Turismoaren tsunamia

Miren Urquijo - EHUko antropologoa

2016ko martxoak 25
Turista olde gero eta handiagoek beldurra eragiten dute tsunami bat izango ote den. Kalean dago kezka. Donostiako hainbat forotan, eramateko moduko turismo baten eske ari dira. Larritasun horrekin bat natorrenez, prospekzio ariketa bat proposatzen dizuet, jokalekuen metodoaren arabera irudikatu ahal izateko nolakoa litzatekeen Donostia tsunami hori gertatuz gero.

Jokaleku bat sortuko dut nire seme donostiarrarentzat eta haren 12 urteko lagunentzat. Izan ere, iraunkortasunaz mintzo garenean, etorkizunera begira jartzen gara, NBEren 1987ko Brundland txosteneko definizio klasikoak dioen bezala, «etorkizuneko belaunaldiek beren beharrizanak asetzeko izango duten gaitasuna arriskuan ez jartzeko». Eta prentsan etengabe argitaratzen dituzten turismo datu itxaropentsuekin konparatzeko asmoz, batere desiragarria ez den jokaleku bat sortuko dut, baina litekeena den bat, eguneroko bizimoduko aldagai funtsezko batzuen inguruan.

Abiaburu gisa, Donostiako San Bartolome ikastetxea hartuko dut, eta hotel bihurtuko; metafora bikaina, jokaleku horretan lanari eta hezkuntzari buruz gogoeta egiteko. Nire semeak ez du hor ikasi nahiko. Esango dit: «Zertarako? Tabernetan, hoteletan eta nazioarteko marken dendetan dago-eta lana. Ikasi nahi duten nire lagunek kanpoan egin nahi dute-eta lan, eta gero turista gisa itzuli Donostiara». Niri gogora etorriko zaizkit hainbat ikerlan, zeintzuetan ondorioztatzen baita turismo merkatu helduetan tokiko biztanleentzat geratzen direla kualifikazio txikieneko lanak. Eta isilik geratu beharko dut.

Hurrengo, nire semeak etxe bat aurkitu nahiko du independente izateko, eta turistikoa ez den eta jokaleku horretatik urrun dagoen toki aldirikoren batean hasiko da bila. Donostiako Parte Zaharrean, 2015eko urrian, Parte Zaharrean Bizi elkarteak 22 apartamentu detektatu zituen Abuztuaren 31ko kalean, 14 Fermin Kalbetonen, eta askoz gehiago Parte Zaharreko beste kale batzuetan. Sektoreari hainbat abantaila dakarzkiote Interneteko zenbait atarik, hala nola Airbnb eta HomeAway izenekoek, eta, aurrez ikustekoa denez, alokairuen merkatua beren-beregi turismorako izango da jokaleku bihurtu dugun hiriaren erdialdean, askoz ere errenta handiagoak baliatuta. Irudikatzen erraza da, halaber, atzerriko inbertsio funtsak etxebizitzak erosteko interesa izango dutela munduko zerrendetan hain ongi kokaturiko hiri batean, eta horrek are gehiago handituko ditu salneurriak. Horregatik, halako jokaleku batean, nekez azaldu ahalko diot nire semeari, eta haren lagunei, tokiko erakunde publikoek zergatik inbertitu zuten hainbeste diru bai azpiegituretan eta bai publizitatean, turismo sektorearen eskaerei men eginez, hain baztertzaileak baldin badira jarduera ekonomiko horrek ekarritako onurak. Eta turismoaren inguruko ikerlan kritiko askok ere erakusten baldin badute handitzeko joera duela itzulketa tasa edo leakage delakoak, alegia, turismo jarduerak ekarritako hazkunde ekonomiko hori ez dela geratzen jomuga lekuan; edo ez dela iristen, sorterrian aurrez dena ordainduta datozelako atzerritarrak.

Azkenik, nire semeak eta haren lagunek irribarre egingo dute jokaleku horretan, betiere. Turistaren umore onaz kutsatuko dira, oporretan dagoenaren jarrera lasaiaz. Irribarre egingo dute, turistek etengabe okupatuak izanagatik ere erdialdeko espazio publikoak, eta jada ez balio izanagatik ere gizarte kohesiorako nodo gisa. Nola irribarre egin eta bizi elkarrekin halako okupazio etengabe batean, atergabe joan-etorri dabilen baina sekula itzultzen ez den jende olde horrekin? Hiriburutzaren leloak (Elkarrekin bizitzeko kultura) aurkitu du bere erantzuna. Turismoarekin batera bizitzeko kultura? Hain zuzen ere, horixe da proposamena. Anfitrioi moduan jokatzen ikastea. Donostiako Turismo Bulegoak Donosti, Smiling City (sic) leloa atera zuen 2011n, eta haren ispilu da Donostiako Udalak hedabideei 2016an aurkeztu zien Harrera Plana. Udalaren webgunean, honela esan zuten: «Ostalari Plana: herritarrek Hiriburutzan parte hartzeko». Egunkarietan zera esan zuten: «Donostia 2016ren enbaxadore izateko eskolak»; baita hau ere: «Donostiarrismo ikastaroak». Plan horrek hainbat jarduera dakartza, hiritarrak prestatu, eta Hiriburutzara bisitan datozenak hobeto hartzeko asmoz. Haren azaleko argazkian, anfitrioiak irribarretsu ageri dira Kontxan, argazkirako pose berariazkoan. Hala nola agertuko baitira irribarretsu nire semea eta haren lagunak beren jokalekuan. Turismo sistemak bere egingo ditu haien kultura ekitaldi eta jarduerak; hizkuntza paisaian ingelesa gailenduko da, nazioarteko hizkuntza izaki; eta turismorako kultura simulazio bihurtuko dira festak, dantzak eta, are, elkarbizitza forma zenbait. Azken batean, turismoaren begirada kanibalak performatua izango du Donostia, bere itxaropenen arabera. Eta jokaleku horretan, anfitrioi onen modura, irribarre egingo dugu, betiere irribarre egingo dugu.

Irribarre izoztu horrekin amaitzen da ariketa. Baina badira bestelako jokaleku posible batzuk, desiragarriak. Sor ditzakegu.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna