari prusiar sendagaia. Gu gara zure bakea. Aldaketak ez datoz mundura. Kontuz emakumeak, kontuz migranteak, kontuz beraz, langileak, ezer behar duen inor. Amaitu dira azalpenak, norabide bakarreko demokrazia dator. Munstroak bidean eskuin ibarretik. Gobernuan dira jada Austrian.

Demokrazia liberalak dakarren eskaintza bakarra okerrera ez joatea da. Berririk ez mendebalean. Ez da planik, berdin segitzeko aukerak du soilik distira aspertua. Berandu. Egun oposizioko lehen alderdia den AfDk, lurrinean datorren nazi makur hori, are bozka gehiago jasoko lituzke.

Harresiaren ostean osatu Alemania koalizio honekin amaitzen da. Beti lau urteko aurreikuspenaz lan egiten zuen estatuak ez du planik. Ingurukoak baino demokrazia bermatuagoa da eskubideen, memoriaren, ekonomiaren aldetik. Baina adibide behar zuen sistema ezintasun eta neke adierazle argia da. Beregan osatu den erreakzio autoritarioaren aurrean berdin jarraitzea du xede.

Zahartuta dago gobernua. Generazio baten abaila ageri du lemazainak. Auzoko sukaldeetan entzun kexek ez dute kantzelaritzara biderik. Hautsi da alemaniar gizartean duintasunari eusteko bidea. Basa lan eginda ere bizitzeko beharrezkoa dena ez dator. Gutxiri ongi doakie eta gehiegiri gaizki. Bertolt Brechtek zekarren Sezuan-en: Alokairua pagatzerik ez badugu, nola saiatuko gara onak izaten?

Okerrak aitortu eta eraberritzeko presarik ez duen bezala dator egunerokoan politikaren perbertsioa, urri dabilenaren aurkako biolentzia, ikuskizun sozialaren hutsa. Estepa bat amildegiz josirik. Hau da dagoena. Eta artean langilea langileago, pobrea landerrago, migrantea ubelago. Kexaren garratza dakarten bakanak zokora. Dena ongi doa.

Ihesbiderik ez oraingoz, datorren hatsa uxatzeko. Planifikazioaren desira mitikoa zuen herrialdea aurreikuspenari uko eginda sinesmenera dator. Aro bat narrasean amaitzen den bezala dator hurrena herrenka. Egun ez da ezer aldatzen eta aldatzen bada, okerrera. Bakea eta gerra balira bezala elkar zabuka, zein nahiago dugun ere ez dakigula. Modernitate berriaren ustela.

Akaso lau urteko Merkelen paseo hautsiak nekean salbatuko du Alemania, ezer gertatzen ez den bezala egun gainbehera hauetan. Zentzu berean itzuri, munstro denak hibernatzera joan arte. Edo akaso irekiko dio bidea, nahigabea nahi gabe, eskuinetik datorren izurriari, dekadentziaren lurpean antzematen ahal den biolentzia emari itoari. Zeru berun hau. Izugarri luzatzen ari da negua Berlinen. Kairo, non zaude?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna