Etsipenik ez: matxinada

Marivi Erdozain, Jose Mari Egillor, Patxi Erdozain
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat urte daramatzagu %0,25eko ez-igoera horrekin. Baina, aurten, zerbait berria gertatu da. Han eta hemen erretiratuen elkarretaratzeak sortzen ari dira, eta deialdi anonimoek ere lortua dute taldean bil gaitezen eta jendaurrean adieraz dezagun Espainiako Estatuaren jarrera zital hori gaitzesten dugula. Eta atsegina da ikustea nola ari garen aldatzen etsipenetik protestara. Etsiz gero, erabiliak izatera kondenatuak gaude, bizi baldintza gero eta kaskarragoak izatera.

Badakigu, halaber, zaila dela erretiratu guztiak zahartzaroan modu duinean bizi ahal izateko baldintzak lortzea. Politikaren hariak eta, batez ere, ekonomiarenak gobernatzen dituzten horientzat, eraman beharreko zama bat baino ez gara. Helburu bat dute: zama hori ahalik eta arinena izan dakiela.

Garai interesgarriak dira, ez bakarrik protesta egiteko, baizik eta hitz egiteko, bai erretiratuta gaudenon artean eta bai aurki erretiratuko direnen artean, elkarrekin hitz eginez irtenbide bat aurki dezagun. Ezin dugu espero kaskartze etengabe honen eragileek berek konpon diezaguten arazoa.

Irtenbide faltsuak eskaintzen ari zaizkigu, edo, orain esaten den moduan, ibilbide motzekoak.

Hala, Toledoko Ituna eguneratu beharraz hitz egiten ari dira; bilera amaiezin bezain ezezagunetan, ekonomiaren jabeen interesei fidel zaizkien «jaun gorbatadun» batzuk ahalegintzen dira bateratzen pentsioen erreformaren bat eta bere jabeen interesen babesa. Helburu ezinezkoa.

Aldez edo moldez, esaten ari zaizkigu itsulapikoa husten ari dela, eta, beraz, etorkizun beltza marrazten digute. «Ahal duenak ahal duena»: soldata ona dutenek izena eman dezatela plan pribatuetan —a zer mauka bankuentzat—, eta soldata onik ez dutenak, ongintzara. Eta, orduan, makila magikoak esaten digu kotizazio gehiago izaten denean eta itunak hobetzen direnean berriro beteko dela itsulapikoa, konturako ez baldin bagina bezala langabeziaren, behin-behinekotasunaren eta soldata txarren erantzule horiek berak direla, aldi berean, gure pentsioak kaskartzearen eragileak ere.

Ematen dituzten bueltak ematen dituztela, aberastasuna justuki banatu beharra dago. Ez da txikitu aberastasuna; handitu egin da hura esku bakan batzuetan pilatzeko gosea, politikarien oniritzia lagun. Kontrolatu egin behar dira aberastasun pilatzaile horiek, eta zerga sistema justu baten bidez behartu gizarte osoaren bizi baldintzak hobetzen laguntzera. Eta, gaur, hori egiteko modu bakarra dago: hemendik, gure herritik. Guk, erretiratuok, zahartzaro duin bat defendatuz, beste fronte batzuetan borrokatzen direnenganako elkartasunez, eta gure parlamentuari eta gobernuari neurriak harraraziz bide horretan.

Bide horrexetatik jo zuen, duela urte batzuk, Nafarroako emakume alargunen mugimenduak, eta, etengabe mobilizatuz, pentsioak hobetu ziezazkien behartu zuen parlamentua.

Azkenaldian, laukoak urratsak egin ditu bide onean, eta pentsio txikiak Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko erabakia hartu du.

Ez da inolako panazea. Batetik, egunez egun ari gara ikusten nola Madril erne dabilen beren interes ekonomiko eta aberkoien kontra eman dezakegun edozein pauso galarazteko; baina, bestetik, hemen ere kapitalaren indarrak ongi errotuak daude beren irabaziak defendatzeko prest.

Erabakitasuna beharko da. Eta etengabe mobilizatuz bakarrik lortzen da hori.

Berretsi egiten dugu eskutik helduta doazela gure herriaren subiranotasunaren aldeko borroka eta justizia soziala. Gaur, ez dugu beste biderik ikusten.

Mobilizatzea dagokigu, eta konponbide horien inguruan eztabaidatzeko foroak sortzea.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.