Tasio Erkizia.

Diruaren tirania, eta Tsiprasen okerrak

2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Zazpi hilabete iraun du soilik Tsipras agintariak Greziako gobernuan, jadanik berriro ere hauteskundeetara deitu duelarik irailerako. Duela zazpi hilabete Europako mugimendu askorentzat esperantza zena galdera ikur lausoan bilakatu da, zer esan ez dakigula utzi gaitu ezkerzaleok. Esperantzatik desilusio bidean goazela esatea gehiegizkoa da? Agian lehen ez zeuden esperantzarako nahiko motiborik eta orain ez da dena galdutzat jo behar.

Ziurrenik egia da, baina, halere, aitortu behar dut, nire uste apalean, atzera pauso nabarmena izan dela Syrizak eman duena. Tsipras gobernuan mantendu arren hurrengo hauteskundeak irabazita, iruditzen zait Grezian ezker berria sortze bidean aukera ezin hobea galdu dela eta ezkerzaleen sinesgarritasuna oso ahuldurik geldituko dela herritarren artean. Egoera aztertzeko, faktore desberdinak izan behar dira kontuan, noski, tartean Europako gainerako ezkerzaleek bere gain hartu behar dituzten erantzukizunak.

Europan, ezker berri baten ilusio argia piztu zigun Syrizak eta zazpi hilabetera nora ezean dabilen ipurtargia besterik ez zaigu gelditzen. Europako banketxe eta multinazionalen diru egarria aseezinari aurre egiteko prest zeuden zuzendariak izatetik beraien postuetan mantentzeko ezer gutxirako balio duten hauteskunde berriak deitzeraino. Zerk huts egin du? Zuzendaritzaren balentria ezak, indar korrelazioa gaizki neurtzeak ala gauza biak?

Bistan da diruaren tirania izan dela irabazle, kosta ahala kosta banku handiak eta FMI izan direla baldintzak inposatu dituztenak. Izugarria izan da Tsiprasen gobernuari egin dioten jazarpena, gobernura heldu aurretik eta ondoren; Europarekin negoziatzerakoan; Greziako Erreferendumaren inguruan eta oro har ezkerzaleen gobernuaren aurka. Diru etxeek, agintariek eta komunikabideek, guztiek batera benetako «estatu kolpea» eman dute Grezian, tankerik eta militarrik gabe baina faltsukeriaz eta gezurraz armaturik, manipulazioa erabiliaz estrategia gisara. Izugarria da banketxe eta dirudunek beraien tirania defendatzeko erabiltzen dituzten presioa eta manipulazioa, betiere jazarpen horiei «itxura demokratikoa» emanez!

Eta zer esan Syrizaren jokaeraz? Pertsonak eta jarrerak zorrotzegi juzgatu gabe, urrunetik errazegia delako besteak kritikatzea, badaude ukatu ezin diren bi datu aski objektiboak azpimarratzekoak. Lehenik, duela zazpi hilabete egindako promesak, saiatu arren, ez dituztela bete; eta bigarrena, erreferendumean herriak esan zuena ondorengo negoziazioan ez dela errespetatu. Lehen datari dagokionez, ulertzen dut hauteskundetako zenbait eskaintza, asmo onekin egindakoak, bete ezinekoak bilakatu zaizkiela; gainera, denbora gutxi izan dute bete ahal izateko agindutako guztia, eta aitortu behar da hasieran hartu zituzten hainbat neurri aurrerakoiak oso itxaropentsuak izan zirela.

Erreferendumari dagokionez, aldiz, askoz kritikoago naiz Tsiprasen jarrerarekin, bere eskariz herritarrek emandako iritziaren aurkakoa onartu duelakoz hurrengo egunetan hartzekodunekin izandako negoziazioetan. Syriza alderdiak herriari eskatu zion Europak inposatu nahi zizkien neurriak onartu ezinak zirela, eta herritarren % 60ak babesa eman zion. Jarrera hori herritarrei eskatzerakoan, ezagutzen zuen Europako diruzaleek egingo zioten presioa eta zer-nolako indar erlazio zegoen, eta, beraz, behin herriari jarrera hori eskatu ondoren, berak heldu behar zion agindu horri eta errespetatu. Herriari iritzia eskatzea, hurrengo egunetan kasurik egin gabe jokatzeko, ez da onargarria. Tsiprasek erreferenduma Troikari aurre egiteko presio gisara erabili zuela eta, hala ere, ondorengo negoziazioetan ezin izan duela ezer aurreratzerik lortu? Posible da, baina hori aurretik bazekien. Eta, beraz,Tsiprasek susmatzen bazuen ezin izango zuela bete, ez zion herriari iritzirik eskatu behar.Orain, Greziako herritarrei hitza ematen zaie, baina zein aukera eskainiz? Duela bi hilabete ezetz esan zion proiektuari baietz eskatuz Tsiprasek etorkizunik gabeko norabidea kudeatu dezan? Herriari hitza ematea ez da nahikoa, norabidea eskaini behar zaio.

Tsiprasek hauteskundeak irabaz ditzake, besteak beste une honetan Europako diruzaleen nolabaiteko babesa izan dezakeelako, baina nekez izango da Greziako herritarrek banketxeen diru egarriari aurre egiteko behar duten lider sendo hori. Gobernuan egon daiteke, eta zenbait neurri interesgarri hartu ere bai, baina ezker «domestikatua» bihurtuko da, Espainiako Estatuko IU gisara, sistemaren barruan egokiro mugitzen den ezkerreko mugimendua. Nire uste apalean, Syrizak aukera izugarria zeukan sinesgarritasuna irabazteko, baina zuzendaritzak huts egin du, ez dute nahiko ausardiarik izan, Europako zurrupatzaile guztiei aurre egiteko. Herritarrek, kanpoko presio guztien gainetik, beraien gobernuekiko konfiantza mantendu zuten, baina mugimenduaren zuzendaritzak ez du ausardiaz erantzun; amore eman dute.

Europako gainerako ezkerzaleok ere motel ibili gara Greziak Europako Troikari bota dion hordagoa babesteko orduan. Dudarik ez dago Greziako herriak Europa mailako erasoa jasan duela, eta, beraz, une egokia zela Europa mailako ezker mugimenduak dimentsio berdineko erantzun bateratua emateko. Ziur naiz, deialdi zabala eta indartsua egon balitz herritarren erantzuna sendoa izango zela, langileria eta herritar askoren artean sentsibilitate handiz jarraitu delako gaia, baina kasu horretan ere ederki nabarmentzen da erantzunak antolatu eta bultzatzeko ahulezia nabarmena dagoela. Bla,bla,bla…aritzeko denok prest, baina erantzun sendoak koordinatzeko gaitasun eskasa.

Ez dago dena galduta, eta, beraz, datorren hilabeteetan interesarekin jarraituko dugu Greziako ezkerzaleen mugimendua. Ea gai diren, bizi duten zatiketa eta ahulezia unetik irten eta erantzun bateratua emateko. Multinazionalek eta banketxeek, «kasta» osatzen duten politikarien laguntzaz, luzerako estrategia erabakia dute; horregatik, herritarren erantzunak ere luzarokoa izan beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.