Legala, baina ez morala

Eztizen Miranda - EHUko irakaslea

2017ko abenduak 1
Herri batek bere historia ezagutzen ez badu, errepikatzera kondenatuta dago, bai eta historia ezagututa ere, oraina aldatzeko prest ez badago. Bestela, galdetu katalanei, edo are hobeto, PPko Pablo Casadori: «Companys aldarrikatutako independentziaren 83. urteurrena nabarmendu gabe igaro zen [urriaren] 6an. Uste dut historia ez dela errepikatu behar, espero dezagun bihar ezer ez aldarrikatzea. Baliteke berriro aldarrikatzen duenak orain dela 83 urte aldarrikatu zuena bezala amaitzea».

1932ko irailaren 9an Kataluniako Estatutua onartu zuen Azañaren Gobernuak, orduko PSOEk ere alde bozkatuta. Hori horrela, hauteskundeak izan zituzten Katalunian, eta 1934ko urtarrilean Lluis Companys izendatu zuten Kataluniako presidente.

Madrilen, bitartean, CEDA Espainiako alderdi eskuindarren eta katolikoen koalizioa zegoen gobernuan, 1933ko azaroan hauteskundeak irabazi ostean. Hori horrela, 1934ko urriaren 6an Kataluniako independentzia aldarrikatu bezain pronto, gerra egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta hurrengo egunean Generalitateko Jauregian sartu eta Companys eraman zuten preso, gainerako gobernukide eta parlamentariekin batera.

Horrez gain, 46 hildako egon ziren eta 3.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Kataluniako autonomia bertan behera geratu zen eta Espainiako Gobernuak ezarritako Generalitateko Batzorde batek hartu zuen agindua.

Franco diktadorea hil eta 42 urtera saiatu da berriro Katalunia independentziaren aldeko aldarrikapena egiten. Oraingoan, zorionez, hildakorik ez da egon, baina erabakitzeko eskubidearen alde bozkatzera joan ziren zibilen artean, ehunka zauritu egon ziren urriaren 1ean. Areago, orain dela 83 urte gertatu zen bezala, kartzelan sartu dituzte gobernuko zenbait kide. Presidentea ez dago kartzelan, momentuz, atzerrira joan zelako eta bertan jarraitzen duelako, Espainiako justiziak haren estradizioa eskatu duen arren.

Lluis Companysek ere erbestera egin zuen alde 1939an, gerra amaituta, baina hortik gutxira Frantzian atxilotu zuen Gestapok, Francoren aginduz. Behin Espainiako poliziaren esku, torturatu eta inolako bermerik gabeko epaiketa sumarisimo baten ostean fusilatu zuten Companys presidentea, 1940ko urriaren 15ean.

Espero dezagun Pablo Casadoren hitzak guztiz bete ez daitezen, Kataluniako Presidentea atzerritik etortzera behartuta ere, eta egungo zenbait epaiketaren bermea zalantzan jar dezakegun arren, fusilamendua txarto ikusita dagoelako gaur egun.

Egia da, bestalde, beste gauza hauek ere txarto ikusita daudela: agur faxista; Francoren diktaduraren irudia ordezkatzen duen bandera (nahiz eta ilegala ez izan); edota diktadorearen aldeko omenaldiak, batez ere omenaldi horiek egiten badira estatu-kolpearen ostean desagerrarazitakoen gorpuak gordetzen dituen hilobi baten alboan. Arazoa, ordea, izan daiteke askorentzat oso normalak direla ekintza horiek guztiak, baita gaur egun ere.

Kataluniako independentziaren harira gero eta pertsona gehiago agertu dira horrelako jarrerak babesten eta goraipatzen. Orain berpiztu den sua al da hori? Diktadorea 1975eko azaroaren 20an hil zen eta ohore guztiekin hilobiratu zuten Erorien Haranean, ohorezko lekuan, eta bertan jarraitzen du. Areago, arazoaren 20an, urtero, omenaldia egiten diote, besteak beste, Espainiako Gobernuak finantzatzen duen Francisco Franco Fundazioak; hori ere, diktadura garaiko bandera bezala, legala.

Bandera horri dagokionez, begi bakar bateko torero horrek harrotasunez erakusten badu zezena hil ostean; Katalunian ateratzen badute independentziaren aldeko manifestazio batean bertako jendea iraintzen duten bitartean; edo hauteskunde egunean eta edozein kontzentrazioan, bandera eskuan, biolentzia erabiltzea justifikatzen badute «por la unidad de España» dela argudiatuta, hori ez da delitua Espainiako Estatuan. Terrorismoa goraipatzea bai, delitua da, baina urteetan zehar tortura eta heriotza eragin zuen diktadura ez omen zen terrorismoa izan; horregatik, onargarriak dira haren aldeko mezuak. Hori bai, Ikurrina San Ferminetako txupinazoan ateratzen baduzu, kontuz, eta tabernetako liskarretan sartzeari buruz, ezta pentsatu ere egin.

Azken urteotan Giza Eskubideen urraketei buruzko hainbat txosten argitaratu dira Hego Euskal Herrian, esaterako, tortura eta erailketa kasuak aztertzen dituzten ikerketa-lanak. Urraketa horiek, berriz, ez ziren 1975ean amaitu, ezta 1978an ere. Agian horregatik blokeatuta dauka Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak prestatutako biktimen 12/2016 Legea, 1999ko abenduaren 31 arte sufritutako giza eskubideak aztertu nahi dituelako; 1936ko estatu-kolpeak piztutako sua bizirik dagoela horren agerikoa izan ez dadin.

XX. mendearen hasieran gertatu zen bezala, muturreko eskuina indarra hartzen ari da azken urteotan. Faxismoa deitzen genion orduan, orain eskuin muturra edo muturreko eskuina. Zorionez, ehun urte horietan gertatutako sarraski horien epaiketei esker, gertatutakoaren egia azaleratu ostean, giza eskubideen urraketei zenbait oinarrizko muga jarri dizkiogu, eta baliteke hori izatea izena aldatzeko arrazoietako bat.

Hala eta guztiz ere, egia bere osotasunean azaleratzea lortzen ez badugu, bandera frankistak normaltzat hartzen jarraitzen badugu, indarrez desagerrarazitako pertsonen hilobi baten alboan Cara al sol abesteak delitua izan behar duela onartzen ez badugu, eta justifikagarritzat hartzen badugu bozkatzera joategatik Poliziak jendea jotzea, pertsona bakar bat jotzen badu ere, baliteke giza eskubideen muga horiek berriro ere zeharkatzea eta, orduan, baliteke Pablo Casado horren oker ez egotea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna