Izaskun Landaida Larizgoitia.

Berdintasuna, osasunaren babesgarri

2015eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gaurkoa Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna da, egun aproposa honako hau gogorarazteko: osasuna giza eskubide bat da, herritar guztiena, eta herritarrak esaten dugunean, beharrezkoa da kontuan hartzea gure gizartea osatzen duten pertsonek premia desberdinak dituztela eta ez dituztela baldintza sozioekonomiko eta kultural berberak.

Emakumeak eta gizonak desberdinak gara biologikoki, eta beharrezkoa da hori kontuan hartzea osasunaren eremuan erabakiak hartzerakoan; baina, horretaz gainera, gizartean eraiki diren desberdintasunek ere ez dute berdin eragiten gure bizitzetan, eta, ondorioz, gure osasunean ere ez. Bai ezberdintasun biologikoek eta bai gizarteak eragindakoek ondorio ezberdinak dituzte batzuengan eta besteengan.

Askotan emakume eta gizonak berdinak balira bezala tratatzen dira, beraien gaixotasunen seinale eta sintomak desberdinak diren arren, eta modu ezberdinean tratatu beharko liratekeen arren. Kontrakoa ere gertatzen da: tratamendu bera behar duen sexu ezberdinen arteko egoera antzeko baten aurrean, modu ezberdinean jokatzea. Emakume eta gizonen osasunari buruzko ezagutza nahikoa izateko guztiz beharrezkoa da ikerketa epidemiologikoetan sexu ezberdinetako pertsonak erabiltzea eta genero-ikuspegia txertatzea ikerketan, prebentzioan eta arretan, bai eta osasun-arloko politika guztietan ere. Hau da, ikuspegi biomediko batetik ikuspegi bio-psikosozial batera pasatzea.

Emakume gehienen osasuna determinatzaile soziekonomiko eta lan-arloko determinatzaile batzuen mende dago; esate baterako: emakumeek errenta txikiagoak dituzte, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketaren maila handiagoak, emakumea buru den guraso bakarreko familien ehuneko handiagoa da, estaldura txikiagoa dute gizarte-segurantzaren arloan, ordainketa-maila txikiagoak dituzte, pentsio txikiagoak, eta karga handiagoa hartzen dute pertsonak zaintzeko eta etxeko lanak egiteko zereginetan. Faktore horiek kontuan hartzea oso garrantzitsua da osasun-kontuetan esku hartzen denean, desberdintasun horiek zuzenean eragiten baitute emakumeen osasunean.

Halaber, ez dugu ahaztu behar gure gizartean emakumeek funtsezko zeregina betetzen dutela osasuna zaintzeari dagokionez; izan ere, emakumeak arduratzen dira familiako eta inguruko jendearen osasuna zaintzeaz, eta egoera hori kaltegarri izan daiteke emakumearen beraren osasunerako, bere buruaren ongizatea alde batera uzten baitu beste pertsona batzuk zaintzeko. Alde horretatik, guztiz beharrezkoa da emakume eta gizonen artean banatzea ez bakarrik ordaindutako etxetik kanpoko lana, baizik eta zaintza lanak ere.

Beharrezkoa da, orobat, emakumeen osasunarekin loturiko eskubide batzuk defendatzen jarraitzea: besteak beste, sexu- eta ugalketa-eskubideak. Une honetan, zalantzan jartzen ari dira eremu horretan azken hamarkadetan lortutako aurrerabideak, eta horrek mugatu egiten du emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko eta hautatzeko duten askatasuna.

Horretaz gainera, ezin dugu ahaztu oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria dagoela bizi garen gizarte honetan. Gure osasun-sistemak aurrera jarraitu behar du indarkeria jasaten duten emakumeei arreta koordinatua eta eraginkorra ematen eta indarkeria garaiz atzematen laguntzen saiatzen.

Aipatutako faktore horiek guztiek ez dute berdin eragiten emakume guztiengan. Beste osasun-determinatzaile batzuk ere badira, hala nola adina, gizarte-maila, jaioterria, aniztasun funtzionala..., eta horiek, sexuarekin eta aipatutako genero-baldintzatzaileekin batera, funtsezko eragina dute osasunean, eta estrategia guztietan hartu behar dira kontuan: bai prebentzio-estrategietan, bai osasun-arretako estrategietan.

Euskadin, osasun arloak aurrera egin du bere politiketan genero ikuspegia txertatzen. Gaur egun kontuan hartzen da osasun planifikazio eta kudeaketan eta honek bere eragina eduki du arreta ematerakoan. Honekin batera, genero ezberdintasunei buruzko ikerketa epistemiologikoez gain, eta generoa kontuan hartzeko egin diren gidez gain, egungo Osasun Planak (2014-2020) kontuan hartzen du genero ikuspegia. Osasun arretaren ebaluazioari dagokionez ere, berdintasun mailaren eboluzioa neurtzeko adierazleak sartu dira.

Ahalik eta osasun-mailarik handiena lortzeko, osasun-arloko politikek aitortu beharra daukate emakumeek eta gizonek, dituzten desberdintasun biologikoak eta gizartean eraikitako desberdintasunak direla-eta, premia, oztopo eta aukera desberdinak dituztela.

Gizartean dagoen aniztasunak ideia hau berrestera garamatza: eredu berdinzalea gizartea osatzen duten pertsonen osasuna babesten duen faktore bihurtu da; izan ere, eredu horrek emakumeek eta gizonek dituzten premia desberdinak kontuan hartzen ditu estrategiak diseinatzerakoan; pertsonen arteko harremanak errespetuan eta berdintasunean —eta, ondorioz, genero-indarkeriarik ezean— oinarritu daitezen bultzatzen du; mendeko pertsonak zaintzeko zereginetan erantzukidetasunaren alde egiten du... Azken batean, berdintasunak osasuna ere babesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.