Lurraldetasuna

2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hedabideetan EHbilduren zuzendaritzaren azkeneko proposamenaren zertzeladak ikusi baino ez baditugu egin ere, dirudienez, koalizioaren koordinazio taldeak arlo taktiko-estrategikoan aldaketa garrantzitsuak egiteari ekin dio. Duela hiru urte eta erdi, ezker abertzalearen talde nagusiak, EAk eta Alternatibak osatu zuten koalizioa; Aralarrek bat egindakoan, erakundea ofizialki erroldatu da, eta egitura iraunkorra sortzekotan dabil. Aurreko hiru saioetan bezala, hauteskundeen premiek erakundea egituratzeko beharra areagotu dute, eta horrekin bat, arlo estrategikoan zehaztapenak egiteko tenorea ere bai.

Hasier Arraizen ahotik, EHbilduren koordinazio-taldeak hiru «abiadura» izango omen dituen prozesu konstituziogilea aurreikusten duela jakin dugu. Proposamenak hautsak harrotuko dituela uste dut, lehen aldiz ezker abertzalearen erakunde nagusiak (egun, Sortu) lurralde batasunera iristeko egungo zatiketa administratibotik abiatzea onartu baitu.

Mamian sartu aurretik, proposamenaren aurkezpenaren prozedura ezbaian jarri nahi nuke, aldaketa sakon hori egin ahal izateko oinarri sozialaren parte hartzea, oraingoz, eskasa baino eskasagoa izan dela uste dut eta.

Iragan mendeko gertaera izanda ere, gure herriaren hurbileko historian eraldaketaren sorburu nagusienetarikoa Lizarra-Garazi Akordioa izan zen. Akordioaren hausturaren muinean (besteak beste) lurralde batasunera iristeko estrategia egon zen. Akordioak hautsi izanak ondorio estrategikoak ukan zituen, estrategikoak ez ezik politikoak ere bai; apurketa hark agertokia hamarkada luze baterako aldatu zuen, behin betiko ziur aski.

Akordioaren koordinazio taldean aritu ginen gehienok eragile nagusien gorabeheren informazioa nahikoa urria izan arren, hausturaren arrazoietako bat balizko prozesu konstituziegilea izan zela jakin genuen. Garai hartan, erabaki estrategikoak eragile politiko eta militarrek zuzendaritzetan har zitezkeela uste zuten batzuek, eta horrela suertatu omen zen; izan ere, herritarron nahien gainetik zuzendaritza talde horiek itxaropenezko bidea zapuztu egin zuten.

Hamasei urteren buruan, zorionez, abertzale mugimenduak, eta oro har herritarrok, bestelako prozedurak eskatzen ditugu. Gatazka politikoaren konponbidean funtsezkoak diren aldaketa estrategikoak ekidiezinak eta bideragarriak diren hauetan, oinarri sozial osoaren hausnarketa, eztabaida eta erabakia beharrezkoak dira.

Aldaketaren norabidea erabakitzeko, saihetsezina da ezker subiranista eta independentista osoaren oinarriaren parte hartze zuzena. Nekez proposa baitaiteke Euskal Herriarentzat eredu demokratiko eta parte hartzailea hasieratik prozesu horren osagarri eratzaileetan denok parte hartzen ez badugu. Eta ezker independentista eta subiranistaz ari naiz (Hegoaldeko zein Ipar Euskal Herrikoa), EAJk bere burua, une honetan, prozesu subiranista orotik at kokatu duelako. Hasier Arraizek norabide aldaketaren berri eman zuen egun berean, EAJko ordezkariek Espainiako konstituzioaren birmoldaketan laguntzeko prest daudela esan zuten, aurretik Urkullu jaunak Felipe VI.ari «tartekaritza» egitea erregutu ziolarik, Erdi Aroan baikina bezala edo.

Lurralde batasuna eta estrategiak

Arestian nioen bezala, estrategia aldaketa egiteko prozedura kritikatu dut, baina idatzi hau ezin bukatu ekarpen bat egin gabe.

XIX. mendeko nazionalismo gehienak inperialismoaren aurkako mugimendu aurrerakoi lez jaio ziren; XX. mendean ere, deskolonizazioa izan zen mugimendu askatzaile gehienen aldarrikapena. Bi mende horietan ezinbestekoa zen lurralde jakin baten erabateko kontrola eskuratzea: indar okupatzaileak botatzeko, ondasun materialaren kudeaketarako, herritartasuna arautzeko, ekonomia antolatzeko... Egun, eta batik bat gure eremu geopolitikoan, agertokia aldatu da; menpetasunak beste mota batekoak eta oso larriak izanagatik ere, aurreko bi mendeetako gakoak ez dira baliagarriak.

Ez Euskal Herrian, ez Eskozian, ezta Catalunyan ere, ezin izan zuten XX. mendeko deskolonizazioarekin bat egin. Agian logikoa zen, beharbada zoritxarrekoa izan zen, akaso zorionez, baina hori da jaso duguna. XXI. mendeko nazio konplexuak gara, eta nazio gisa prozesu askatzaile eta eraldatzaileari ekin behar diogu mundu berrian. Horrek esan nahi du, hein handi batean, bide berriak geuk asmatu beharko ditugula.

Egungo Euskal abertzaletasuna XIX. mendeko nazionalismoetatik urrun dago, eguneratu da. Euskal abertzaletasunaren korronte bizienak ezkerreko mugimendu aurreratuen parean koka ditzakegu, eta, nire ustez, ikuspegi horretatik ekin beharko diogu nazio (ber)eraikuntzari. Berreraikuntza horretan euskal herritarron lurralde guztien arteko batasuna eskatzea logikoa, zintzoa eta praktikoa da, ez dogma bat, ordea.

Euskal Herria euskal jendea da, pertsonok osatzen dugu Euskal Herria, eta euskal prozesu konstituziogilearen ardatza pertsonak gara. Euskal Herria erabaki subjektua da, aldaketaren motorra muga administratibo, historiko eta psikologikoen gainetik.

Nioen moduan, lurralde batasunaren aldarrikapena ez da dogma bat, aldarrikapen zintzoa baizik. Bizitokiagatik euskal herritarrak zigortu edota sarituko ez dituen aldarrikapena egitea aldarrikapen sozialista da, berdintasunean oinarritzen dena eta ezberdin izateko eskubidean ere oinarritzen dena.

Esan gabe doa taktikak eta estrategiak indar korrelazioari egokitu behar zaizkiola. Bistan da lurralde guztiak batera eta galdera bakarraz epe laburrean prozesu konstituziogilea biziki zaila dela, baina agerian da ere euskal herritartasuna naziotasun gisa ulertzen dugunok lurralde guztietan, eskualde guztietan eta diasporan bizi garela. Zenbait tokitan biztanleen gehiengoa izanik, gehienetan oraingoz gutxiengoa garelarik. Agian egungo lurralde zatiketan oinarritutako muga sistema ez da praktikoena, ezta zuzenena ere.

Denok pertsona gisa, batera, prozesu askatzaile eta eraldatzaileari ekin diezaiokegu, oraintxe bertan. Prozesu askatzaile horri prozesu konstituziogile deitzeari egokia deritzot.

Eztabaida, hausnarketa, gogoeta eta ekintzarako eremua zabaldu behar da, independentismoaren oinarri sozial guztiarentzat, alegia. Hori guztia ezin da epe laburreko taktika politikoen beharretara mugatu edota politikarien esku soilik utzi. Azkeneko 40 urteetan konpondu ez duguna ezin da zirriborro moduan aurkeztu hauteskundeen premiengatik. Har dezagun hitza, sor ditzagun solastokiak, eta etorkizun hurbileko Euskal Herria askea izango da, herritar askeak herri libre batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.