Oihana Etxebarrieta.

Marina eta beste 27ak libre!

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Madriletik haize hotzak datoz beste behin ere. Epaiketa berri bat, fartsa berri bat. Oraingoan gure kide den Marina eta beste hogeita zazpi gazte daude akusatuen eserlekuan eserita. Gure animo eta besarkadarik handiena bidaltzen diegu lerro hauetatik hogeita zortziei.

Lan politikoa da epaitzen ari dena berriz ere. Modu publikoan egindako ekintza eta jardun politikoa da frogatzat eramaten dena. Inork ez du ezkutatzen hala dela, gazte konprometituak izan direla haien nazio askapenagatik, herri justuago bat eraikitzeagatik, edo gure herria parekidetasunean eta feminismoan oinarritzeagatik. Loiolan entzun zen leloak dioen bezala «Gu zuek gara, zuek gu zarete». Ameslari eta borrokalari den oro egon liteke orain akusatuen eserlekuan, edo Soto del Realen.

Madriletik haize izoztuak heldu zaizkigu azken astean. Epaiketa-fartsa honetan ez baitute lan politiko eta publikoa soilik erabiltzen froga moduan. Baita torturetan oinarritutako deklarazio eta autoinkulpazioak erabiltzen dituzte ere. Eta aste guztian deklarazio eta testigantza ikaragarriak entzun behar izan ditugu, dardara eragiten duen hotza barruraino sartzen dizuten horietakoak.

Tortura eztabaidaren erdigunean kokatzea lortu dute euskal gizartean eta sare sozialetan. Espainiar estatuan XXI. mendean tortura erabiltzen jarraitzen dela entzunarazi nahi izan dute. Euskal komunikabide konkretu batzuk izan ezik, inor ez baitago Madrilen entzuten ari denaren berri ematen. Haien burua ezkertiar edo demokratikotzat duen komunikabide bat bera ere ez da agertu tortura salaketa hauekin kezkatuta.

Tortura existitzen da, bai, eta hura bermatzeko eta babesteko, inkomunikazioak jarraitzen duen bitartean, gauza bera errepikatzen jarraitu beharko dugu. Inkomunikazio aldia ezabatzea ez da berme bakarra praktika hau ekiditeko, baina bai berme sendo bat. Horretaz gain, nazioarteko hainbat elkartek egindako gomendioei jarraitzea beste pauso bat litzateke, baina oraindik ere epaileen trasteen tiraderan daude gordeak gomendio horiek guztiak.

Baina horiek aplikatzen ez diren bitartean, aste honetan entzun behar izan ditugun tortura salaketak entzuten jarraitu beharko dugu. Eta entzun dugu mehatxuak, irainak, presioak, kolpeak… izan zirela. Eta entzun dugu tortura sexista egon zela, bortxaketa mehatxuak, bularren eta barrabilen ukituak…

Torturaz mintzo garenean, ezinbestekoa da tortura sexistaz mintzatzea; hein batean, indarkeria mota hori ere sexu bereizkerian oinarritzen da. Horrek emakumeok zapalduta iraunaraztea eta gizonen gizontasuna zalantzan jartzea ditu helburu. Atxilotua emakumea izaten denean, ohikoak diren tortura metodoez gain, ugariagoak izaten dira eraso sexualak jasotzeko mehatxuak, galdeketak biluzik egiten dira askotan, ukitzeak, bortxaketak, bortxatzeko mehatxuak, tortura psikologikoak, irainak, eta abar. Horiek denak patriarkatuaren oinarria den sexu bereizkeria iraunaraztera eta indartzera bideratutako indarkeria adierazpenak dira.

Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat da; emakumeon osotasun fisikoan eta psikologikoan eragiten du zuzenki. Horrez gain, botere harremanetan oinarrituta dagoen heinean, batzuk besteen menpeko egiten ditu. Tortura sexistak jasaten dituzten emakumeen artean azken horrek dimentsio handiagoa hartzen du: erasotzailea taldea izaten delako, bost egunez eman daitekeelako eta Estatuak babestutako indarkeria delako. Hori da hitzez emakumeon osotasun fisikoaz arduratu beharko liratekeenak direlako erasotzaileak.

«Biluzi eta bularrak ukitu zizkidaten», «Barrabilak ukitu zizkidaten», «Biluzarazi eta mahai batean jarri ninduten. Bost polizia gizonezkoz inguratutako neska gazte bat nintzen. Edozer egin zezaketen. Hankak irekitzen hasi zitzaizkidan. Ez nien uzten, baina une batean ezin izan nuen gehiago. Erresistentzia fisikotik erresistentzia mentalera pasatu nintzen: 'ez naiz ni hemen nagoena'»… Haize hotzak datoz Madriletik.

Epaiketa urriaren seian berrabiatuko da, eta hogeita zortzi gazteek torturatu zituzten poliziak entzun beharko dituzte. Hau da gure demokrazia: torturatuak dira epaituak, hain zuzen praktika horren bidez ateratako deklarazioak oinarri hartuta.

Baina haize beroak ere ailegatzen hasi zaizkigu Madriletik. Hain zuzen, tortura horiek fidagarriak direla erakusten duen lan zientifiko sakona egin dute hainbat profesionalek. Istanbulgo protokoloa esaten zaion metodologia aplikatu zaie 45 pertsonari, tartean gure kide Marinari, eta testigantza guztiak fidagarriak direla frogatu dute. Bertan ere, emakumeei tortura metodo berezituak aplikatzen zaizkiela azaldu dute, gorago aipatzen genuen ildotik hain zuzen. NBEak ere ontzat eman du lan hori. Zalantzarik bazegoen, hemen froga. Ezin da ezikusiarena gehiago egiten jarraitu. Tortura eta haren baitan antolatutako sistema judiziala eteteko garaia da.

Haize beroak dabiltza Euskal Herrian. Loiolatik elkartasunaren eta desobedientziaren indarra txoko guztietara barreiatu zen. Urrats bat izan da epaiketa hauek bertan behera utz daitezen. Denon konpromisoa beharrezkoa da epaiketarik gabeko jokaleku batera heltzeko.

Bide horretan jarraituko dugu, eta, bitartean, ondoan izango gaituzue Marina eta besteak. Animo! Denon artean lortuko dugu! Hogeita zortziak eta beste denak LIBRE!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.