Esnaldarren leinukoa

2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gero eta inpertsonalagoak diren gure herri eta hirietan badira oraindik, zorionez, mundu digitalizatuak erabat suntsitu ez dituen hainbat arrasto kolektibo... Horietako bat, onerako ala txarrerako, gertuko jendartearen antolakuntzan eta funtzionamenduan berezko pisua duen familiarena da. Donostian hil berri zaigun Josuren leinua, Esnaldarrena, horietako bat da, zalantzarik gabe. Gure hiriko erreferente abertzale eta euskaltzale aitortua da, besteak beste, Josuren aita zen Jesusek eginiko lanari esker.

Eta bere familiaren ezaugarri horiei ere eutsi zien Josuk bere bizitza laburregian. Euskaltzale amorratua izan zen. Azken 30 urteotan Donostian euskararekin ala euskal kulturarekin zer ikusirik izan duten proiektu eta ametsik gehienetan, denetan ez bada, ageri dela Josuren itzala, baita egitasmorik arraroenetan ere.

EHEren eskutik sortu zen Ikatz Kaleko Arrano Beltza Euskal Tokiaren proiektuan buru-belarri aritu zen lanean Josu, Donostian euskarak duen arnasgune hau dinamizatzen. Bertan, hiriko euskaldun zaharrei zein berriei euskara erabiltzeko espazio esklusiboa eskaintzeaz gain, bertatik hainbat euskarazko kultur egitasmo bultzatu zituen Donostian, Euskaldunon Egunkaria, BERRIA eta Hitzarena bereziki.

Bide horretan, azpimarragarria da Euskal Herriari lapurtu izan nahi dioten Nafarroan, Iruñean, helburu berarekin, baina beranduago sortu zuten Zaldiko Maldiko Elkartearekin Josuk finkaturiko harreman estua. Horren emaitza argia da dagoeneko «instituzionalizatu» den San Ferminetako Zaldiko Maldikoren euskal bazkarian urtero egiten dugun adiskidetze musikatua. Izan ere, Esnaldarren leinukoa zen Josu, baina baita euskal tribu parranderoko kidea ere. Festa bere ezaugarri guztietan zuen gogoko Josuk, lagun artea, elkarrizketa amaigabea, abesti saio luzea eta beti dena irrifar zabal batez hornitua.

Baina horrezaz gain, Esnaldarren leinuaren beste ezaugarriaren jabe ere bazen Josu, abertzalea zen. Eta, ondorioz, abertzaleen arteko zatiketak sakonki kezkatzen zuen. Bere aita Jesusek PNVren zatiketa gogorra pairatu zuen, eta EAren aldeko apustu irmoa egin zuen. Josu semeak, EAren eta Ezker Abertzalearen arteko haustura gainditzea zuen amets, eta amets hori errealitate bihurtzen ikusteko aukera izan zuen. Lan horretan harreman sare zabala osatu zuen bi esparru politiko zabal horietan, eta gustura aritzen zen bietan, partidu gizona ez zelako sekula izan.

Izaera ireki horrek eta urteetan osatu zuen kolore guztietako harreman sare zabalak, bere lan bizitza ere markatu zioten. Egoera berrietara zein jendarte ezberdinetara egokitzeko zuen trebetasunak bultzaturik, komertzial lanetan aritu zen azken urteetan sagardo eta gozategi eremuetan. Eta, nola ez, harreman komertzial horiek ere bere bizitzaren bi ardatz nagusietan, euskaran eta abertzalatasunean, inbertitu zituen aukera izan zuen une bakoitzean.

Baina euskal kantak dioen moduan, asko maite duenak asko sufritzen du. Eta ez daukat dudarik Josuk, asko maite zuenez, asko sufritu zuela pentsatzeko. Hizkuntza gatazkak, gatazka politikoak, pertsonen arteko ezin ikusiak, harremanen digitalizazioak... Eta hala ere, korapilo horiei guztiei eta bere osasun arazoei irrifarrez eta umorez aurre egin zien Josuk bizitza osoan, gehiegitan haserretzen garenon lotsarako.

Agur, Josu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.