'Eman ta zabal zazu'

2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Eman ta zabal zazu munduan fruitualelotik, erakar ezazu munduko fruitua interesgarriagotzat eta onuragarriagotzat hartzen denaren susmoa dut egun. Beraz, bada gurean «geurea geurekoentzat eta kanpokoa guztiontzat» lelopean ari den pentsakera eta ekimenik.

Herritarrek zer pentsatzen duten eta zer bizi dugun jakiteko, galde diezaiogun euskaldun edonori, geure politikari euskaldunak ere sartuko nituzke galdeketan, galde egiozue zein liburu irakurtzen ari den, zein kantari duen gustuko etab. Eta seguruenik %90ek kanpoko edozein izen botako lukete bertakoen aurretik. Estatistiken arabera, hau halaxe da. Kanpokoaren eragina gero eta nabariagoa izanik, bertakoa gutxiagotzen doakigu. Ez ote da gure konplejotxoa berau?

Hala izanik ere, sormenaren eta produkzioen eskaintzatik begira, zoriontzekotan gaude, ez da paramenik, badira ideiak, eta ekoizpen ugari, baina militantismoaren garaiak beste zentzu bat hartu duen garai honetan, zeintzuk dira gaurko erreferenteak? Eta adinaren kontura bagoaz, zeintzuk gazteen erreferenteak? Bizitzen ote du eta sentitzen ote du euskal gazteriak euskal kultura zentzuz eta pentzuz? Murgiltzen ote da nahi genukeen beste?

Urtez urte eta arinka datozen aldaketak kontuan izanik, gerora begira, euskal gazteen imaginarioa euskararekin eta euskal kulturarekin bat datorren jakitea eta aztertzea dugu helburu. Eta honek eskaintza berriak plazaratzea eskatzen digu.

Kanpoko eragin guztien aurrean, eta globalizazioaren atzaparretan sartuak egonik ere, gure hizkuntzak beste hizkuntza handien pare jakin izan du kokatzen. Baina, euskal kultura eta euskara uztartuz eta hedatuz joan behar diren heinean, zein eratan da handi gure euskal unibertsoa, gure entzumena eta ikusmena kanpoko iturrietara bakarrik begira badago?

Euskal kulturak eta euskarak egin denagatik dirau bizirik. Urtez urte euskalgintzaren multzoa hasiz joan da eta banakatu ere egin da. Hau da, euskaldun izatea ez da modu bateko izatea, ez, euskalduna ere dibertsifikatu da, bai gustuz, bizimoduz eta pentsakeraz.

Honetan, aurtengo 52. Azokaren harira. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen hitzetan, «gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza». Honela ba, esparru zabalean eta pluralean bizi da euskara eta hau benetan da erakargarria, mundu guztiak bere gain hartzeko gai izan dela konturatzea, ideologia orotan eta eremu zabalean murgilduz.

Liluraz eta xarmaz erakar dezakegu gure kulturara eta hizkuntzara gurea bizi ez duena, baina kulturak izan lezakeen ekarpena handia bada ere, egunoroko behar-izanik ez bada, ez da ez nahiko. Eta euskara, giro zabal eta desberdinetan murgiltzen bada ere, giro urbanoan batik bat oraindik orain, egin beharreko bidea luzea da.

Jakina erabileran datzala hizkuntzaren egonkortasuna, multzoa handitu bada ere, erabilerarena da dugun koskarik larriena, modu sinbolikoan bainoago modu arruntean, egunorokoan izan behar da-eta. Erabilera dela gakoa diosku Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak ere: «Ez du konponbide errazik gazte batek euskaraz ikasteak eta gazteleraz hitz egiteak».

Dena den, autokonplazentzian jarri barik, atzera begiratzea beti da on eta horrexek erakusten digu aurrea nola dantzatu. Gogoan dut Bilbon orain 50 urte, semaforo batean euskaraz hitz egiten norbait entzungo bazenu, ezustez itzuliko zenuela burua. Goazen mende eta erdi atzerago eta ezagun dugu gure Iparragirrek zioena, «Gure euskera eder maitea galtzen gaur degu ikusten euskaldun onak arritzeko da nola ez diran lotsatzen! Larramendirik, Astarloarik ez da geiago aipatzen... Ez da utsegin aundiagorik ondo badegu pentsatzen».

Beraz, atzerantz begiratuz, aurrerapauso handiak eman izan dira eta etorkizunerantz, baikor izateko motiborik eduki badaukagu.

Bizi-bizirik dugun antzinako gure hizkuntza hau, izan zenaren mundu haren egitura eta pentsakera azaltzeko gailua eta harridura askoren iturburu den neurrian, atzotik haratagoko gauzak aztertzeko eta egungo eta geroko gauzak ere argiagotzeko egokia dugu.

Eman ta zabal dezagun euskara eta euskal kultura plazara, mundura, hitzez hitz, ahoz aho, altxor bat bailitz. 52. Azokak ere etorkizunerantz du begiratzen eta Sistiaga margolariak horixe irudikatzen digu, antzinatik datorkigun etorkizuneranzko bidaia galaktikoan sartzeko gonbita eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.