Puigdemont, aske

Martin Aranburu - Artur Mas presidente ohiaren bulegoko aholkularia

2018ko apirilak 7
Stefan Zweig idazle austriarra oso gustuko dut. Atzoko mundua deritzon obran, bere bizitzaren, eta finean, bere Viena maitearen historiaren errepasoa egiten du. Bere burua hilzorian ikusiz, eta bere memoria osatzen zuten dokumentu, liburu, artikulu eta argazki guztiak atzean (halabeharrez) Austrian utzita, Europak XX. mende hasieran pairatutako indarkeria garaiaren errepaso mingarria eta lazgarria egiten du. Hain zuzen, jakintza absolutuaren ataritik imajinatu ezinezko dekadentzia moralerainoko garapen sozialaren deskribapena egiten du. Bada, irakurle, Espainiak Kataluniako prozesuari aurre egin dion modua ikusita, Zweigek hainbestetan salatutako autodekadentzia moral prozesua datorkit gogora. Errealitate bat eraikiz, berau sinetsaraziz, eta diskurtsoa eraikitzeko baliagarriak diren prentsa mekanismo guztiak helburu amankomunaren zerbitzura jarriz, objektiboki defendaezina den errealitate bat baino ez da onartzen. Zweigen Vienak pairatutako nazismoak egin zuen bezalaxe. Espainiako Auzitegi Gorenak egin duen bezalaxe.

Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak Puigdemonti matxinada delitua egoztea «onartezina» dela ebatzi zuen herenegun. Beraz, gezurra da Gorenak dioen matxinada egon zela. Alemaniako epaileak ukatu egiten du Generalitateak indarkeria sorrarazi zuela ere. Eta diru publikoaren erabilera txarra egin ote zen, aztertu egin behar du epaileak. Auzitegi Gorenak ezarritako euroaginduak, hortaz, indarrean jarraitzen du, eta, ondorioz, Espainiaratua, atxilotua, epaitua eta zigortua izan daiteke oraindik presidentea. Halere, Espainiaren porrota latza da, Europar Batasunean Kataluniako prozesuaz azaldutako errelatoa gezurtatu egin baitu Alemaniako epaileak. Egia, kontakizunaren zuzentasuna, Kataluniako independentismoak du, ez Espainiak. Horrek, praktikan izango duen balioa ikusteke badago ere, moralki pisu izugarria du.

Independentismoak hurrengo egunetan estrategia birdefinituko du, beste behin. Parlamentuak presidente bat izendatzeko epea martxan jarri zenetik, presioa egiten du egutegiak. Eta asko, inork ez baititu hauteskundeak errepikatu nahi. Horrek, praktikan, hautagai «garbi» baten izendatzea zekarren, nahiz eta publikoki desobedientzia eta konfrontazioaren bideari eutsi nahia plazaratzen zen. Diskurtsoa bat zen, eta bulegoetako errealitatea beste bat. Orain, ordea, konfrontazioaren estrategiak bultzada garbia izan du. Alemaniako epailearen erabakiak eta martxoaren 23an Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuari Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko ebazpenak 180 graduz aldatu du panorama. Hilaren 23rako gobernua osatzeko konpromisoa hartua dute alderdi independentistek, eta asteburu honetan litekeena da Roger Torrentek berriz ere Sanchezen hautagaitza mahaigaineratzea. Lehenengo itzulian ez, baina bigarren itzulian Sanchez aukeratua izateko botoak lotuak ditu jada CUPekin. Kontrakoa esango badute ere. Llarenak du, ordea, azken hitza, nahiz eta Nazio Batuetako Batzordearen ebazpenak zer egin behar duen oso garbi esan dion: eskubide politikoak ezin dizkio zapaldu, eta ondorioz, bozkatua eta aukeratua izan dadin parlamentura joateko aukera bermatu beharrean dago.

Egoera latza du parean Llarenak. Europar Batasuneko estatu bateko sententzia juridiko bati ezin dio muzin egin. Eta, ondorioz, Puigdemonti egotzi ahal dion delitua, finean, bakarra da: diru publikoaren erabilera okerra. Euroagindua bertan behera utzi dezake, eta Frantzia noiz zapalduko zain egon eta sedizioa barnean hartuko duen euroagindua berraktibatu lezake. Baina ez dut uste Alemaniari horrelako keinu itsusia egiten «utziko» diotenik. Aitzitik, espetxean daudenei matxinada delitua egotzi ezin diezaiekela onartu beharko du, nire ustez.

Dena dela, hausnarketarako beste elementu bat azaldu nahi nuke. Zein da independentismoaren aldeko populazioaren portzentaia igotzeko subiranistek duten estrategia? Gobernurik ez dugu, eta presidentea nor izango denaren arabera, gobernua osatuta ere, bere kudeaketa praktikorako ahalmena zein izango den ikusteke dago. Eguneroko arazoei erantzuna emateko ahalmena frogatzen ez duen ideologiak, indefinizio kuota handi samarrak dituen independentziaren aldeko sostengurik irabazi ahal du? Batzuetan, txinatar esaera famatua hartuta, Katalunian, ilargiari baino, behatzari begiratzen diogula uste dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna