Kataluniako prozesua indarkeriarik gabeko ikuspegitik

2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Herriek beren askatasuna erdiesteko abiatzen dituzten ahaleginek, eta oro har edozein eskubide lortzeko egiten diren borrokaldi askok irakasten dutenez, gogoeta batzuk partekatu nahi ditut, Kataluniako herria, libre izateko, egiten ari den saiakerak niri behintzat irakatsi didana azaltzeko.

Azken urteotan, gutxienez katalanen azken estatutua Espainiako Kongresuan birrindu zutenetik, gertatu diren pasarte guztiak ez ditut aletuko, aski ezagunak baitira, baina pare bat gauza nabarmentzea merezi du. Behetik gorako prozesua izaten ari da katalanena, hau da, herria izan da, batik bat herri antolatua, eta ez partidu politikoek, katalanen jarrera historikoa zilipurdikatu duena. Azken mendean inor paktista izan bada, hori Katalunia izan da, estatu espainolarekin ondo konponduz, hiriburuan, Kongresuan eta Gobernuan eragina izanik, uste izan dute eskumenak pilatzen joango zirela, eta hala izan da hamarkadatan, ziklo autonomistan ere bai. Jarrera hori, ordea, ez da aski izan autodeterminazio-eskubidea praktikan jarri nahi izan denean. Jakitun Espainia ez dela Ingalaterra, ez Kanada, ez Txekia, ez Errusia, autodeterminazio-eskubidea negoziatzerik ez da izan, eta uste izanik ere askoz txukunagoa dela aldebikotasunez jardutea, adibidez banantzekotan jarrera dotoreena akordioz banantzea dela, aldebakarreko bidea hautatu behar izan dute; bide askoz ere zailagoa, nekosoagoa eta arriskuz betea, ikusi ahal izan denez.

Jauzi horretan erabakiorrak izan dira herritar antolatuak, bereziki ANCn eta Omnium Culturalen bilduak, partiduen inertziak gainditu eta bide propioan abiarazteko. Nork pentsa zezakeen CiUk sekula pauso hori emango zuenik, behetik etorritako olatu horren eraginik gabe? Gauza bera gertatuko da abertzaleen artean hegemoniko den EAJren kasuan: ez du beste biderik hartuko herritar antolatuek behartzen ez badute, eta bide hori hartzen badu, izango da aldi berean, partidu horren barruan benetako abertzale erabakituak badirelako, Puigdemontek eta enparauek erakutsi dutenez.

Urriaren 1az geroztik aski gorabeheratsua izan da katalanen prozesua. Esango nuke egunero oparitu digutela sorpresaren bat, eta beti ez dugula egoki interpretatzen jakin (independentistek eurek ere ez) hartutako erabaki batzuk; adibidez, zalantzak egon dira Errepublika aldarrikatu duten edo ez jakiteko, noiz egin duten, zertarako suspenditu duten aldarrikatu ondoren, eta aldiz zalantzabako dokumentua idatzi duten; adibidez, Parlamenten bozkatutakoa balio juridikorik duen ala ez, mamia testuaren sarreran edo gorputzean kokatuta egon delako, eta abar.

Are zailagoa izan da irenstea zer dela-eta batzuk Belgikara joan diren beste batzuk bertan geratuta, kartzelaren atarian. Zaila baino zailagoa izan da conseller-ak, erbestetik eta espetxetik, buruzagiak irratietan eta blogetan esaten aritu direna konprenitzea, Errepublika kudeatzeko prestatuta ote zeuden zalantzan jarriz, eta abar. Edo Audientzia Nazionalean zer esan ote duten aske ateratzeko. Gutako bakoitzak dagoeneko iritzi bat dauka horretaz guztiaz.

Marta Rovirak (ERC) azaldu du inork baino garbiago, Govern-eko kide batzuen hitzak argituz, zer dela-eta entregatu zuten administrazioa, erresistentziarik gabe, 155. artikulua ezartzera etorri zirenen eskuetan: indarkeria muturreraino erabiltzeko prest zeudela esan ziguten, eta guk ez genuen odolik eta hildakorik nahi. Hitz horiek Directa aldizkarikozuzendariak (Jesus Rodriguez, errepresio- eta segurtasun-gaietan adituak) baietsi ditu: armak eta militarrak deskargatzen aritu dira Kataluniako kasernetan, eta zalantzarik gabe esan dezakegu armada prest zegoela armak erabiltzeko, erresistentzia aurkituz gero. Indarra ez erabiltzearren, beraz, ez erresistitzea erabaki dute. Bakezaletasunean oinarritutako jarrera dela esango dute batzuek. Ez dute ez herria ez funtzionarioak espezifikoki arriskuan jarri nahi izan. Baliteke, eta nik ez ditut epaituko, egoera ez baita batere erraza izan, baina jarrera gandhitarra ez da.

Holakoetan hiru irteera gomendatzen ditu Gandhik: autodefentsa (indarrari indarrez eutsi... baldin badaukazu); erresistentzia (indarkeria erabili gabe, pasatzen ez utzi: eraso egiten badizute, aurre egin makurtu gabe); koldarkeriaz erretiratu (jipoituko nauzun beldurrez, utzi). Hirugarrena gorrotatzen zuen Gandhik: «Koldarkeria eta biolentziaren artean hautatu behar bada, indarkeria gomendatzen dut». Pasatzen uztea, Gandhirentzat, «beldurrean oinarritzen den indarkeriarik eza da». Areago: «Hautu bakarra biolentziaren eta koldarkeriaren artean badago, biolentzia gomendatzen dut».

Ba al du zerikusia honek katalanekin... edo gurekin? Gandhiren jarraitzaile izan nahi dutenentzat bai: «Etsaiari lepoa erakutsi bai baina burua makurtzea errefusatzen duen gizakiak erakusten du izaerarik gorena [...] izan ere indarkerarik eza infinituki hobea baita indarkeria baino». Alegia batzuek espero genuela, Kataluniako elite politiko subiranistak, biolentziarik erabili nahi ez zuenez, Madrileko funtzionario beltzei pasatzen ez ziela utziko erresistentziarik gabe, Urriaren 1ean herritarrek egin zuten bezalaxe: eutsi, erretiratu gabe. Horretan ere bipilago herria eliteak baino. Laster izango dute bigarren aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.