Espetxealdi iraunkor berrikusgarria

Paz Francés - Nafarroako Salhaketa

2018ko apirilak 17
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria zigor krudel, anker eta apalgarri bat da, eta, bere hartan, debekatua dago ordenamendu juridikoan. Dena dela, bizi guztiko zigor ezkutu hori onartu aurretik, debeku hori lehendik ere urratua zegoen, Zigor Kodean aspaldidanik baitzeuden aurreikusiak 40 urterainoko espetxealdiak.

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria iraupen mugagabeko zigor bat da, eta horrek esan nahi du, lehenik eta behin, zigortua hil arterainokoa dela. Zigor Kodean araututa dagoenez, benetan 25 edo 35 urte betez gero, zigorraren betearazpena eten daiteke, supostuen arabera, eta, bakar-bakarrik, berriz deliturik egingo ez duelako pronostiko bat baldin badago eta presoa erregimen itxiko gisa sailkatua baldin badago. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria aplikatzea delitu batzuetarako bakarrik dago aurreikusia, zeinei zigor kondena ezinago gogorrekin erantzuten baitzitzaien: 35 edo 40 urterainoko zigorrekin, eta, espetxealdiaren ondoren, beste 10 urte, zaintzapean aske. Hala, esaterako, aurreko erregimenarekin, baldin eta 30 urteko pertsona batek delitu horietakoren bat egiten bazuen, hari ezarri beharreko zigorra, de facto, bizi guztirakoa zen jada, horrek esan nahi baitzuen 65 edo 70 urterekin irtengo zela kartzelatik, eta 75 edo 85 urterainoko kontrolarekin. Ordurako, hutsa da bizi proiektu bati ekiteko posibilitatea. Orduan, zertarako espetxealdi iraunkorra? Lehendik ez al geneukan, akaso, bizi guztiko kartzela zigor ezkutu bat gure Zigor Kodean? [...]

Gure zigor sisteman espetxealdi iraunkor berrikusgarria mantendu behar dela aldezten dutenek diotenez, ez da arau horien kontrakoa, berrikusgarria izaki. Hala ere, horrek gauza bakar bat erakusten du: hori diotenek ez dutela batere ondo ezagutzen espetxe jardunbidea; izan ere, errealitatean, zigorra gailentzen zaio beste edozein helbururi, espetxeetan ez dago tratamendurako bitartekorik, eta, are gutxiago, zigorraldi luzeko presoentzat. Hala, gizarteratze helburua falazia bat bada zigorraldi laburretan, norbaitek sinesten al du halako baldintzetan zigorrak benetan berrikusterik dagoenik? Hainbeste mendetako zigor eta espetxealdien ondoren, jakinekoa da ezen 20 urtean espetxeraturik egon diren presoei kartzelak eragiten dizkien ondorio desozializatzaileek oso nekeza bihurtzen dutela haien balorazio psikologikoa eta gizarteratze positiboa. Beraz, zigor horiek ez dituzte berrikusiko, eta pertsona horiek espetxean hilko dira. Baina, horrez gainera, izan gaitezen zintzoak, benetan jabetzen al gara zer esan nahi duen 25, 30, 40 urtean giltzapetuta egoteak? Itxaropen arrazoizkorik gabe, nor da gai bizitzeko?

Bestalde, kontuan izan behar da delitu larriengatik —uste izatekoa denez, gehieneko zigor hori ekar dezaketenengatik— zigorturiko presoak, ia beti eta mugarik gabe, erregimen itxian sailkatzen dituztela. Bakartze moduluetara bidaltzen dituzte, edo erregimen itxiko kartzeletara, eta baldintza ankerretan bizi izaten dira; halaxe jasoa dute Arartekoaren 2016ko Txostenak eta Tortura Prebenitzeko eta Salatzeko Koordinakundearen Txostenek. Erregimen itxi horrek esan nahi du, besteak beste, metro koadro gutxi batzuetako ziega batean bizi behar izaten dutela 21 orduan; ez al da hori ankerra?

[...] Hala ere, komunikabideen gezur ugarien artean gabiltza. Eskueran hainbeste komunikabide izanda, historiaren joanean sekula ez gara egon hain desinformatuak. Eta, zigor auziei dagokienez, desinformazioa ezin handiagoa da. Komunikabideek delituei, oro har, eta delitu larriei, are gehiago, ematen dieten tratamendu informatiboak ez du inolako etikarik. Komunikabide horien asmoa da bi ideia erabat faltsu zabaltzea, eta, horretarako, gainera, biktimen (biktima batzuen) minaz baliatzen dira, ezinago errentagarria baitzaie audientziei dagokienez, eta, horren ondorioz, baita ekonomia aldetik ere —baita babestu eta sostengatu nahi dituzten interes politikoengatik ere—.

Batetik, ideia hau zabaltzen dute: Espainiako Estatuan delitu asko egiten direla, eta oso larriak, eta, beraz, segurtasun kolektiboaren izenean, ezinbestekoa dela zigorrak gogortzea. Egiaz, gizarte seguru bat da, eta hala erakutsia du edozein estatistika azterketak. Hala ere, gizarte beldurtu bat da, beldurra erosten duen gizarte bat, horixe saltzen baitiote komunikabideek eta «iritzi sortzaileek». Hori bai, beldur irrazionala eta benetako oinarririk gabea, edozein sistema demokratikoren printzipio gidariei erasotzen dien beldurra, gero eta ahulago egiten gaituen beldurra.

Bestetik, esaten dute zigor kondenak ez direla betetzen, eta pertsonak sartu-irten lasterrean dabiltzala espetxean, zigorrak benetan bete gabe. Errealitatean ageri denez, preso daudenen %16 bakarrik daude erregimen irekian, kontrol zorrotzen pean egon ere. Gainerakoek espetxean itxialdi erregimenean ematen dute zigorraldi guztia, hasi lehen egunetik eta azkeneraino. Falazia erabatekoa da honako hau esatea: pertsonak «ate batetik sartzen dira espetxera, eta beste batetik irteten kalera». Alderantziz, Europa mendebalde osoko preso tasarik handiena dugu, eta, batez beste, zigorraren betetze denbora EBko herrialdeetakoa baino askoz ere handiagoa da; 2017ko abenduaren 31n, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko kartzeletan, 864 pertsona zeuden 30 urtetik gorako zigorrak betetzen; Espainiako Estatuko espetxeetan, urtean 120 pertsona baino gehiago hiltzen dira; tortura existitzen da; eta murru horien barruan ugariak eta askotarikoak dira egoera ez-duinak, eta Europa osoko Zigor Koderik handiena eta gogorrena dugu.

Gizartea ez baldin bada kalera irteten ezetz esatera zigorra eta indarra bere boterea baliatzeko darabilen Estatuari, eskubide eta askatasun murrizketei aurre egiteko ezertxo ere egiten ez duen gizarte bat da, demokraziaren printzipio funtsezkoenei uko egiten diena. Auzia oso argia da, eta uste dugu ez dela hitz erdika kontatu behar. Zigor kode erabat autoritarioa eta neurrigabea dugu, faxismoaren hurbilekoak diren politika sozialeko eta politika kriminaleko proposamenak darabiltzana, eta hori, azken batean, ez da bateragarria Zuzenbide Estatu Sozial eta Demokratiko batekin, baldin eta oraindik uste badugu horretatik zerbait gelditzen dela kokatuak gauden sistema honetan.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Ruth Martinez, Libertad Francés, June San Millan, Irati Jimenez, Iranzu Baltasar, Manuel Ledesma, Lorena Alemán eta Maite Jimenez.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna