Catalunya, bigarren aukeraren atarian

2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Oriol Junqueras Estremeran mantentzea erabaki duen egunean ari naiz idazten. Egia izan arren, haserre nagoela esateak ez du deus balio, arazoa politikoa delako, eta politikan erabakiek dute garrantzia. Estatuak independentisten aurka gogor jokatzea jarrera arruntena eta espero zitekeena da, kontuan harturik espainolena, oro har, herrien askatasunean sinisten ez duen kasta politiko bat delako.

Catalunyako prentsa, paperekoa eta digitala, irakurrita, independentistena batik bat, gehien harritzen nauena da ez zaiela kaskoan kabitzen estatuak bere egiturazko tresna guztiak, indarkeria sinbolikoa eta fisikoa barne, jokatzeko gaitasuna eduki ez ezik erabiltzeko erabakimena daukala, eta beraz, behin eta berriro erabiliko duela hordagoa jotzen diotenen aurka, kasu honetan independentista katalanen aurka. Gutxi begiratu diote Euskal Herriari!

Catalunyako elite politikoak uste du nahikoa dela eskubideak edukitzea, gehiengoaren jabe izatea, hauteskundeak irabaztea, mendebaldeko demokrazia giza eskubideen gainean eraikita dagoela eta horrekin koherente izango dela, izan behar duela. Bada bistan da ezetz: araudi juridiko-politikoan zehatz-mehatz jaso gabe dauden eskubideak (autodeterminazio-eskubidea, adibidez) ezin dira egikaritu araudi horren onespenean, haren desobedientzian baizik.

Oso ongi formulatu zuten katalanek orain hilabete batzuk: «Guk herriaren erabakiari obeditzen diogu». Obedientzia horrek, ordea, ezinbesteko korolarioa dauka: haustura eskatzen du (desobedientzia, alegia). Bidea ez da legetik legera (hori egin zuten espainolek «trantsizioa» deitzen duten une politikoan, eta egoera demokratikoa lortu ordez postfrankismoa irabazi zuten, guztion kalterako); (irten)bidea, beraz, lege zaharra gainditzean datza, alegia lege zaharra baztertu eta berria mamitzean. Kostata, jakina, prezio altua ordainduz.

Iruditzen zait politikari katalanak oraindik ez direla jabetu prezio hori ordaintzeko prest dagoen belaunaldi oso bat behar dutela kasurik txarrenean, eta hasi baino ez direla egin Oriol Junquerasek epaileen erabakia jakin orduko eman duen aholkuari jarraitu nahi badiote: «Persistiu, perquè jo persistiré». Indar subiranisten artean azken asteotan izandako ika-mika lotsa-emangarriak ikusita (botere-gose, zerrenda bakarrari uko egitearen ondorio, nire ustez) ez da oso garbi ikusten zer esan nahi duen aholku horrek, jarraitzeko alegia, baina, 2017ko Urriaren 1eko espirituari leial izatea esan nahi badu, debalde ez zaie aterako estatuari aurre egiteko behar den kemena.

Ez-indarkeria aktiboaren bidea

Pasa den azaroan egunkari honetan bertan idatzi nuen artikuluan (Catalunyako prozesua indarkeriarik gabeko ikuspegitik begiratuta), Generalitateko instituzioak defendatzeko elite politikoek, herritarrek ez bezala, erakutsi zuten ahalmen eskasarekin etsita, nioen: «Laster izango dute bigarren aukera», eta hementxe dago, hurrengo asteotan izango da. Eurek erabaki beharko dute zer egin, hasteko nola berreskuratzen dituzten instituzioak, baina zilegi bekit egunotan irakurri dudan artikulu bateko zati batzuk hona aldatzea, juxtu une honetan esan nahi dudana adierazten baitu (Joan-Lluis Lluís, No-violència activa o rendició. Vilaweb: 2017-12-31). Generalitateak Catalunya Nord-en, Perpinyan, duen egoitzan lan egiten duen idazle horrek dioenez, «gobernu espainolak, indarkeria sistematikoaren mehatxuz, lortzen badu Catalunyan inor ez ateratzea legalitate espainoletik, betiko irabaziko du». Beraz, «aurrera ateratzeko dugun modu bakarra ez-indarkeriaren bidea onartzea da, eta ez da bide pasiboa. Ez-indarkeriak esan nahi du egungo legeak ez obeditzea eta horren ondorioak jasotzeko prest egotea; kartzela eta polizien indarkeria, alegia». Biolentzia erabiltzea gaitzetsiz eta, independentzia lortzeko bada, elkarrizketa posiblerik ez dagoela estatu espainolarekin, ez-indarkeria kolektiboa eskatzen du Lluisek, ez jarrera isolatu eta testimoniala. Izan ere, «legalitate espainola akatatzen den bakoitzean ahulezia-adierazpena ikusten du estatu espainolak, eta horrek gero eta errukigabeago, harroxko eta biolentoagoa izateko eskubidea ematen dio. Obedientziak, beraz, errepresio gehiago ekarriko du, amore emanarazteraino edo gu hondakin bihurtzeraino». Beraz, eta bukatzeko, «onartu besterik ez daukagu», dio idazleak, «berriro antolatu eta arriskuan jarri beharra daukagula [...] estatu-biolentzia gehiago egongo baita». Ideia hau gurera ekarriz, bitxia egiten zait antzematea, garai batean, biolentzia armatuaren aroan alegia, ez-indarkeriaren bidea irtenbide bakartzat proposatzen hain aktibo ibili zirenak orain mutu daudela, gure politologoek ez dutela orain (juxtu behar denean) era horretako proposamenik plazaratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.