Katedra ez den «Confebask katedra»

Mikel Noval, Xabi Irastorza - Hurrenez hurren ELAren Gizarte Politika arduraduna eta ELAren ordezkaria UPV/EHUren Gizarte Kontseiluan

2018ko maiatzak 15
Pasa den maiatzaren 3an UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean «Lan-Harreman eredu berriaren garapenerako Confebask Katedraren aurkezpena» egin zen, aldez aurretik dekanotzatik irakasleak eta ikasleak bertaratzeko deialdi zehatza egin ondoren. Uztailaren 17an, UPV/EHUren Uda-Ikastaroetan, «Confebasken, UPV/EHUren, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearen artean eratu duten Unibertsitate/Enpresa Katedraren helburuak eta horien azalpena eta testuingurua» landuko dela dio.

Confebaskek, bere dokumentuetan, egungo eredu antidemokratiko eta neoliberalari aurre egiten dioten sindikatu, gizarte mugimendu eta alderdi politikoak egiten dugun lanari aurre egiteko asmoz, berak landuriko Lan-Harremanetako eredua garatzeko irakaskuntza eta ikerketa ardatz izango dituen UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin adosturiko Katedraren sorrera eta egituraketa zehazten du.

Enpresarien Konfederazioak, baita Eusko Jaurlaritzak berak ere, mehatxu moduan ikusten ditu egungo establishment-a eta botere ekonomiko eta politikoak ezartzen ari diren eredu neoliberala zalantzan jartzen dituzten erakunde, eragile eta mugimendu sozialak.

Antolakuntza kolektiboa desegin, eta enpresarien eta langileen arteko harreman indibidual eta zuzena ezarri nahi dute. Hau da, partaidetza eta lan-harreman eredu berri baten diskurtso-mozorropean langileak beraien eskubide, interes eta aldarrikapenen inguruan antolatuko dituzten sindikatuak indargabetu nahi dituzte, eta, posible duten heinean, paretik kendu. Helburu bera adierazi izan du Eusko Jaurlaritzak bai lan-harremanetarako, baita jendarterako ere. Hau da, herritar eta gobernu erakundeen arteko norbanako harreman zuzenak inongo erakunde, eragile edo mugimendu sozialen bitartekaritza edo antolakuntzarik gabe.

Ikuspegi eta helburu hori enpresarien patronalaren nahietan ulergarria izan daitekeen arren, erabat onartezina gertatzen zaigu mandatari eta erakunde publikoen helburu moduan. Are larriagoa, krisiaren aitzakian oinarrizko eskubide eta lan eta bizi baldintzetan egiten ari diren triskantza kontuan izanik. 2009tik Hego Euskal Herriko BPGa %16,3 (13.747 milioi euro) hazi den honetan, baina aberastasunaren banaketan soldatek 5,1 puntu galdu duten honetan, lan-baldintzetan prekaritatea areagotzen ari den honetan, egiten diren kontratu berri guztien %92 behin-behinekoak diren honetan, hirutik bat lanaldi partzialekoa diren honetan (bitik bat emakumeen kasuan), lan-kontratu berrien erdiak hilabete baino gutxiago irauten duen honetan (%13k astebete baino gutxiago) edo enplegua izan arren DSBEa kobratzera kondenaturik dauden 12.000 langile daudenean.

ELAri larria iruditzen zaio euskal unibertsitateek Confebasken helburu eta estrategia horrekin bat egitea, eta beraien talaia eskaintzea eskubide sozialak eta lan-baldintzak txikitzen, prekaritatea areagotzen eta pobrezia zabaltzen ari den estrategia eta lan-harreman eredu bati. Are larriagoa, UPV/EHUk, unibertsitate publikoa den heinean, helburu horiekin bat egitea. «Katedra» horrek klase-interes jakinak defendatzen ditu, eta UPV/EHUk horiek bultzatzetik salbu egon beharko luke. Ez dago onartzerik euskal hezkuntza sistema publikoan enpresarien balio eta interesak hedatzea eta hezkuntza sistema horien mesedetan jartzea. Hori da, hain zuzen ere, hezkuntzaren merkantilizazioak bilatzen duena eta ELAk behin eta berriro salatu duena. Hori izan da Boloniako Planaren helburu nagusietarikoa: unibertsitatea merkatuaren eta enpresen interesen zerbitzura jartzea, horretarako curriculumak moldatuz, kapital pribatua unibertsitatearen egituraketan eta finantzaketan sartuz eta, horren ondorioz, graduak, masterrak, katedrak, ikerketak, bekak eta abar baldintzatuz.

ELAren ustez, unibertsitateak gizarte demokratikoan pentsamendu kritikoari bidea ireki behar dio, eta zaindu egin behar du, bertara prestakuntza jasotzera jotzen dutenak ez daitezen botere korporatiboaren esanetara egon.

Deigarria da, ELAk «Confebask Katedra» salatu zuen egun berean, UPV/EHUk argitaraturiko oharrean katedra hori gezurtatzea eta bera osatzen duten fakultateek edo berak antolatzen dituen Udako Ikastaroek «Enpresa-Unibertsitate Katedra», baita «Confebask Katedra» ere deitzea. Terminologia anbiguoa, edozein kasutan, unibertsitate baten ahotan eta oso nahasgarria unibertsitate katedra ez bada. Baina, ELArentzat bereziki kezkagarria da UPV/EHUk Confebaskekin eratu duen Katedra horren inguruko informaziorik gizarteari eman ez izana, ez bere organoetan, ez unibertsitatearen Gizarte Kontseiluan ezta bere komunikazio bideetan ere. Eta argitaraturiko oharrean, «Confebask Katedra» «enpresa antolaketa batek sortutako entitatea dela» eta ez dagoela «UPV/EHUn txertatua edo atxikia» adierazteaz gain, ez du «Katedra» horren inguruko inolako azalpenik eman.

Gaiak duen garrantzia eta larritasuna kontuan izanik, UPV/EHUri eskatzen diogu unibertsitatea osatzen dugun estamentu ezberdinei, gizarte eragileoi eta jendarte osoari Confebaskekin adostu duenaren inguruko informazioa eta xehetasunak ezagutaraztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna