Martxel Toledo Garmendia.

Larria, lotsagarria eta penagarria gertatutakoa

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Hiru kalifikatzaile horiek erabiliko ditut, seguru gehiago badaudela,Gipuzkoako Irungo Ventas auzoan duela aste batzuk jokatutako jubenil mailako futbol partidu batean ikusitakoa adierazteko.

Lehian, bi talde: bat etxekoa, Landetxa izenekoa, eta bestea, Oiartzun F.T. Partidua hasi bezain pronto, bertaratu ginen gurasoak jabetu ginen Landetxako entrenatzailearen jarrera bere taldeekiko eta epaileekiko ez zela egokia, traketsa baizik, jokaldi bakoitzean protesta gisa buila eta keinu txarrak baino ez zituelako egiten. Zer esanik ez, bere taldea golak jasotzen hasi zen heinean, bat, bi, hiru, lau...

Eta jakina, ondorioak segituan. Lehena, jokalari bat kalera aurkariari baloirik gabe ostiko bat emateagatik, eta berarekin batera aipatu entrenatzailea, epaileari protesta modu desegokian egiteagatik. Gainera, kaleratua izan ondoren eta aldageletara joan aurretik, epailearengana hurbildu eta zelai barrutik, toreatzaileen gisa, ikusleei keinu probokatzaileak eginez agurtu zen.

Partidak itxura txarra zeukan, futbolean aritu beharrean, Landetxako jokalari batzuek aurkariei ostikoak ematen jarraitzen zutelako. Horrela, bigarren jokalaria kanpora, segidan hirugarrena eta azkena laugarrena. Orduan, gutxi gorabehera oraindik 10 minutu falta zirenean bigarren zatia amaitzeko eta 0-9 emaitzarekin, epaileak, arauari jarraituz, bukatutzat eman zuen partidua. Eta eskerrak horri, bestela, agian orain zerbait larriagoaz ariko ginen eta. Kasu honetan aipatu, epaileak bere lanak ongi egin zituela eta ez zela inondik inora gertatutakoaren errudun izan.

Mutikoak aldageletan dutxatzen zeuden bitartean Landetxako batzuen portaeraren inguruan gure artean kabalak egiten aritu ginen, ikusitakoak harridura sortu zigulako. Eta ateratakoan jakin genuen jarrera horren zergatia, alegia, entrenatzaileak berak esan omen zien jokalariei ez beldurtzeko eta ostikoak ematen hasteko, berdin zela-eta txartel gorriak jasotzea, horrela gainera, partida ez bazen amaitzen, epaileak aktan, arauari jarraituz, 0-3 jarriko zuelako, benetako emaitza, 0-9 jarri ordez. Hori da, behintzat, Landetxako jokalari batzuek gureei aitortutakoa. Oso larria benetan. Aipatu ere, bukatutakoan, aldageletan, Landetxako jokalari batzuk gure mutikoengana hurbildu eta barkamena eskatu zietela. Gaitz erdi, zelaian ikusitakoaren ondoren txalotzekoa ere badelako hauen keinua.

Urte hauetan ia denetarik ikusi izan dut futbol zelaietan, gurasoen arteko liskarrak harmailetan mutur joka bukatu direnak, jokalarien arteko liskarrak zelaian bat besteari erasoka amaitutakok, epaileari denetik oihukatzen, eta abar eta abar. Baita entrenatzaile batzuei bere papera galdu eta beraien jokalariekin oso trakets eta barregarri portatzen ere. Baina ez nuen inoiz pentsatu entrenatzaile bat bere jokalariei horrelako gauzak egiteko eskatzera ausartuko zenik.

Zorionez, badirudi entrenatzaile hau taldetik kanporatu egin dutela, hori da behintzat partidua bukatu ondoren bertan zabaldu zena baina beldur naiz, zeren, oraindik ere, tamalez, horrelako edo antzeko entrenatzaile edo zuzendari gehiegik jarraitzen dutelako kirol munduan sartuta agintzen eta balore guztien gainetik, errespetua barne,soilik irabaztea bilatzen dutenak. Eta hor dago arriskua.

Beraz, espero dut, dagokionari, kasu honetan klubari eta federazioari, hartu behar dituzten erabakiak hartzea, aurrerantzean horrelakorik berriro gertatu ez dadin, kirol hezitzaileek dioten modura, helburu nagusia, are gehiago adin hauetan, ez lukeelako soilik taldearen kirol lorpena edo asteburuko partidua irabaztea izan behar, taldeko kide bakoitzaren garapena lortzea baizik.

Ea ba behingoz ikasten dugun lehia eta balioak uztartzen, horrela guztiok, kirola barne, irabazten aterako garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.