Joanmari Larrarte.

Egitea dagokigu

2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Zaila du euskal kulturak behar duen lekua izatea gure gizartean, baina besterik espero al zitekeen? Batzuetan, gauzak bere hartan aztertzera jotzen dugu, baina ezinbestekoa da testuingurua kontuan hartzea, bai diagnostikoa egiteko orduan, bai diagnostikoa ikusita hartu beharreko neurriak planteatzerakoan ere.

Nik uste dut komeni zaigula argi ikustea dugun egoera nahikoa normala dela, kontuan hartuta testuingurua, eta saiatuko naiz esplikatzen. Lehenik eta behin, berbazko kulturari begira, nahitaez hartu behar da kontuan euskararen beraren egoera: hizkuntza gutxitua da, eta herritarren herena baino ez da elebidun euskalduna; dudarik gabe, hori muga handia da euskaraz ekoitzitakoaren zabalkunderako. Bigarrenik, kultur egitura sendo eta antolatu baten beharra handia izan arren, ez dugu halakorik; sektoreka badaude ahaleginak, batzuk oso egituratuak eta funtzionamendu egokikoak, baina beste askotan ez dugu gaitasunik sektore mailako egituraketa eraginkorra lortzeko, eta horrela zaila da euskal kultura bere osotasunean egituratzea. Hirugarrenik, euskal eremu komunikatiboa ez da beharko lukeena: ezinbestekoa da sistema propio indartsua izatea, erdal hedabideen lehentasuna ez baita euskal kultura. Azkenik, euskararen eremua instituzio aldetik zatitua dugu, eta, gaur arte, ez da lurralde osora begirako politika bateraturako aukerarik izan, eta bakoitzak bere eremuan gauzatutakoa ere ez da euskara lehenetsiz planteatu izan. Zume horiekin, ezinezkoa da euskal kulturaren egoera beste bat izatea; beraz, ez gaitezen harritu, eta pentsa dezagun, batez ere, zer egin dezakegun hamar urte barru egoera hobea izan dadin.

Zer egin? Ez dut nik soluzio argirik, eta, dirudienez, inork ere ez, baina denon artean, helburu horrekin jartzen bagara, gai izan gaitezke bidea aurkitu eta bide hori egiteko. Durangoko Azokan Olatz Osak esandakoak hartuz, «Estatu ituna edo. Eragile politikoen eta gizarte zibilaren herri ekimenaren arteko ituna premiazkoa da». Euskal Herriak herri izan nahi badu, eta herri horrek kultur adierazpide aberatsa behar badu, kultur egitura sendoa behar du, eta hori denon artean egindako bide batetik bakarrik etorriko da. (Bide batez, gomendatzen dizuet irakur dezazuen Jakin aldizkarian, 213. zenbakian, Iñigo Astizek eta Miren Rubiok Durangoko eztabaidak jasotzeko egindako lana.)

Ezinbestekoa iruditzen zait hori, baina, era berean, oso argi daukat gaur egun ez gaudela hori lortzeko bidean: ez instituzioetatik dago horretarako borondaterik, ez euskal kultur eragileen artean egiten ari gara behar denik dugun hura indartu eta nor izateko. Hori dela eta, esango nuke bi norabidetan egin behar dela lan: alde batetik, lan egin behar dugu baldintzak sortzeko «estatu itun» hori gauza dadin epe ertainera begira; bestetik, hori ez dagoen garaian, hura gabeko errealitatean, herri ekimenetik bertatik egin behar dugu bidea. Zain bagaude noiz izango dugun benetako kultur politika egokia, hura ez da inoiz etorriko: guk geuk sortu beharko dugu bidea hori egiteko.

Euskal Herrian inoiz ez dira gauzak eginda etorri: gehienetan, herri ekimenetan aurrera egin den neurrian eman izan dituzte pausoak instituzioek, eta aurrerantzean ere berdintsu izango da. Egitura publikoetatik egiten dena egokia ez dela esanda, ez dugu ezer aurreratuko, eta horrela ez dugu inor behartuko egungo dinamikak aldatzera; herri ekimena indarrak bateratu eta urratsak egiteko gai den neurrian bakarrik etorriko dira benetako urratsak. Beraz, nire ustez, gure esku dago berriro ere ardura. Gure indarrean sinistu eta autoeratzea izan da eta da bidea, eta ez besteek neurriak har ditzaten zain egotea. Zerbaiti begiratzekotan, begira diezaiogun horri; euskalgintzaren alor desberdinetan, denok ezagutzen ditugu balio horietan eutsita bide hori egin duten elkarte, enpresa, sortzaile, talde eta norbanakoak.

Hiru mailatako eginkizunak ditugula uste dut: 1) Bakoitzak bere proiektua, enpresa, elkartea ahalik eta gehien sendotzea; 2) Ingurukoekin batera sektoreka egituratzea; 3) Sektore guztien artean euskal kultura indartu eta sustatzeko egokia izan daitekeen politika integral baterako bideak jartzen hastea. Eta hiru eginkizunak batera egin behar dira, hirurek elikatzen dutelako elkar: eragile sendo bakoitzak indartsuago egin dezake sektorea, baina, era berean, sektore indartu eta egituratu batek asko lagun dezake eragile bakoitza garatzen. Zailtasunak? Guztiak. Eta? Elkarlanaz hitz eginez pasatzen ditugu gogoeta saio guztiak, baina gure esku dagoena eginez baino ez dugu lortuko aurrera egitea, elkarrekin proiektuak martxan jarriz, sektorea antolatzea helburutzat hartu eta bidea topatu arte etsi gabe. Gure esku dago, baldin eta benetan nahi badugu eta sinisten badugu; harrokeriarik gabe baina harrotasunez esan dezakegu, orain arte egindako bidea kontuan hartuta, nahi badugu gai garela. Urrats sendoak egiten ditugun neurrian izango gara gauza baldintzak sortzeko instituzioetatik benetako politika bat egin dadin, herri ekimena eta administrazioa elkarrekin jartzeko, hori baita bidea.

Sentsazioa daukat gogoeta soberan dugula eta ekimena falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.