Sivenseko urtegiaz

2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Sivensen (Okzitania) gertatu den hilketak frantses estatuko hiri eta herrialde asko inarrosi ditu joan zaigun aste honetan, bereziki Naoned-en (Nantes) eta Tolosan. Maiz bezala, erru gabe irten da Frantziako polizia, aldarrikatu zutelarik Fraisse ekologiazale baketsu gaztea erail zuen tresna «legearen arabera» erabilia izan dela. Cazenave barne ministroak zigor gehiago hartu beharko zituelakoan gaude militante edo pentsalari asko. Zoritxarrez, ez da lehenengo aldiz militante ekologisten aurkako eraso hilkorrak egiten direla: Vital Michalon eraila zuen 1977. urtean Frantziako poliziak; Gladys del Estal Tuteran tirokatu zuen Guardia Zibilak 1979. urtean; gertaera larri bi horietan militante baketsuak eta eskolatuak izan ziren biktimak; granada erasokor batek hil zuen Vital Melanchon, Fraisse gazteari gertatu zitzaion bezalaxe; hala ere, 1977. urtetik hona granada madarikatu hori erabiltzen darrai poliziak.

Vital eta Gladysen kasuetan oso apalak izan ziren eraileei emandako zigorrak: hiru eta hemezortzi hilabete bakarrik, hurrenez hurren. 1985. urtean, Zeelanda Berriaren eta Frantziaren arteko liskar diplomatikoak eta Parisen kinka politiko bat ezarri zituen Green Peace Warrior arazoak, baina, beti bezala, argazkilariaren heriotza eragin zuten bikote faltsua ongi atera zen nahas-mahas horretatik.

Aipatutako gertaera horiek puntu amankomun bat zeukaten, nukleartegien eta bonba atomikoaren aurkako borrokak alegia. Sivenseko kasuan, aldiz, aintzira artifizial baten eraikuntza dago auzian. Ezin da ere Naonedeko aireportu berriarekin konparatu, herri honetan aspalditik aireportu bat egonik, jende arruntak uler baitezake beste baten eraikitzea nahikeria politikoa edo handi-mandien erokeria bat baino ez dela. Okzitaniako Cominge herrialdean dagoen Charlas herritxoan urtegi erraldoi bat eraiki nahi zuten duela urte zonbait, baina eraginkortasun edo egingarritasun mailan zeuden estudioak, Gaskoiniako beste bi tokirekiko alderaketa bat egiten zutelarik. Aurkako jende asko ukan d(z)itu(en) proiektu horrek, baina haren helbururen bat idorte garaietan Golfecheko (Gaskoinia) nukleartegia hozteko ur erreserba bat egitea zelakoan.

Sivenseko urtegiak bertako nekazaritzarentzat emaitza onak ukanendituelakoan, bertako okzitaniazaleek (Partit de la Nacion Occitana-PNO) haren defentsa hartu dute. (Ikus beza web sarean irakurleak hilabete honetako azken Lo lugarn kazeta elektronikoa). Alderdi horren kideen aburuz, hain zuzen ere, kanpotik heldu puskatzaile eta sasi-ekologista batzuek zalaparta eta liskarrak ezarri dituzte. Gauza egia da hainbeste ekintza bortitzek ez dituztela gauzak konpontzen, baita ez dutela ere gazte bakezale baten heriotzak eta poliziaren sasi-errugabetasunak ez egoera hoberatzen. Baina, kasu, puskatzaile porrokatu horien artean polizia infiltratuak omen daude.

1972. urtean Larzac-en gertatu ez zen bezala, ezin dezakegu uka Sivenseko urtegiak ondorio onak ukanen dituela, bertako nekazari batzuek onartzen dutelako. Baina zer nekazaritza mota zerbitzatuko duen jakin beharko genuke, eta bereziki bertako nekazarien borondatetik joan beharko du ebazpen horrek. Zer da egiazki proiektu horren helburua? Probetxuzko nekazaritza baten garapena ala laborantza iraunkor baten babestea?

Nire ustez, bigarren hautakizunari eman behar zaio lehentasuna. Hau da, ikerketa lanek zuketen hutsunea. Nire ofizioaren esperientziak erakutsi dit ingurumen ikerketarik gabe edozein proiekturi (aireportu; bide; urtegi) ezin zaiola baimena eman, areago ingurumena babesteko legeak agertu diren 1983tik hona. Hortaz, ez da batere normala Sivenseko lanak hasi izana Ingurumen Ministerioak bere baimen osoa emateke. Mementokoz lanak horretan geldi daitezela, ingurumen azterketak berregin eta errebisa ditzatela.

Gogoratzen naizenez, duela berrogei urte Gipuzkoako Ormaiztegi-ko bailaran urtegi handi bat egin nahi zuen Madrileko Gobernuak; bertako biztanleak naski kontra jarri ziren; orduan Eraiki Donostiako bulego batek frogatu zuen leku berean hobe zela urtegi txiki batzuk egitea, erraldoi bat baino. Sivenseko aferan ildo horretatik ibiltzea gauza baikorra litzatekeelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.