Tere Maldonado.

Emakumeon gorputza gudu-zelai

2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Egun gutxiko tartean, bi albiste harrigarri ezagutzeko parada izan dugu. Ustez ohituretan oso aurrerakoia den Frantzian izan dira bi gertakizun larriok. Lehenengoan, Nizako hondartza batean, lau gizon armatuk (lau poliziak, alegia) emakume bat larrugorritzera behartu zuten edo, behintzat, jantziak arintzera, arropa gehiegi zeramatzalakoan; gizonak zutik, emakumeari begira, azken hori hareatan eserita, alboan alaba negar batean zeukala. Bestean, Frantziako bertako beste puntako kostaldean, pertsona talde batek kristoren jipoia eman zion topless egiten zegoen emakume bati, hori ere senar eta seme-alabekin zegoela. Senarrak ezin izan zuen emaztea lagundu, bera ere kolpatu baitzuten eta asko baitziren erasotzaileak. Hedabideek kontatu zutenaren arabera, «basatia» izan zen erasoa. Suposatzen dut kasu horretan ere seme-alabek negar egingo zutela.

Berri bion irudiak izugarri gogorrak dira. Bietan emakume bati inadarkeriaz behartzen zaio bere gorputzaren agerraldia halakoa edo nolakoa izatera. Bietan agerian gelditzen da emakumearen gorputza gudu-zelaia dela, Barbara Kruger artista feministaren espresioa erabiltzeko. Estatu, gizon batzuen zein gizartearen parte baten iritzietarako gudu-zelaia. Bien atzean, emakumezkoek bete beharreko jarraibide patriarkal osagarriak. Emakumearen nahia eta bere gorputzaren jabetza, erabat ezabatuta eta desagertuta.

Batean, emakumezkoaren gorputza estali, ezkutatu, gordetzeko moduko zerbait gisa ulertzen da. Mediterraneoan zehar ohikoa izan da emakumeak estalita bizitzea, uda beroetan ere, zapi eta arropa beltzekin tapatuta. Bale, agian hemen eta orain ez dugu zertan guztiz estalita joan, gorputzaren parte batzuk ikusgai egon daitezke, are gehiago hondartzan, baina muga batzuen barru: bainu-jantzian egon zaitezkete, dio aginduak, baina ez pasatu, gaineratzen du mehatxari. Begirada maskulinoak hor jarraitzen du, gizonezkoek ez dute segun eta zer ikusi behar (bestela, badakizu zer gertatu ahal den, ezta?); emakumeak titiak agerian uztea likiskeria hutsa da. Bularra airean daraman emakumea argi dago zer den, eta jokabideaz eta jarreraz ez badu aldatzen, jakin beharko luke zein den arriskua. Berdin minigonarekin bazoaz, neska, edo gauean bakarrik kaletik, edo parrandan bazaude eta tontakeriak egiten hasten bazara. Topless egiten zegoen emakumeari, astinduaren ondorioz lurrean botata zegoela, gizon gazte batek bainu-jantziaren beheko partea kendu zion bortxaz, argi adierazi nahian zer gertatu ahal zaion emakume bati marra gorria pasatzen badu. Zuk titiak erakusten dituzu (edo minigonarekin zoaz), bada, gero gerokoak. Agindu hau zantarkeriaren kontra eta begirunearen eta lotsaren izenean aurkezten da, tradizionalismo monoteisten ohiartzunak susmatu ohi direlarik. «Neska, zintzoa izan, zuzen jokatu, neskato on baten modura. Horrela ez duzu arazorik izango».

Beste muturrean, baina aldi berean aurrekoaren osagarri, beste genero-agindu dago emakumeentzat. Horren arabera, emakuezkoen gorputzak salerosketaren objektuak besterik ez dira, eta zentzu horretan, emakumezkook gorputza erakutsi, agertu, azaldu behar dugu, gizonezkoen gozamenerako eta eurek erabakitzeko erabili nahi duten ala ez. Europako hiri gehienetan topatu ahal ditugu erdi-biluzik doazen emakumezkoak, baita negu gorrian ere, gorputza bezeroei eskainiz. Agindu hori askapen sexualaren izenean luzatzen da, liberalismoaren kutsua nabaria izanik. «Neska, ez izan hain puritanoa, erakutsi(da)zu zertxobait, irekia eta modernoa izan».

Muturretako gizarte matxistan, emakumezkook bi aukerok ditugu, ez besterik. Batetik, puruak eta garbiak izateko parada ematen digute; ama eta emaztearen eginkizunetan zertzen den aukera dugu hori. Gizon bakar baten jabetza izaten gara horietan, aitarengandik senarrarengana pasatzen gara, aitarik ez badago neba ere tartean egon daitekeela. Bigarren aukera da gizon jakin baten itzalpean egon beharrean,edozein gizonarentzat izatea, gizon baten babesa eta kontrol zehatza barik. Santua ala puta («puta» ez baduzue esan nahi, esan «promiskua»). Aukeratu. Baina ez gelditu erdiko puntu batean.

Batek baino gehiagok zera esango dit, «hori orain, hemen (ezta Frantzian ere) ez da horrela; esageratzen ari zara». Eta egia da, ez da horrela, hemen eta orain askoz ere arinagoa da gure bizitza, ez da hain gordina, eta aukerak zabalagoak ditu hemengo eta oraingo emakume batek. Baina bi albiste horien bezalakoak agertzen direnean konturatzen gara geure aukerak hain estuak ez badira ere (feminismoaren zabalkuntzari esker, ez ahaztu), patriarkatuaren mugek hor jarraitzen dutela; eta krisialdi edo aparteko momentu berezietan (ikusi zer gertatzen den gerretan, baina baita jaietan ere) azaleratu egiten dira muturretako emakumeari buruzko kontzepzio patriarkalak. Oraindik ere, ele txar larrienetakoa «putakumea» da, hor gurutzatu egiten direlako emakumeen gaineko bi ikuspegiok. Gizon baten ama/emaztea ezin da puta izan, ez eta puta bat ama/emaztea ere; hori, ikuspuntu patriarkalarentzat, izugarrikeria da, kontzebitu ezina. Pentsamolde patriarkalarentzat, emakumezkoen askatasunak eta aukeramenak ez dute lekurik. Gizonek eta estatu patriarkalak (legeek eta abarrek) ezarri behar dute araua: eurek esan behar digute non, noiz, nola jokatu, eta geuk obeditu. Ez tapatu-ez erakutsi horrenbeste. Bi mutur horien artean oreka patriarkala aurkitzen omen da.

Horregatik behar dugu feminismoa. Gure gorputzak, gure bizitzak, geureak izateko. Eta, horrexegatik, feminismoarentzat desobedientziak jarraitzen du izaten lelo eta aldarrikapen. Geure gorputzak gudu-zelaia izateari utzi ahal izateko behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.