Katalunia: orain zer?

2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Galdera hori une oro darabilgu buruan biraka azken egun, aste, hilabete eta urteetan. Ezohiko egoera egunetik egunera geroz eta ezohikoagoa da, bere konplexutasunean ulertzea zailtzeaz gain, hiritar gisa haren aurrean posizionamendu bidezkoena zein den argi ezartzea ia ezinezkoa eginez. Hamalau urteren ostean (lehenik Estatut berriarekin, ondoren procés-arekin), beste garai berri batean sartzen ari garela da ziur jakin dezakegun bakarra, honek erpin asko dituen arren.

Epaitegien kasuan, geroz eta ageriago geratzen ari da bide judiziala hartzen ari den norabidea ez datorrela zuzenbidearekin bat. Hori esateak ez du tartean dauden epaitegi eta epaile horien zilegitasuna edo garrantzia zalantzan jartzearekin zer ikusirik. Ez eta demokrazia batean legeak berebiziko garrantzi duela onartzearekin ere. Epaitegietan hartzen ari diren erabakiek, Llarena epailea zuzentzen ari den auziaren kasu eztabaidagarrienean ere, zuzenbide itxura daukate. Izan ere, epaitegiek kasu bat edo batzuekiko erabaki okerrak edo bidegabeak hartzeak ez du esan nahi sistema osoa okerra edo bidegabea denik. Horregatik beragatik erabaki oker nahiz bidegabeak hartzen dituzten haiek ere itxurak mantendu behar dituzte. Hori ez dago zalantzan. Sakoneko arazoa epaitzen ari diren gertakarien berreraikitzea eta lege horiek aplikatzeko orduan estatuaz, demokraziaz ala eskumenez epaileek agerian uzten duten interpretazioa izango litzateke. Hau da, ez dago Estatuko epaitegi, lege ala epaileen papera ala zilegitasuna bere osotasunean zalantzan jarri beharrik kasu honetan edukitzen ari diren jokabide desegokiak identifikatu eta salatzeko.

Zorionez hiritarrok ez gara Estatuko hiritar hutsak: nazioarteko hiritarrak ere bagara. Horrek betebehar eta eskubideen ikuspegitik Estatutik haratago doazen estandar batzuetara lotzen gaitu. Kasu honetan, Nazio Batuetan, Europar Batasunean eta Europar Kontseiluan ezartzen diren estandarretara, hain zuzen ere. Esparru horietan dagoeneko abian dira Estatua gatazka katalanari ematen ari zaion erantzunaren inguruko salaketak. Salaketa horiek ez dute independentziaren inguruko auzirik nahi. Ez eta agintari independentistek unean-unean hartu dituzten erabakien legaltasuna bere osotasunean epaituko. Aurreko puntuan esan gisan, bidezko prozesu bat egongo dela bermatuta badago behintzat (orain arte ez baita hala izan), estatuko epaitegietan ebatziko da desobedientzia, prebarikazioa ala diru publikoen erabilera bidegabea egon ote den, hiritarrok epai horren inguruan daukagun iritzia daukagula. Arazoak, baina, eta hau ozen esan beharra dago, biolentzia eskatzen duen matxinada egoztean datza. Hortik abiatuta garatzen diren eskubide urraketak izango dira nazioartean ebatzi beharko direnak. Zer esanik ez hiritar anonimoen, ikertzaileen, komunikabideen, enpresen ala erakunde zibilengan ikusten ari garen jazarpenak. Hor egongo litzateke nazioarteko esparruan egongo diren garapenen gakoa: jokabide horiek Estatu beraren zilegitasuna zalantzan jartzen baitute, gai honekiko behintzat.

Nazioartean salatzen ari diren bidegabekeriek zalantzarik gabe Kataluniako erakundeetan eragina dute. Izan ere, erakundeak gizartearen isla dira: geroz eta gehiago aztoratu gizartea, orduan eta zailagoa izango da erakundeetan gatazka politikoak normaltasunez bideratu ahal izatea. Kasu honetan, gainera, erakundeekin ez gara besterik gabe Parlamentuaz ari (155. artikuluaren ondorioz Gobernu ezean), alderdi politikoez ere ari gara. Erakundeei berezko normaltasuna ukatzen zaienean, alderdiak gizartearen mugimenduen aurrean askoz sentikorragoak dira. Zentzu horretan, gaur egungo legebiltzar katalanean ardatz nagusia ez dira alderdiek ustez ordezkatzen dituzten ideologiak. Horren ordez, bi ardatz iragankor dauzkagu: nazionala eta demokratikoa. Orain arte, azken zazpi urteetako prozesu honetan zehar, ardatz nazionala izan da nagusia. Orain, aldiz, badirudi ardatz demokratikoak hartuko duela lehentasuna, horretan autodeterminazioaren aldarrikapena nola bideratuko den ikusteak berebiziko garrantzia izango duelarik. Kapaz izango al dira gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapenak jaso eta autodeterminazioa gauzatzen duen proiektu batean ez nahitaez estatu independente bilakatzea aldarrikatuz, hori a priori alboratu behar ez den arren biltzea? Hori izango da, agintarien izenak eta alderdien siglak baino gehiago, epe erdian eta normaltasuna berreskuratzeko bidean, erakunde katalanek izango duten erronka nagusia. Eta, zalantzarik gabe, orain arte ikusi ditugun hainbat epe motzeko politika buruarin, oldarkor eta inprobisatuak behingoz albora uztea eskatuko du.

Azkenik, gizarte zibila dugu, hain zuzen ere erakunde horiek nolabait bideratu beharko duten gizarte zibil anitz hori. Gatazka honen guztiaren gakoetako bat hau izan da ziurrenik: estatuko botereetatik ez dela gizarte katalan hori ezagutu nahi izan. Gizarte hori ez da independentzia aldarrikatzen duten hiritarrena soilik, noski. Ez eta egunerokotasunean katalanez diharduen gutxiengo anitz baten ondasuna ere. Gizartea hiritar katalan guztiek eta euren arteko harremanek geroz eta gehiago lurraldera mugatzen ez direnak osatzen dute. Gatazkaren funtsa zera da: gaur egungo gizarte katalanaren zati handi batek, euren identitatea dena delakoa dela, hiritar espainiar izatea eurek gizarte katalana bizitzeko duten erarentzat oztopo bat dela uste dutela; are gehiago, gizarte katalana nahi duten eran bizitzea galarazten diela. Hor egongo litzateke gizarte katalanak ordura arte Estatu barnean gauzatzen zuen autodeterminazio aldarrikapena independentzia aldarrikapenarekin lotu izanaren arrazoi nagusietako bat. Autodeterminazio aldarrikapen hori era zilegi bezain baketsuan aurkeztu den heinean, lortuko al du Estatuak bideratzeko gai den proiektu kooperatibo bat aurkeztu, negoziatu eta adostea ala gatazka hutsaren logikan mantenduko da? Eta, bigarren aukera horretan mantentzea erabakiz gero, zenbat preso politiko jasan ahalko ditu bidean? Zeren eta gizarte zibilaren gehiengo oso nabarmenak ez dio autodeterminazioari uko egingo. Askok, geroz eta gehiagok, independentzian ikusten dute irtenbide bakarra, oraindik gehiengoa izan ez arren eta, are garrantzitsuagoa, nola gauzatu jakin ez arren. Emango al die Estatuak irtenbiderik ala jazarpena besterik ezin dute espero? Hor egongo da izenburuko galderari erantzuteko gako garrantzitsuenetako bat. Espero dezagun Estatuan behingoz karikaturak utzi eta honetaz jabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.