Bigarren aukerak

Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea - Kazetaria eta irakaslea

2018ko ekainak 12
Batzuetan bizitzak bigarren aukera ematen du. Askori gertatu zaigu, eta ez da ezohikoa. Niri-neuri gertatu zait. Kontua ez da, ordea, bigarren aukerarik baden ala ez, baizik eta zertarako darabilgun. Izan ere, bizitza pertsonalean zein politikoan, helburu bat markaturik, erabaki bat hartu eta helburua lortzen ez bada, edota, gertakariak gertakari, egokiera hobean betetzeko uzten badugu, bigarren aukera ez da beste helburu bat erdiesteko izaten, hasierako berbera, beste tresna batzuen bidez, eskuratzeko baizik. Katalanei buruz ari naiz, beste behin, hain garrantzitsua begitantzen baitzait guretzat, euskal herritarrontzat, haiek jatorrizko helburua lortzea: independentzia.

Bigarren aukerak sortzen direnean, hirugarren bidearen aldekoen unea izan ohi da, hor mugitzen dira abilezia osoz... Hartutako erabakia lehenengoan erdiesten ez denean (errepresioagatik edo inkonpetentziagatik) ugaritzen dira hirugarren bidearen profetak. Hirugarren bideko jendea, ohiz jende fina, irudimenez betea izaten da, sortzailea, argudioak bihurritzen iaioa. Gisa horretako jendea oso ugaria unibertsitate giroan, zirkulu intelektualetan, teoriak saretzen diren zenakuluetan, aparta izan ohi da A eta Bren artean xehetasun amaiezinak asmatzeko, zuria eta beltzaren arteko gris-tonu infinituak marrazteko. Kontzeptu bakoitzari laugarren eta bosgarren adierak topatuko dizkio. Ez bata ez bestea maite du beti, ez dago modurik harekin proposamen zehatza eta garbia adosteko, beti egongo da bainaren bat. Ekilibrista amorratua da, plaza publikoan proposamen kontrajarriak (oposatuak, hobeto) agertzen direnan, sekula ez dira posizionatuko: A gutxiegi delako, eta B gehiegi. Gehienetan, ordea, pentsamendu zirkularra izan ohi du, hastapeneko puntura itzuliz behin eta berriro. A-tik B-rako bidaia ez egitearren, A-tik A-rako bidea egiten amaitzen du, konturatu gabe eta nahi gabe. Eta nago horixe proposatzen ari direla progreenak Catalunyan.

Helburua lortu arte

Igandeko (2018-06-10) La Vanguardia-n irakurritako artikulu batek eman dit haria honako lerro hauek josteko. Balear irletako ikasle batek aurten bertan deskubritu didan Jordi Amat idazleak sinatzen du (Conversaciones tras la tormenta). Bartzelonako Circulo de Economia-ko kideek proposatutako irtenbidea ikusten du egokien Kataluniarentzat: «Ez du independentziaren alternatibarik izan nahi, dio gaztelaniaz, baina bai polarizazioarena». Eta hauxe da tesi nagusia Santiago Muñoz Machado konstituzionalistak gidatutako taldearena: « [...] Autogobernua hobetzea, Estatutuak maila konstituzionala izan dezan Konstituzioaren barruan, Kataluniako biztanleek erreferendumean aprobatuko dutena». Helburua, Daniel Inneraritiyk UABen esandakoaren arabera, integrazio berezitua («integración diferenciada») lortzea; hots, autonomian jarraitzea...

Argi dago azken hilabeteetan gertatutakoa (independentziaren aldeko botoa eman, irabazi, parlamentuan gehiengoa lortu, errepublika proklamatu, ez egikaritu, ostera hauteskundeetan gehiengo parlamentarioa atera, kartzelaren eta erbestearen aurrean partidu subiranistak kikildu eta aurrera egiteko adorerik ez bildu estatuak egitura instituzional osoa txikituta, buelta asko eman ondoren estatuak onartutako gobernua osatu) ekaitz bortitza izan dela, eta orain indar eragile asko «baretasun» bila dabiltzala, gertatutakoa errepikatu ez dadin.

Ipini gaitezen, ordea, errepublika independentea izateko erabakia (Badiouren adieran, hots, atzera-ezinezko etena sortuz) hartu dutenen buruan. Orain arte gertatutakoa ez da alferrik gertatu; ez dira zerotik hasten. Erabaki bat hartu zuten, eta bigarren saioa egiteko ordua iritsi zaie (errepresioa beti atezuan). Horientzat eskasa izan arren, gehiengoa ordezkatzen dutenentzat, beren buruarekiko leial izan nahi badute, soluzioa ez dago inolako autonomia konstituzionalean; haientzat ezein formula konstituzionalek ez du zentzurik, ez baitziren horretarako borrokan hasi.

Antzeko uneetan estatuak beti asmatzen ditu tarteko formulak. Euskal Herrian gertatuko bi adibide jarriko ditut: soldaduskaren kontrako borroka objekzioarekin hasi zen, eta estatuak zerbitzu sozialak asmatu zituen armadaren gidaritzapean, gazteek, ordea, intsumisioarekin erantzun zuten, irabazi arte; irakasleria propioaren aldeko borrokan, EHUn, funtzionario izateko bide bakarra behingoz geldiarazteko, kontratuak ez sinatuz matxinatu ziren irakasleak, eta estatuak kontratu administratiboak eskaini zituen, baina irakasle batzuek kontratu laborala eskatuz erantzun zuten, irabazi arte haiek ere.

Helburua lortu arteko borrokaldia da independentistena, nekez onartuko dituzte tarteko irtenbideak, abiapuntura itzularazten dituztelako; autonomiara hain zuzen. Hasteko ez dakit zer egingo duten aurrera-atzera ibiliz galdutako sinesgarritasuna irabazteko. Ez dakit nola demontre konpon daitezkeen Generalitatea osatzen duten partiduak gobernu autonomikoan errepublika osatzeko. Zirkuluaren koadratura iruditzen zait niri, baina trebeak dira katalanak horrelako egoeratan mugitzeko. Espainiako Gobernu berria hitz egiteko prest omen dago, betiere Espainiako Konstituzioaren markoan, eta juxtu horixe da independentistek gainditu nahi dutena, marko horren barruan ez baitago aukerarik Errepublika Katalanerako. Ez ote dira gutxienez katramilatuko hirugarrendarren hitz goxo, irudimentsu bezain hutsaletan!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna