Iñaki Agirre Perez.

Marko pedagogikoa, IKTak eta errealitatea

2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Urte eta erditik gora da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020ren barnean hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa aurkeztu zuela; 2014ko otsailaren 26ko data darama Heziberri 2020. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa deritzon dokumentuak. Balio handiko agiria da, arrazoi askorengatik, baina, bereziki, birengatik: batetik, hezkuntza eragile guztien oniritzia duelako; bestetik, eredu pedagogikoa gaurkotzen eta etorkizunari begira jartzen duelako.

Balio handiko agiria dela aipatu dut, eta halaxe da, baina adiskide batek behin baino gehiagotan errepikatzen didan moduan, paperak dena aguantatzen du. Alegia, sutan probatu behar dela eltzea. Izan ere, dokumentu haren baliorik handiena da hura martxan jartzea. Une honetan, ordea, zer esan genezake?

Egoera ilustratzeko, IKT Informazio eta Komunikazio Teknologiak irakasteko eta ikasteko prozesuetan txertatzeari buruz dokumentuak dioenari lotuko natzaio. Ez naiz gehiegi luzatuko konpetentzia digitalari buruz Heziberrirren marko pedagogikoak dioena azaltzen. Dokumentua publikoa da, eta irakurtzeko eskuragarri dago. Oinarrizko ezaugarriak azaltzea besterik ez dut egingo.

Marko pedagogikoan planteatzen den moduan, konpetentzietan oinarritzearekin batera berrikuntza nagusia da IKTei ematen zaien garrantzia eta trataera. Informazio eta Komunikazio Teknologiek azken urteotan hartu duten garrantziari lotuta dago, noski, gaur egungo gizartean ezinbestekoa baita konpetentzia digitala eskuratzea.

Eta markoak ikasle batek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan lortu behar duen konpetentzia digitalaren maila ezartzen du, eta hori eskuratu ahal izateko behar beharrezkoa da, noski, eta hala dio markoak ere, baliabide digitalak normalizaturik egotea. Ezartzen duen helburua da «IKTak ikasgelen egunerokoan infiltratzea eta beren aukera berritzaileak txertatzea».

IKTak integratu eta curriculumean sartzeko hiru ikuspuntu osagarri erabiltzen ditu markoak: IKTez ikastea; IKTetatik ikastea eta IKTekin ikastea.

Hasieran esan dudan bezala, paperak dena aguantatzen du, baina eguneroko ekintzekin frogatu behar da idatzi dena egia bihurtu nahi den ala ez. Bada urte eta erdi Heziberriren marko pedagogikoa aurkeztu zela. Urte eta erdi honetan, ordea, ez da garatu marko hori IKTen alorrari dagokionean, eta besteetan ere aurrerabide gutxi eman da.

Eusko Jaurlaritzak Sare Hezkuntza Gelan programa dauka IKTak ikasgelan txertatzeko: proiektu horren helburua da, halaxe dago bilduta, «irakasteko eta ikasteko prozesurako material zein baliabide digitalak sor daitezen sustatzea, horiek ikasgelan erabil daitezen sustatzea eta hori gauzatu ahal izateko beharrezko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa bultzatzea». Ados nago helburuekin, baina nola pentsatzen du Hezkuntza Sailak aipatutako helburuak lortzea?

Urriaren 22an, EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenean dator lehen erantzuna: Sare Kontzertatu osorako 305.000 euroko diru-laguntzak, eta, zehazki, ikastetxe bakoitzeko 1.710 eurokoa. Nork pentsa dezake diru kopuru horrekin:

Irakasteko eta ikasteko prozesurako material zein baliabide digitalak sor daitezen sustatu daitekeela?

Material horiek ikasgelan erabil daitezen sustatu daitekeela?

Hori gauzatu ahal izateko beharrezko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa bultzatu daitekeela?

Ezetz deritzot, eta ez da oso trebe edo IKTetan aditua izan behar ondorio horretara ailegatzeko, edonork baitaki zenbat kostatzen den material pedagogikoa sortzea, edota, ez bada sortu, merkatuan direnak erabiltzeko baimenak ordaintzea, edota ikastaro xume bat antolatzea. Begi-bistakoa da urtean 1.710 eurorekin ezinezkoa dela.

Hala ere, uler daiteke krisi garai honetan diru baliabideak eskasak direla eta besterik ez dagoela. Baina errealitateari begira, berriro ere EHAAn, aste bete lehenago (urriaren 15ean hain zuzen ere) beste agindu bat atera zen non 760.000 euro jartzen baitziren bekadun diren ikasleei dispositiboak erosten laguntzeko.

Eta niri, behintzat, eskema guztiak erortzen zaizkit. 305.000 euro materialak, azpiegiturak, prestakuntza... garatzeko, eta 760.000 euro aurreko guztia bideratu gabe dagoenean dispositiboak erosteko! Alegia, garrantzitsuena, zailena eta garestiena dena gauzatzeko 305.000 euro, eta errazena dena bideratzeko (gailuak erostea) 705.000?

Ez da izango (beti bezala) etxea berriro ere teilatutik egin nahi dugula? Ez da izango kanpora begira (hedabideei, gizarteari…) zerbait egiten ari denaren itxura ematea? Alegia, denoi gustatzen zaigu etxeko teilatua eta etxaurrea polit edukitzea, baina denok dakigu munduko etxe politenak ere ez duela ezertarako balio ez baditu oinarri eta zimendatze sendoak, eta kasu honetan iruditzen zait Hezkuntza Saila berriro ere betiko huts egiteetan erortzen ari dela, erraz saltzen dena (dispositiboak erosteko laguntzak) bultzatuz eta benetako oinarrietan (prestakuntza eta ikasmaterial egokien sorkuntza) erreparatu gabe.

Eta azterketa xume hau egingo bagenu Marko Pedagogikoaren beste ildo batzuetara eramanda, zein litzateke ondorioa? Hauxe berau egiteko tentazioa bistakoa da. Bai, paperak dena aguantatzen baitu, baina paper busti ere gera baitaiteke. Marko Pedagogikoa oso baliagarria da, baina hura garatu beharra dago. Baliabideak behar ditu martxan jartzeko, edo ez da sendotuko, ez da garatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.