Ismael Manterola

Artearen ikuspegia aldatzen ari gara

2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Apirilaren 14an Arte Ederretako talde feministako kide moduan sinatzen zuen Joana Etxebarriak egunkari honetan argitaratutako artikuluan, UPV/EHUko Arte Historia Sailari artearen inguruan eta, batez ere, emakumea eta gizonaren aldeko berdintasunean ekiteko ikuspegia aldatzeko eskatzen zitzaion.

Harrituta irakurri nituen Joana Etxebarriak egindako gomendioak, bidegabeak direla iruditzen zaizkidalako. Beharbada ezjakintasunean egindakoak izan daitezkeelako, artikuluan azaltzen diren hainbat iritzi argitu nahi ditut idatzi honen bidez. Ondo iruditzen zait protesta egitea, baina betiere egoera zein den jakin ondoren.

Lehenik eta behin, zaila iruditzen zait Arte Ederren fakultateko Arte Historia Saileko irakasleak eta irakasgaiak ezagutu gabe horrelako kritika egitea. Lehendabiziko kurtsoan dagoen ikasle batek hiru hilabeteko esperientzia erabiltzen du Arte Historia Saileko ikuspuntu estua salatzeko, nahiz eta ez ezagutu urtetan sail horretako irakasleek egindako lana gizon eta emakumeen berdintasunaren alde. Hain zuzen, lehendabiziko kurtsoko euskal adarreko irakaslea izan den Ana Olaizolak azken 30 urteetan irakasgaiaren egitarauan emakumearen presentzia normaltasunez txertatzeko lana eredugarria izan dela uste dut. Horregatik, bidegabea iruditzen zait 30 urteko lana hiru hilabeteko balizko esperientzia ezegoki baten bidez gutxiestea.

Horrekin batera, esan beharrekoa da Arte Historia Saileko Arte Ederren Fakultateko atalean bederatzi irakasle jarduten dugula lanean, eta bost irakasgairen ardura dugula hamalau taldetan banatuta. Talde bakar batean gertatutakoa (zerbait gertatu bada) orokorrean gertatzen dela ondorioztatu behar dugu? Gustatuko litzaidake galdetzea Arte Ederren Fakultateko ikasleei Arte Historiaren irakasgaien gaineko pertzepzioak Joanaren artikuluan esandakoarekin bat datozen.

Bestalde, artikuluan aurkezten den «Artearen Historia hezkide baterako helburuak» delako eskaera taulan azaltzen diren puntuak zein irakasgaitan edo zein taldetan ez diren betetzen jakin nahiko nuke. Nik uste dut Arte Historia Sailean parte hartzen dugun irakasleek taula horretan aipatutako helburu guztien alde jarduten dugula, askotan sutsuki.

Gainera, kasualitatez, artikuluan aipatzen diren hainbat informazio, Bilboko Arte Ederren Museoaren egoera emakumeen presentzia ezaren inguruan, adibidez, Arte Historia Saileko kideen ikerketetan oinarrituta daude.

Bestalde, Sail batek egin dezakeena irakasleen katedra askatasunaren gainean ez dago batere argi. Plangintza berriek zeharkako konpetentziak sartu zituen ikasketetako irakasgai ia guztietan, eta, hain zuzen, horietako bat emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzearen aldekoa da. Beraz, teorian, irakasgai guztietan eduki horiek transbertsalak izan behar dute, baina errealitatean, irakasleen esku geratzen dira. Unibertsitateko katedra askatasunak irakasleen iritzi askatasuna bermatzen du, irakasle horien iritziak gustatu ala ez. Erraza da katedra askatasuna defendatzea iritziak gureekin bat datozenean, baina nire ustez, garrantzi handikoa da gustatzen ez zaizkigun iritziak emateko aukera defendatzea, nahiz eta bidegabeak izan. Horregatik, sail batek irakasleek klasean eman beharrekoa kontrolatu dezake neurri batean, baina sailaren erantzukizuna egitarau marko batera mugatzen da.

Horrekin batera, ordezkapenen baldintzak kontuan hartu beharko genituzke. Hau da, irakasle bati egun batetik bestera esaten zaio unibertsitate mailako irakasgai bat eman behar duela, eta hasierak ez dira errazak izaten; horregatik ez nau harritzen artikuluan aipatutako irakasleak eskuliburu batera jotzea. Gainera ez nuke zentsuratuko J. A. Ramirezek zuzendutako El mundo Contemporáneo izeneko liburua gomendatzeagatik, ez dudalako eskuliburu egokiagorik ezagutzen, dituen gabeziak aitortuta. Osatu egin behar dela emakume artisten presentzia urria delako? Zalantzarik gabe, baina hasi berria den irakasle batentzat ez dago gaizki.

Ikasleek ez dutela egoeraren erantzukizuna argudiatu dezakete, baina, zeinek du egoera bidegabe baten erantzukizuna? Irakasleak, sailak, unibertsitateak, gobernuek, gizarteak, guztiak edo gu guztiok? Beraz, gauzak bere testuingurutik ateratzea ez zait oso bidezkoa iruditzen.

Hirugarrena, eta azkena, komunikabideetara salto egin baino lehen ez al zen errazagoa sailarekin hitz egitea? Ikasleen kexak bidezkoak iruditzen zaizkit, baina aurretik bide guztiak agortuta badaude jotzen da plaza publikora. Arte Historia Saila ez da bunkerra, eta ikasleek ere jakin behar dute elkarrizketarako prest egoten garela. Artikuluaren bukaeran esaten den bezala, ikasleen bultzada oso egokia izango litzateke emakume eta gizonen berdintasunean eragiteko, bai sailaren aldetik, bai fakultatearen aldetik, bai unibertsitatearen aldetik. Gure atea zabalik dago etorri nahi duen guztientzat; gustura hitz egingo dugu arazo honi eta besteei buruz. Nahi duzunera arte, Joana, edo beste edozein ikasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.