Albistea entzun

Puta baten istorioa

Oihana Etxebarrieta Legrand - Bilgune Feminista

2015eko ekainak 2

Demagun orain kontatzera noan hau nire istorioa dela. Demagun txikia nintzelarik ikerketa eta deskubrimendu garai paregabea izan nuela, kalean lurrean topatzen nuen guztia ukitzen nuela, poltsikoetan gordetzen nuela eta gero, etxean, lanak izaten zituztela txikleak, klipak, barraskiloak eta harriak poltsikoetatik kendu ahal izateko. Demagun auzoan alde batetik bestera ibiltzen nintzela eta auzotarren etxeetara hurbiltzen nintzela merienda goxoenaren bila. Demagun etxekoek hori guztia onartzen zutela, «grazia» egiten ziela eta lasai asko egunero-egunero hori egiten jarrai nezakeela. Baina demagun deskubrimendu eta auto-plazer bilaketa horretan nire klitoria eta bagina ukitzen hasi nintzela, eta asko gustatu zitzaidala. Plazer iturri handia eta nirea zela konturatu nintzela, eta horrela masturbazioa topatu nuela, kuxin batekin, sofaren besoekin, ohean, eskuarekin... Demagun dena primeran joan zela heldu batek «Atera eskua hortik, zikina da!» esan zidan arte. Demagun egun horretan ikasi nuela nire alua zerbait zikina zela (lurreko txikleak baina gehiago!) eta masturbatzeari utzi niola.

Demagun urte batzuk beranduago, institutuan nengoela, mutilekin ligatzen hasi nintzela. Lagun guztiek harremanak zituzten, eta ni atzean geratzen ari nintzela; beraz, nire lehen muxuak bilatzeko irrikitan nengoela. Baina ezin nuela gehiegi ikusarazi ligatu nahi nuenik, ez nuela lehen muxu horiez gain askoz gehiago eskatzerik, ezin nuela gaur batekin eta bihar bestearekin probatzen ibili... Sexualki aktiboa bai (bestela moja bat nintzateke) baina ez gehiegi izan behar nuela, ezin nuela puta bat izan. Hortxe zegoen nire marra. Demagun beldurra nuela marra hori zeharkatzeko, emakume onaren eta txarraren arteko marra zeharkatzeko. Marra hori sexualitatean, gorputzaren ezagutzan eta plazeraren kudeaketan markatua zegoen. Beraz, demagun sexu-heziketa egitera etorri ziren gazteek masturbatu eta klitoria ikusi, ukitu eta maitatu behar genuela esan zigutenean klaseko guztiek barre egin genuela.

Demagun zenbait urte beranduago, unibertsitatean, mugimendu feministan ibiltzen hasi nintzela eta gure herrian erakusketa bat antolatu genuela herriko historiako emakumeak itzaletik argira ateratzeko. Demagun fabrika bateko emakumeen argazkiak bildu genituela, eta ikasi genuela emakume horiek frankismo garaian lantegietan ibili zirela, askotan seme-alabak bakarrik hezten zituztela, eta, gainera, sindikatu eta haien eskubideen alde borroka egin zutela. Demagun, argazki horiek erakusten ari ginela emakume nagusi bat hurbildu zitzaidala, eta esan zidala emakume langile horiek putak zirela esaten zela herrian. Esan dezagun egun horretan konturatu nintzela puta estigma, sexualitatetik harago, sistema oso bat mantentzeko estigma bezala erabiltzen zela, familia heterosexualaren barruan lan banaketa eta rol banaketa konkretuak egiteko ere balio zuela, emakumeak etxean mantentzeko, ekonomikoki aktiboak ez izateko, botere harremanen baitan menpeko izateko.

Demagun hau guztia niri gertatu zitzaidala, edo zuri. Sistema heteronormatibo baten barruan, seguru zuri ere gertatu ahal izan zaizula. Emakume guztiak bestearen, txarraren beldurrarekin hezi gaituzte, izan behar ez dugun horren baitan. Gure heziketa guztia puta izendatuak izan ez gaitezen bideratu dute. Horrek, gainera, kolektibo konkretu baten estigmatizazioa ekarri du. Bizi txarreko emakumeak, kontrolatuak eta lanbide okerrekoak... Zenbat aldiz entzun ditugu hitz horiek sexu langileez hitz egin dugunean? Biktimizazio horri aurre egiteko bide ezberdinak hartu dira. Bata, zenbait instituziok hartu dutena, politika asistentzial eta geroz eta punitiboagoak sortu dituena. Aurre egin baino gehiago, biktimizazioan, estigmatizazioan eta zigorrean izan du oinarria. Bestea, antolakuntzaren eta saretzearen bidea izan da. Azken urteetan sexu langileen eta haiekin lan egiten duten zenbait elkarteren arteko aliantzak direla medio, sexu langileen sindikatuak, elkarte feministak... sortu dira, haien ordez hitz egiteari utzi eta haiek ahots propioarekin hitz egiteko. Euskal Herrian, Gu Gaitun elkartearen sorrerak sexu langileekin lan egiten duten talde ezberdinen koordinazioa bultzatu du, eta bide luzea opa diogu! Mugimendu horiek guztiek egin dezaketen lana handia da, alde batetik sexu langileek duten egoera eta eskakizunak elkartu eta borrokatzeko, baina baita gure buruetan oraindik dagoen marra hori deuseztatzeko ere. Baina ezin dugu mugimendu horien gain utzi ardura guztia. Gurea ere bada. Prostituzioaz, putez, estigmez... hitz egin behar dugu. Ikusarazi, salatu eta eraldatu behar ditugu. Edo gure egin. Queer mugimenduak egin zuen bezala, hitzak bereganatuko ditugu, eta puta izateak sexualki askea, independentea, norbere buru eta gorputzen jabea, langilea, sistemaren kontrakoa... izatea esan nahi badu, ni ere puta bat naiz.

Demagun hasierako historia imajinatu besterik egingo ez dugun eguna iritsiko dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.