Saben aquel que DUI...

Joseba Barandiaran

2017ko abenduak 7
Ados. Kontua ez dago txisteetarako. Barkatuidazue Iparraldeko irakurleok gainontzekoak harrapatzeko aipamen pelagikoa eta, hegoaldekook, Eugenio txiste kontalari kataluniarraren burlaizezko erreferentzia.

Ni ere miretsita nago orain arte Kataluniak egin duen erakustaldiarekin. Bortizkeriarik gabeko nor izan (nahi) argi bat plazaratu du. Aurrera ere balioko dio, historiarako pasartea utzi baitu 2017ko saiakerak. Bozka paperak eskuan, estatuari aurre egin dio jendetza mobilizatuz eta, beste behin ere, estatuaren erraiak bistarazi. Kontadoreen herria garenez (AlFREEdorena, Altsasuko Gurasoena...) eta, lehendik, inguruan ezin konta ahala injustiziaren berri izanik, Piolinenak ez gaitu euskal herritarrok lar harritu. Baina argi gelditu da Espainiako Estatuak bere burua defendatzeko nazionalismo uniformizatzaile zapaltzaileena ere baduela bere baitan: armada armatu, juridiko eta mediatikoaz gain, TV3, hezkuntza katalana edo demokratikoki esleitutako gobernua bera noiznahi eta nolanahi begitan har ditzakeena. Gurean aldebikotasunaren apostolu direnentzat ere bada irakaspena.

@zaldieroa guk ere Durangoko azokarako liburua atera dugu UEUrekin, Eskozia eta Kataluniako irakaspenez hausnar, zelanbait, teorikoekin. Baina egunez eguneko gertakariek bi galdera ikur multzo utzi dizkigute, praktikan, abenduak 21ean nekez argituko direnak:

Kataluniako independentismoak duen babes handia, jarlekuetan handiagoa bozetan baino, nahikoa al da Europan estatu berri bat sortzeko? Gehiengo nabarmena, argia, kualifikatua ez ote da ezinbesteko horrelako prozesu bat arrakastaz burutzeko? Aurrekari gisa lekarkeenak ez ote dio Europako Batasunaren baitako babesa hagitz mugatu? Estatuen klubak status quoa lehenesten duela, alegia.

Ez ote dira (gara) horrelako prozesu baterako aberatsegi? Alegia, zer galdua izatearen bertigoak ez ote du zenbait independentisten gogoa nabarmen epeldu? Bila ibili gabe topa litezke, akaso, erantzunak. Gerra edo pobrezia egoera (mehatxu) nabarmenik ezean, gai ote da egungo gizartea errepublika baten erditzeak eragin ditzakeen epe laburreko minak epiduralik gabe gainditzeko? Gasteiz osoa ez baita Errekaleor!

Enpresa egoitzen ihesak epe laburrean duen eragin praktiko eskasa puztu beharrik gabe, garbi dago egongaiztasun eta ziurgabetasuna luzaz bizitzeak kalte eginen diola Kataluniako ekonomiari. Eta independentziazaleen benetako gehiengo koalifikaturik ezean, ez dirudi korapiloa azkar desegitekoa denik. San Tomasez ikusi behar, ebaztekotan.

Nolanahi den, proc├ęs-ean inbidia gehien piztu didana, euren hizkuntzaren hegemonia erakustaldia izan da. Bartzelonatik Bruselara eta mundura, katalanez edo tokian tokiko hizkuntzaz eman eta zabaldu dira. Nortasunez. Gu, aldiz, kapaz gara Quebecera joan eta espainiarrengandik zein ezberdin garen saltzen saiatzeko, zer eta gazteleraz. Euskal unibertsitate publikoan erdal lerroetan matrikulatzen den herria gara. Neu Joxe Manuel Odriozolaren galderak kezkatzen nau gehien: nora goaz euskalduntasun honekin? Inora ere ez (Youtuben ere ikusgai). Arraina sukaldatuta baina, egia gordin gustatzen bazaizue, egiozue kasu. Umore, amore, more, gore.

Ni ere sumintzen nau tarteka EITBk. Eta ulertzen ditut Miren Maniasen-eta kritikak. Baina gurean Chiquito de la Calzada Julen Kaltzada baino ezagunago ez du telebista horrek egin. Non gauden eta nora joan nahi dugun, biak argi ikusi beharra dugu, bidea finkatzeko. Non gauden, nor garen, zerenak garen: The importance of belonging deitu dio, Sheffield hizpide, Paul Collier Oxfordeko irakasleak. Atturritik Ebrorakoak bizi ote gaituen... edo ETB-2tik Tele5erakoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna