Albistea entzun

Jolasik gabeko tronuak

Teodoro Obiang Ekuatore Gineako presidenteak 74 urte bete zituen igandean, eta abuztuan 37 urte egingo ditu agintean. Afrikako sei agintarik 25 urte baino gehiago daramatzate boterean; oposizioek bozetan iruzur egitea leporatzen diete. Herriaren askatzaile ziren askok diktadore sona hartu dute.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Gartzia Badiola -

2016ko ekainak 7

Beren herrien askatzaile gisa iritsi ziren asko boterera. Haien izen-abizenak hertsiki loturik zeuden independentzia mugimenduekin edo deskolonizazio prozesuekin, baina hasierako irudi hura lausotuz joan da historiak aurrera egin ahala. Hainbati egotzi izan dizkiete giza eskubideen aurkako krimenak eta hauteskunde iruzurrak egitea, bai eta funtsak bidegabeki erabiltzea ere. Mendebaldearen ikuspegitik, «diktadore» etiketa daramate soinean, eta oposizio buruek bat egiten dute kritikarekin. Teodoro Obiang da aginte makila esku artean hartuta denbora gehien daraman agintaria. Igandean, 74 urte egin zituen, eta, abuztuan, 37 urte beteko dira estatu kolpea eman zuenetik. Jose Eduardo dos Santos, Robert Mugabe eta Paul Biya dira hurrengoak zerrendan. Freedom Housek plazaratutako txosten baten arabera, gobernatzen dituzten herrialdeak «ez dira libreak». Erakundeak estatuen eskubide demokratikoak eta zibilak aztertzen ditu, eta kolokan jarri du munduko buruzagirik «zaharrenen» zilegitasuna.

Andres Esono Ondo Ekuatore Gineako oposizioko burua bat dator erakundearekin. Obiangekin herrialdeak berdin jarraituko duela salatu du: «Krisi ekonomikoa, pobrezia, miseria, langabezia... ez da ezer aldatuko». CPDS Demokrazia Sozialerako Konbergentziak ez zuen iragan apirilaren 24an egin ziren bozetara aurkezteko ahalegina ere egin. Obiangen izena zuten botopaperen %99,2k; hortaz, beste zazpi urtez egongo da tronuan. «Bakea, egonkortasuna, garapena... Makina izorratuta ez baldin badago, zergatik konpondu?», zioen Obiangek.

URRE BELTZAREN BOTEREA

Afrikako lurralderik txikienetarikoa da Ekuatore Ginea. Espainiako kolonia izan eta gero, 1968ko urrian lortu zuen independentzia, baina Francisco Macias Nguema lehen presidenteak ez zuen denbora asko behar izan estatuko botere guztiak bere gain hartzeko. Hamar urte geroago, haren ilobak zuzendutako estatu kolpe baten ondotik erori zen Macias. Epaitu eta fusilatu egin zuten. Obiang zuen iloba, Black Beach presondegi entzutetsuko zuzendaria. Estatu kolpeari Askatasunaren Kolpea deitu zitzaion ofizialki. Egun, baina, askatasunetik gutxi du herrialdeak giza eskubideei erreparatuta.

Petrolioari eta gasari dagokienez, berriz, aberatsa da. Oreka gabeziaren erruz, baina, herritarren bi heren baino gehiago egunean euro batekin baino gutxiagorekin bizi dira, eta presidenteak, berriz, luxuzko autoak pilatzen ditu. Obiangen aurkako diru zuriketa kasuak direla edo herrialde osoan hedatutako ustelkeria dela, urre beltzak immunitate osoa eman dio presidenteari. Nazioarteko agintariek beso zabalik eman izan diote ongietorria; tartean, Nicolas Sarkozy, Kofi Annan eta Mariano Rajoy.

GERRILLATIK TRONURA

Obiangek baino bi hilabete gutxiago darama agintean Jose Eduardo dos Santosek, 1979ko irailaz geroztik. 18 urterekin, kolonialismoaren aurkako ideiek erakarrita, MPLA Angola Askatzeko Herri Mugimenduan eman zuen izena Dos Santosek. Lehendabizi, Portugalgo kolonialismoaren aurka borrokatu zen; gero, gerra zibilean —Kubako armadaren laguntza izan zuen MPLAk—, eta 1979an iritsi zen boterera, Agostinho Neto presidente zenduaren lekukoa hartuta. Egoera ezegonkorrean zuzendu zuen herrialdea, gerrak 2002ra arte iraun baitzuen. Egundaino ez du aginte makila askatu, baina, 73 urte beteta, iraungitze data jarri dio agintaldiari: «2018an utziko dut politika», esan zuen joan den martxoan. Ez zuen baieztatu, ordea, datorren urteko presidentetzarako bozetara aurkeztuko den ala ez. Dena den, orain arteko hauteskunde prozesuek itzal asko dituzte. Oposizioak sarri salatu izan dio MPLA alderdiari iruzurkerian ibili izana.

Angolak inoiz ezagutu duen krisi ekonomikorik larrienetakoarekin egin dute bat Dos Santosen azken adierazpenek. Petrolioaren prezioaren beherakadaren ondotik, gobernuak hainbat herri lan eten eta gastuak murriztu ditu. Ez dira igaro hiru urte ere gobernuak presidentearen gastuen aurrekontua %50 puztu zuenetik —Osasun Ministerioari eskainitakoa baino handiagoa—. Uste da Dos Santosek 16.000 milioi euroko aberastasuna gordetzen duela.

MUGABE, «HILEZKORRA»

Maiatzaren 25ean, milaka lagunek Robert Mugabe Zimbabweko presidentearen aldeko martxa egin zuten Harare hiriburuan. Haren aldeko errezoak entzun zitezkeen ibilbide guztian: «Mugabe kamarada ez dago gaixorik, jendeak gezurra dio», abestu zuten jarraitzaileek. Azken zurrumurruek diote larri dagoela Zimbabwek ezagutu duen presidente bakarra, 92 urtekoa. Baina ez da ezer berria: Wikileaks atariak 2011n zabaldutako informazioak zioen prostatako minbiziaz hiltzen ari zela agintaria. «Askotan hil naiz; horretan irabazi egin diot Kristori. Kristo behin hil eta behin berpiztu zen». Mugaberen hitzak 88 urte bete zituen egunekoak ziren. Ospakizunean, 730.000 euro xahutu zituen, nahiz eta herritarren zati handi bat pobrezian bizi.

Carlos Garaikoetxeak Gernikako Juntetxean lehendakari karguaren zin egin eta hamar egunera egin zuen gauza bera Mugabek, 1980ko apirilaren 20an. Estatu jaioberria zen Zimbabwe, eta independentziaren alde eta apartheid-aren kontra egindako borrokagatik heroitzat zuten Mugabe. Baina hasierako ospea galduz joan da, krisi ekonomikoa areagotu den heinean. Afrikako herrialderik aberatsenetarikoa izan ostean —Afrikako bitxia esaten zitzaion—, lokatzetan hondoratuz joan da; batez ere, 2000. urteaz geroztik. 2008an, herrialdeko moneta paralizatu egin zuten. Inflazioa %231 milioikoa zen, eta langabezia tasa %80koa. Halere, jende askok lanera joateari utzi zion: irabazten zuenarekin alderatuta, garestiagoa zitzaion lantegira autobusez joatea.

Nazioartean entzutetsu egin zen Mugabe; azal zuriko baserritarren lurrak nazionalizatu zituen 2000. urtean. Herrialdearen %1 izanagatik, zuriek lurren %70 zituzten. Lur haietako asko Mugaberen eta ingurukoen eskuetan gelditu zirela salatu izan dute gobernuaren aurkako ahotsek.

ALDERDI BAKARRA

Duela bi hilabete, Kamerungo Kah Walla politikaria atxilotu zuten, eskuorriak banatzen ari zen bitartean. Hala salatu zuen Freedom House erakundeak. Protestara deitu nahi zuen Wallak, konstituzioaren aldaketaren aurka. Erakunde horren azken txostenaren arabera ere, Kamerun ez da herrialde askea: «300 alderdi politiko egon arren, Kamerun, funtsean, alderdi bakarreko estatua da». Gobernuaren eraikinetako koadroak ikusi besterik ez dago: Paul Biya presidenteak eta CPDM alderdiak 33 urte eta zazpi hilabete daramatzate agintean.

Oposizioak estu hartu zuen Biya 1992an, Kamerungo Bankuen Sozietatea porrotera eramatea egotzi zionean. Urte berean, hauteskundeak egin zituzten, eta oposizioko buru John Fruk garaipena aldarrikatu zuen. Kamerungo Auzitegi Nagusiak, ordea, Biyari aitortu zion garaipena, bozen %75 lortuta. Agintariek Fru atxilotu egin zuten, gerra zibila antolatzea egotzita.

MUSEVENI, 2021ERA ARTE

Ugandan, beste horrenbeste. Bosgarren aldiz jarraian irabazi zituen bozak Yoeweri Musevenik joan den otsailean. Bazirudien oposizioko buru Kizza Besigyek aukerak izango zituela Museveni boteretik kanporatzeko, baina, iruzur salaketak zirela medio, ez zen halakorik gertatu. Poliziak kartzelan giltzapetu zuen Besigye hauteskunde bezperan eta hurrengo egunean. Musevenik mandatu osoa amaituko balu 2021. urtean, 35 urte beteko lituzke agintean.

Maiatzean izendatu zuten presidente Museveni, eta ekitaldira Afrikako hainbat agintari joan ziren; tartean, Zimbabweko presidente Robert Mugabe eta Sudango presidente Omar al-Baxir. Nazioarteko Zigor Auzitegiak al-Baxirren atxilotzea exijitu zion Ugandako Gobernuari, Darfurko gatazkan genozidioak egitea leporatzen baitio. Museveni zuzen mintzatu zen prentsaurrekoan: «Nik ez dut babestuko auzitegia. Baliorik ez duen jendez betetako taldea da».

Afrikako konstituzio gehienek bi legealditara mugatzen dituzte agintaldiak, baina, behin denbora hori igarota, mandatari asko tronuari eusten saiatzen dira. Immunitatea galtzearen beldurrez egiten dute askok, ustelkeria kasuetan nahastuta daudelako hainbat.

«GORTINAZKO DEMOKRAZIA»

Uzbekistanen ere oso barneratuta dago ustelkeria, Gardentasunerako Nazioarteko Erakundeak zabaldutako txostena aintzat hartuz gero. Erakundeak 153. postuan jarri du Uzbekistan, 167 herrialderen artean egindako azterketan. Hark dioenez, oso handia da uzbekistandarrek ustelkeriaren inguruan duten pertzepzioa. Zaila da, ordea, pertzepzio hori hedabideetan hautematea. Gobernuak kontrolatzen ditu hedabide gehienak, eta atzerriko hedabideek galarazita izan ohi dute sarrera. Politikoki ere argitasun gutxi du Uzbekistanek. «Gobernuak oposizio politiko oro ezabatu nahi du. Gutxi dira jardunean jarraitzen duten ekintzaile zibilak eta kazetari kritikoak, eta indarkeria fisikoa eta pertsekuzioa jasaten dute», dio Freedom Housek.

Sobietar Batasuna eraitsi zenez geroztik, herrialdeak izan duen agintari bakarra da Islam Karimov. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko ikuskatzaileek nabarmendu dute hauteskundeek «eztabaida eta hauteskunde eskasia» dutela. Azken emaitzek berretsi egin zuten Karimoven monopolioa: bozen %90 eskuratu zituen. Gortinazko demokrazia bat eraikitzea salatu izan diote nazioartetik. Azken urteetan, gainazaleko aldaketak abiarazi ditu, nazioarteko arauetara egokitzeko —2008an, heriotza zigorra indargabetu zuen—, baina, funtsean, arau horiek ez dira bete. Oraindik ere disidenteek torturak eta tratu txarrak pairatzen dituztela salatu du Amnesty Internationalek.

DEBYREN BIDE LAUA

Txaden, Idriss Debyk botoen %61,56 lortu zituen apirilean. Oposizioarentzat, «ezinezkoa zen hautagai bakar batek ere lehen itzulian irabaztea». Nazioartetik, ordea, gutxi dira Debyren garaipena kolokan jartzen dutenak. Mendebaldearen aliatu nagusi bihurtu da eskualdeko jihadismoaren aurka, eta horrek zigorgabetasun osoz jarduteko modua egin dio gobernuari.

Otsailean, hauteskundeen aurretik, tentsioak goia jo zuen N'Djamena hiriburuan: bost gaztek neskato bat bortxatu zuten. Erasotzaileak jeneralen eta gobernuko ministro baten semeak izan ziren. Jendea suminduta atera zen protestan, erasoa eta gobernuaren zigorgabetasuna salatzeko. Erantzuna, beste hainbatetan bezala, errepresioa izan zen. Poliziak bi adingabe hil zituen manifestazioetan. Lehen aldiz, oposizioaz gain, milaka eta milaka herritarrek bizkarra eman zioten Debyri. Kartelen bidez, hauteskundeetara ez aurkezteko eskatu zioten. Hautetsontzietan, baina, ez du aurkaririk Debyk, bidea laua baitu: Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Nagusian nahiz Hauteskunde Batzordean, gobernuko MPS Askapenerako Mugimendu Abertzaleko ordezkariak baino ez daude. Oraingoz, mende laurdena bete du boterean, jolasik gabeko tronuan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mafapo Positibo Faltsuen Amak elkarteko kide batzuk, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Kolonbiako positibo faltsuak

Cecilia Valdez

Uriberen agintaldian, militarrei emaitzak galdegiteko asmoz aurrera eraman zuten Segurtasun Demokratikoaren Doktrina. Egiteko hark premiaturik, soldaduek milaka gazte pobre exekutatu zituzten judizioz kanpo. Soachan 2007 eta 2008 artean gertaturikoa da adibideetako bat.
 ©DAVID FERNANDEZ

«Marokok ikasi du horrelako ekintzek dirua ematen diotela»

Olatz Silva Rodrigo

Ekainaren 24an Melillan gertatutakoa argitu nahian, ikerketa egin du Lighthouse Reportsek. Eta bertan hartu du parte Jose Bautista kazetariak. Pertsona bat Espainiaren kontrolpeko lurraldean hil zela egiaztatu dute.
Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza. ©EFE

Europako Parlamentuko presidenteorde bat atxilotu dute, ustelkeria egotzita

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Bost lagun atxilotu dituzte guztira. Poliziaren arabera, Qatar Europako Parlamentuan hartzen dituzten erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izaten ahalegindu zen, besteak beste, atxilotuen bidez.

Pedro Castillo, Poliziaren autoan, asteazkenean atxilotu berritan. ©RENATO PAJUELO/ EFE

Pedro Castillok Mexikori egindako asilo eskaera berretsi du kartzelatik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Peruko presidente ohia preso egongo da, oraingoz, hilaren 13ra arte. Dina Boluartek Mexikoren esku utzi du asilo eskaeraren auzia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.