Langile klasearen 'brexit'-a

Jule Goikoetxea.
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Oso gutxitan egon izan naiz ados Europako Parlamentuko presidente Schulz jaunarekin, baina egia da tory-en alderdien adarrik atzerakoienak asmatu zuela brexit-a. Hona hemen Oxbridgeko delitugile pipertsu horien helburua, hots, gizon zuri aberats ilehori dirukume horien helburua: Europako Batasunetik ateratzea, hartara gehiago eta hobeto lapurtu ahal izateko herrikideei. Indeed (esango luke Queen amak).

Schumpeterrek esaten zuen elite kapitalista bitan banatzen dela: gerrariak eta liberalak. Gerrariek, hain zuzen, gerrak antolatzen dituzte modu sistematikoan, merkataritzan aritzeko eta aberasteko; horiexek atera nahi dute Europako Batasunetik. Liberalak, berriz, baketsuxeagoak dira, legez pilatu nahi baitute kapitala; ergo, Estatu modernoaren arkitekturaren bitartez lapurtzen dute. Horregatik dira legeen eta Europaren aldekoagoak.

Erresuma Batuan hezkuntza mailarik apalena duten eskualdeetan, brexit-aren alde bozkatu zuten. Horregatik esaten zuen Sir Michael Wilshawk hezkuntzari erreparatu behar zitzaiola, hau da, kapital kulturalari, eta ez kapital ekonomikoari bakarrik.

Eta zerbaitek bereizten badu Erresuma Batua —eta bereziki Ingalaterra— kontinentetik, klasismo basatiak bereizten du. Frantzian, pobreenek halako 40 kobratzen dute aberatsenek, baina Britainia Handian, halako 342. Erresuma Batuan, erdiko eta goiko klaseak bakarrik joaten dira unibertsitatera.

Horregatik, Sir Michael Wilshawk zioen bezala, kontua ez da adinekoek alde egitearen aldeko botoa eman dutela eta gazteek, berriz, Europan geratzearen aldekoa, baizik eta unibertsitarioek Europan geratu nahi dutela, eta ez-unibertsitarioek, berriz, alde egin.

Kapital kulturalak eta sinbolikoak eskutik heltzen diote kapital ekonomikoari, baina berdinak balira bezala tratatzeak berekin dakar, hasteko, analisi patriarkal bat egitea, esplikatzen ez duena zergatik duen gizon batek emakume batek baino kapital sinboliko handiagoa beti, nahiz eta biek kapital ekonomiko bera izan. Eta ez da esplikatzen aberats berri batek zergatik bozkatzen duen Manchesterko auzorik pobreenek bozkatzen duten gauza bera, ezta Cityk zergatik bozkatzen duen ere ekonomia jasangarrian aditua den emakume ikertzaile prekarioak bozkatzen duen gauza bera. Izan ere, analistek botereari buruz egiten duten azterketak, normalean, batez ere botere ardatz bati erreparatzen dio, gizon zuri heldu langilea gogaitu ohi duen ardatzari: soldatari.

Gainerakoentzat —gehiengoa dira, eta langileak haiek ere—, Corbyn ez da langile klasearen ordezkari bat. Rochdalerentzat, Corbyn ez da iraultzaile bat, are gutxiago Varufakis, eta inola ere ez Zizek, ezkerraren modako filosofoa. Besteak beste, ezker horrek, hitz egiten duenean —eta askotan hitz egiten du—, bazter uzten dituelako herritarren erdiak baino gehiago. Goldsmithseko neska estudiante pakistandar baten premia gehienek edo Rochdaleko ama ingeles baten premia gehienek ez dute zerikusirik Corbyn batek dituen premiekin eta sufritzen dituen bidegabekeriekin eta zapalketa motekin. Eta, erreferendumaren emaitza ikusirik, badirudi langile klaseari jadanik ez zaiola nahikoa Corbynek, Varufakisek edo Iglesiasek langile klasearen arazoak ulertzea.

Beraien toki beretik borrokatuko den jendea nahi dute: beraien premien berri jakin bakarrik ez (epistemologia kognitiboa), baizik eta premia horiek gorpuztuko dituen jendea (praktika politikoa).

«Denok batera kapitalaren kontra» diskurtsoa oso ondo dago, baina oraindik ere oso zuria da, eta oso gizona. Eta oso dimentsio bakarrekoa.

Jatetxe baten jabe korear londrestarrak zer ikusteko du Cityko banku baten edo aseguru agentzia baten jabearekin, zeina, bide batez esanda, jatetxe korearrera joaten baita bazkaltzera? Eta zer interes komun dute jatetxe korearreko zerbitzariak eta kontseilari ordezkari batek?

Areago: zer gertatzen da gizon zerbitzaria, hau da, jatetxe korear horretako obreroa etxean patroia baldin bada emaztearentzat, zeina etxekoandrea baita eta ez baitu kobratzen horren truke? Eta zer gertatzen da etxe horretan Senegalgo emakume beltz bat baldin badabil lanean emakume obrero zuriaren zikinkeria garbitzen, kontraturik gabe, eta emakume zuri hori, era berean, gizon obrero zuriaren, hau da, bere senarraren obreroa baldin bada, eta senarra korearraren obreroa baldin bada, eta korearra...? Eta zer gertatzen da jatetxe korearreko obreroak sendabelarrak saltzen baditu Interneten, gaixotasun kroniko bat duen adiskide batek landatuak, zeina amak zaintzen baitu, ezertxo ere kobratu gabe?

Non jarriko genituzke hor Corbyn eta Varufakis? Nori mintzo zaizkio langile klaseaz mintzo direnean? Izan ere, Senegalgo emakume pobreak ez du ikusten bere interesak eta kontseilari ordezkariarenak berak direnik, eta jatetxe korearraren jabearenak ere ez, ezta kontratatzen duen obreroarenak ere. Rochdaleko 14 urteko emakume haurdunak hontzaren tankeran begiratzen die Corbyni eta, zer esanik ez, Zizeki.

Horrekin ez dut esan nahi emakume beltzak eta zuriak eta pobreak behar direnik emakume beltzak eta zuriak eta pobreak interpelaturik eta ordezkaturik senti daitezen, baina lagungarria litzateke populazioak noizean behin ikustea existitzen direla, hitz egiten dutela, agindu eta gidatu dezaketela, erakusteko moduko ideia eta praktika politikoak dituztela. Kontua ez da ezkerreko gizon horien diskurtsoek ez dituztela ordezkatzen: kontua da alde batera uzten, baztertzen, iraintzen dituztela —hala nola Zizekek Varufakisi esan zionean janaria ez duela partekatzen, baina, nahi bazuen, emaztea bai, eta barreak aditu ziren entzuleen artean—, komunikabideetan etengabe egotearen poderioz.

Egia da badirela ahots laborista batzuk esaten dutenak jendeari gehiago aditu behar zaiola. Ez dute aditzen, ordea. Ez baitira isiltzen.

Ezkerra krisi erabatekoan dago. Horregatik nagusitu da brexit-a. Langile klasea interpelatuko duen klase politika bat egiteko, hitz egiten utzi beharko zaio langile klaseari, parte hartzen utzi beharko zaio. Adin erdiko gizon zuri profesionalak dira Britainia Handiko —eta Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta, azken batean, Europako— ezkerraren bozeramaileak, kargudunak eta erreferentzia ezagunak, eta horiexek dira langile klaseko gutxiengo pribilegiatua: agian, horrek izango du zerikusirik langile klaseko gainerakoek ezkerra ostrazismora kondenatzearekin, gutxika-gutxika baina etenik gabe.

('Pikara magazine' aldizkarirako idatzia, eta erredakzioan itzuli eta laburtua)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.