Tasio Erkizia.

Goazen aitzinera!

2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 10a egun ederra izan genuen. Presoekiko solidaritate eguna. Giza eskubideen aldeko aldarri erraldoia Bilboko kaleetan. Baina ordu gutxiko poztasuna. Larunbat esperantzagarri baten ondoren, berriro ere egun beltza. Injustiziaren aurkako elkartasuna ozen oihukatu ondoren, sarraski gehiago, giza eskubide berrien urraketa; gerra hotsak; sarekada lazgarria; neurri gabeko bortizkeria.

Erantzuna? Herritarren aldetik berehalakoa izan da. Sarekadaren baitan egiten ari ziren miaketa tokietara goiz-goizetik hurbildu ginen dozena eta ehunka lagun. Haserrea erakustera, atxilotuei animoak ematera, protesta biziak egitera. Gazteak, erretiratuak, lantokitik tarte batean irteteko baimena lortu zuten langileak, langabeak, etxeko gizon edo andreak... jende andana bildu ginen. Ikusten ari ginenarekin sinistu ezinik baina tinko eta zutik.

Bitartean, bertako alderdia den PNV zer? Madrili begira. Lotsagabeki giza eskubideen urraketa babesten. Errua, beti bezala, ezker abertzaleari bota, eta PPren aurrean burumakur. Eusko Jaurlaritza jeloskor eta oso haserre, «leialtasunik eza» leporatuz, aurretik informatu ez diotelako. Gainera, kezkatuta Ertzaintzak paper aktiboagoa ez duelako bete sarekada horretan. Erkoreka, errepresioan protagonismo gehiago eskatzen, alajaina! Egunero bere propagandan «pertsona helburu» dioen gobernuak ez dauka ezer esateko hamasei pertsona atxilotu ondoren. Normala iruditzen zaie nonbait PPren gerra deklarazioa. Boto batzuengatik edozer gauza egiten ari dira. PP da bake bideak ixten dituena, baina PNVren laguntzaz. Larria da alderdi horrek duen erantzukizuna.

Funtsean, sarekada horren helburuak bi norabidetan doaz: PPren barne tirabirak isildu edo gainditzea eta euskal presoekiko solidaritatea itoaz gizartean etsipena barreiatzea. Larria da egin den egoeran egiteagatik (badira hiru urte eta erdi ETAk borroka armatua utzi zuela); egin duten era bortitz eta lotsagabeagatik. Baina esan behar da jauzi kualitatiboa dela, abokatuei presoen bisitak debekatzea eta batez ere kasta politikoaren aldetik izan duen onespena eta babesa. Kasta politikoa osatzen duten PNV-PSOE-PP hirukotearen eskutik eraso artikulatu baten aurrean gaude. Garai berrietara egokitzeko gaitasunik ez eta berriro Ajuria-Eneko Itunera itzultzen ari dira, fronte politikoen garai beltzetara. Berriro: denok ezker abertzalearen aurka, denok gara sistema.

Soilik horrela uler daiteke hainbat jarrera. Kasta politikoak lideratu nahi duen ezker abertzalearen aurkako ofentsiba bezala, uler daiteke joan zen ostiralean Joseba Egibarrek Sorturen aurka idatzi zuen artikulua edo egun berean Gasteizko Parlamentuan Parisko gertaerak eta euskal gatazka nahastuz Bilduren aurka abiatu zuten kanpaina; Erkorekaren protagonismo eskaerak; astelehenako sarekada; asteartean Auzitegi Gorenak presoen aurka egin zuen urrats antidemokratikoa; berriro ere Hasier Arraizen aurka bultzatzen ari diren eraso mediatikoa...

Euskal Herriak erantzun behar du. Eta erantzunak plurala bezain bateratua behar du izan. Herri bezala altxatu behar gara. Herri bezala mintzatu behar gara, «aski da» ozenki esateko. Beraz, gizartearen lidergoa behar da. Gizarteko eragileek hartu behar dute zuzendaritza. Instituzioetako ordezkariek parte hartu nahi dutela? Aukera ederra dute, baina, Urkullu eta Barcinaren isiltasun lotsagarriaren arabera, itxura denez nahiago dute eskuin muturren interesak babestu edo eztabaida antzuetan murgiltzea. Herritarren giza eskubideak urratzea gutxi axola zaie.

Hori guztia probokazioa eta mendekua da. Ezker abertzaleak estrategia politikoa aldatzeari ekin zionetik Espainiako Estatuak obsesio garbia du: ezker abertzalea zatitu eta euskal gizartean etsipena eta desilusioa barreiatzea. Ez dagoela zer eginik, borrokatzea alferrikakoa dela sinetsaraztea. Horretarako, era berezian presoen kolektiboa dute jomugatzat. Informazioa ukatu, intoxikazio informatiboa areagotu, bisitak oztopatu, abokatuen laguntza ukatu, diru laguntzak ito, elkartasuna delitu bihurtu... Zer gehiago ikusteko jaio gara?

Kolpe latzak jasotzen ari gara. Ez dira momentu gozoak. Baina eutsi goiari. Izan gogoan krisi larrian murgildurik dagoen estatu baten kolpeak direla. Aldaketa garaietan estatu guztien azken ostikadak mingarriak bezain luzeak izaten dira. Oroitzen zarete Frankoren azken eraso eta gehiegikeriataz? Askotan esana dugu, eta jakin badakigu Independentziaren bideak malkartsuak izango direla.

Gizartean barreiatu nahi duten etsipena iraultzea da gure zeregina. Garaipena gure esku dagoela sinistu eta determinazioz jokatzean datza etorkizunaren gakoa. Borrokatzen den herririk inoiz ez dute menperatu. Sufrimendua areagotu bai, gerrak luzatu ere bai, baina bere etorkizuna lapurtzea ez dute lortu. Euskal Herriak badu indarra; ilusioa eta itxaropena indartzea da gure konpromisoa. Goazen aitzinerat!!! Hurrengo hitzordua bihar, larunbata, urtarrilak 17, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.