Guda aurreko atsedena

2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Udazkena oso mugitua izango da Katalunia aldean, prozesu politikoak bi data garrantzitsu izango baititu: Diada etakontsulta. Irailak 11 dituenean Diada, eta azaroak 9 dituenean kontsulta. Bi data horiek Kataluniako zein Espainiako agenda politikoek gorriz daukate markatuta, egun horietan erabakiko baita Kataluniako prozesuaren bilakaerak arrakasta edo porrot bidea hartzen duen. Iraila heldu baino lehenago, teorian lasaigarria beharko zukeen abuztua eta oporraldia datoz, guda aurreko atsedena bailitzan. Halere, Kataluniako politikak duen erritmoa ikusita, zaila da hemen lasaitasunik izango denik pentsatzea. Bestela ikusi azken asteetan gertatutakoa.

Mas eta Rajoyren arteko elkarrizketa egon da. Masek Rajoyri kontsultaz aparteko bestelako arazoak aurkeztu bazizkion ere, kontsultaren inguruko desadostasun sakona agerian geratu zen berriz ere. Kataluniak marko legal espainiarrean zein kataluniarrean oinarrituriko kontsulta egingo duela dio; Rajoyk, berriz, kontsulta ez dela inolaz egingo. Espainiako gobernua kontsultaren inguruko kontsentsu politikoa hausten nola saiatuko den ikustekoa da hurrengo hilabeteetan, baina Masen determinazioa sendoa da. Elkarrizketak jarraituko du, ziurrenik, baina erdibideko konponbiderik topatzea zaila da. Finean, bi subiranotasunen arteko talka baita.

Hiru alderdietan gidaritza aldaketa egon da. Convergènciak ere aldaketa bikoitza izan du. Etxe barrukoa lehenengoa, eta Unió Democràtica de Catalunyarekin (UDC) duen CiU federazioan bigarrena. Jordi Pujolek sortutako iskanbila kolpe gogorra izan da CDCrentzat. Ustelkeria kasuak han hemen ateratzen diren unean, ukiezina zen mitoa galdu du CDCk. Egonkortasunean inor baino hobeto dantzatzen dakien CDCri oinarri sendoenak desagertu egin zaizkio egun gutxitan: lehendabizi Oriol Pujol, eta segidan bere aita Jordi.CDCren gorengo gidaritza politikoa duena Mas da, baina gobernuaren presidente izanda alderdiaren eguneroko erronkei aurre egitea ezinezkoa zaio. Ia urte eta erdi idazkari nagusi gabe egon ostean, Josep Rull izan da aukeratua. Rullek independentziaren aldeko diskurtso garbia egiten du, eta, beraz, CDCk prozesu politikoaren alde egiten duen apustua indartu egiten da. Gobernuaren kudeaketak eta murrizketek CDCri zama handia dakarkiote, baina ekonomiaren datuak gorako tendentzia erakusten hasiak direla ikusita, CDCn epe ertainerako itxaropentsu dira. Epe ertaineko baikortasun horretan zerikusi handia du federazioan, CiUn, egindako beste aldaketak ere: Duran i Lleidak bertan zituen kargu batzuk utzi ditu. Hau da, CDCren prozesu eta independentziaren aldeko diskurtsoak sinesgarritasuna izateko zuen trabarik handiena alde batera egin du. Duran independentista ez dela jakina da, eta Espainian txertatzeko modu berri bat topatzeko baliagarri izango den negoziazioaren aldekoa dela, hirugarren bidea delakoa (ez gero Anthony Giddensen planteamendu neosozialdemokratekin konfunditu!). Lehenaldian diskurtso desberdin hauekin jolasteko aukera izatea baliagarria izan da CiUrentzat, baina, gizartea guztientzat aldatu da, ez soilik PSCrentzat, eta orain estatu propioarekiko konpromiso garbiak ematen du Kataluniaren interesen defentsaren gakoa. Esanguratsua zentzu horretan Europako hauteskundeak baino lehenago aztertzeko aukera izan nuen ikerketa soziopolitiko baten irakurri nuen galdera eta erantzuna. Galderak zioen: «Zein da, zure ustez, Kataluniaren interesak hobeto defendatzen dituen alderdia?». Erantzuna: «ERC». Egoera horretan, zentralitate hori berreskuratzea CDCrentzat premiazkoa da, eta horretarako diskutsoan uniformitate bat beharrezkoa da.

Partit dels Socialistes de Catalunya (PSC) alderdiak lehen idazkaria aldatu egin du, eta Pere Navarroren ordez Miquel Icetak hartu du alderdiaren gidaritza nagusia. Izendapena atzerapausoa dela esatea ausartegia bada ere, sozialistek planteamendu berritzaile eta ausart bati uko egin diotela garbi dago. Orain Icetak erronka zailak ditu, baina hiru ezinbestekoak eta premiazkoak: barne banaketa desberdinek eragin duten auto zapuzketa prozesua gelditu; inkestek behin eta berriz ikusarazten duten galera tendentzia aldatu (Bartzelonako udalerako hauteskundeak orain egingo balira PSC bigarren indarra izatetik laugarren indarra izatera pasatuko litzatekeela jakin berri dugu), eta hirugarrena, galera elektoralarekin oso erlazionatuta, sozialista kataluniarren diskurtsoa sinesgarri egitea. Aspalditik PSOE berak diskurtsoa asumitzen ez duela garbi dago; halere, PSC Espainiaren federalizazioaren aukera hori defendatzen tematu egiten da, eta ezin du bere buruaz beste egiten duen tendentzia hori geratu. Kataluniaren zentro politikoa azken urteetan mugitu egin dela ez dute ikusten edo ikusi nahi. Badu lana Icetak.

Azaldutako alderdien aldaketa horiei hau gehitu: Balantza fiskalen publikazioa; Merkel alemaniarrak eta Valls frantsesak statu quo-a defendatu eta Rajoyrekin bat egin dute, eta Assemblea Nacional Catalanak (ANC) aurtengo Diadan Avinguda Diagonal eta Gran Via bilduko dituen V erraldoi bat egiteko ekitaldia aurkeztu du.

Hemen politika ziztu bizian doa. Ea abuztuan lasaiago hartzen duten eta atseden pixka bat hartzen dugun denok. Guda aurreko atsedena izango da baina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.