Euskarak aro berri bat behar du

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Berrogei urtez euskararen biziberritzerako jorratutako bideak goia jo du. Hezkuntza ez da heldu belaunaldi berrien euskalduntzea unibertsalizatzera eta jendarte-bizitzako esparru gehientsuenak, erakunde publikoetatik hasita, gaur-gaurkoz erdaraz sostengatzen dira. Garatutako hizkuntza politikak ez-nahikoak direla baieztatu da. Eta giro honetan erabileraren goranzko joera ere etenda dago une honetan. Balantzea argia da: euskarak ibilbide bat egin du, baina egun ez aurrera ez atzerako egoeran dago. Soziolinguistika adituek diote lehenbailehen erreakzionatu ezean atzeranzko joerara pasatuko litzatekeela. Aurrerabiderako aukerak ere badira, noski.

Beraz, ez dugu denbora galtzerik. Egoeraren kontzientzia hartu eta euskara irabazbidean jartzeko bulkada kolektibo utopiazalea berreskuratu behar du herri honek. Utopian sinetsi eta errealitatetik abiatuta ezinezko dirudiena eraiki. Herri honetan demostratua baitago herri-gogoa ekimen sendoan eta eraginkorrean artikulatzen dugunean lorpen handiak erdiesteko gai garela. Eta, zorionez, azkenaldian izan dira hainbat ekimen eta akontezimendu euskalgintzako energia soziala berpizten ari dela iradokitzen dutenak.

Baina euskara auzi politikoa da, eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea gauzatzeko, erantzun politiko beteak behar dira. Adostasun, erabaki eta baterajotze ausartetarako garaia dela uste dugu; euskarak aro berri bat behar duela. Lau ardatzen gainean abiatu beharko litzateke:

Bat. Hizkuntza eskubideen aldeko aktibazio sozial indartsu baten beharra du euskarak. Hizkuntz gatazka euskaldun/ez-euskaldun eztabaidatik harago herritar/hizkuntza eskubideen planora eraman beharko litzateke; demokrazia eta justizia sozialaren terminoetara. Eta norabide horretan ofentsiba sendo bat antolatu, interpelatzailea eta baldintza berrien sortzailea.

Diskurtso nagusi horren parean, herri/kultur identitatearen aldarrikapena egitea ezinbestekoa da, areago, globalizazio neoliberalaren jomuga jendarte uniformizazioa bilakatu den honetan.

Bi. Euskarak burujabetza behar du; hizkuntza-burujabetza izango duten egitura juridikoak eta politikoak behar ditu. Burujabetzarik ezean euskara hizkuntza hegemonikoen mendeko izatera kondenatuta egongo da. Baina euskarak, orain, inoiz baino premiazkoagoa du burujabetza, espainiar estatutik datorren oldarraldi sozial eta politikoaren aurrean babestua izateko.

Hiru. Berreuskalduntze fase berri baten helburuen inguruko herri-akordio bat behar du herri honek; unearen definizio zehatz batetik abiatuta jomuga egingarriak eta anbiziotsuak definituko dituen herri-adostasun bat. Herri aitortza lukeen kontsentsua. Herri hau berreuskalduntzeko norabidean 2040an Euskararen normalizazioak zein langa jo behar ditu? Zeintzuk helburu bete? Horra iristeko eman beharreko pausoak, epeak eta bitartekoak ere zehaztu beharko lirateke.

Lau. Euskara kohesio sozialerako tresna izan dadin ekimena indartu behar da. Neoliberalismoak gizarte fragmentazioa eta segregazioa eragiten ditu. Guk, ostera, desberdinkeriarik gabeko jendarte kohesionatua eraiki nahi dugu, euskara izango duena kohesio sozialerako hizkuntza. Horretarako, ezinbesteko baldintza da euskararen ezagutza unibertsalizatzea, eta horrek neurri zehatzak eskatzen ditu.

Erronka handiak ezbairik gabe. Baina honezkero euskal herri luze zabalean euskararen inguruan berpizten ari den olatua ez dago helburu txikietarako. 19. Korrikak euskahalduntzearen norabidean ezarritako mugarriak hari luzea ekarri du: Lutxo Egiaren eskutik Bilbon, Donostiako Egia auzoan, Usurbilen, Agurainen... herri mailako ekimen gisa hasi zirenak, egun nazio mailako dimentsioa hartu dute: Euskaraldia. Ekimen horrek euskaldunok ahalduntzeko balioko digu, euskaldun kondizioa harrotasunez bizitzeko eta gure hizkuntz eskubideen kontzientzia hartzeko. Uste dugu aipatutako aro berriari sendotasunez ekiteko giharra eta giro anbiziotsua sortzen lagun dezakeela Euskaraldiak.

Euskaraldia gogoz heldu beharreko apustua dugu, hortaz. Alabaina, kontziente izan behar gara herri hau berreuskalduntzeko ezinbestean behar ditugula euskara onartu eta babestuko duten marko juridikoak, hizkuntza politika anbiziotsuak eta ondo olioztatutako herri estrategia bat. Beraz, denborarik galdu gabe prestatu dezagun euskararen aro berria, euskara irabazbidean jarriko duen herri estrategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.