Ospa!

2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Terrorista. Halaxe dio nire curriculumak. Guardia Zibila, komunikabide eta Auzitegi Nazionalaren egiaztatze agiriarekin. Berme osoz, beraz. Ez dadila inor nahas.

Uko egiozu hiltzen ikastera; uko egiozu armak eskutan hartzera: espetxea. Txitxarro, Joxean, Manu, Orma, Alfredo, Kuti, Artola, Bados, Oscar... Sakana. 1990eko hamarkada. Lan egin ezazu ahulen alde. Adieraz ezazu presoekiko elkartasuna. Atera zaitez langileen aldarrikapenak defendatzera. Defenda ezazu ingurugiroa; defenda ezazu bizi osasungarria izateko eskubidea; borroka zaitez zure birikek kaka arnas ez dezaten. Defenda itzazu herriak eta ibaiak bankuen eta porlanaren aurrean. Irakats ezazu baztertuta eta debekatua dagoen hizkuntza. Defenda ezazu norbera norbere gorputzaren jabe dela. Defenda ezazu askatasuna espetxe atarian.

Saia zaitez askatasunez bizitzen. Saia zaitez zure eskubideak gauzatzen. Biltze eskubidea. Manifestazio eskubidea. Zure lanpostua defendatu: egurra. Inasa. Irurtzun. 2013. Sala itzazu espekulatzaileak. Sala itzazu politikari lapur eta ustelak. Saia zaitez euskaraz hitz egiten. Antola itzazu kontzertuak. Joan zaitez hitzaldietara. Parte hartu eztabaidetan. Defenda itzazu zure ikurrak. Saia zaitez pertsona armatuak zuregandik urrun mantentzen. Saia zaitez zeure burua defendatzen. Saia zaitez erasotzailea urrunarazten.

Inork ez zaitu polizia etxean bisitatuko. Denek jarriko dute zalantzan zure hitza. Egin duzuna demostratu beharko duzu. Baita egin ez duzuna ere. Lortzen ez baduzu, barrura. Bitor. Altsasu, 1995. Lortzen baduzu; kalera. Edurne. Altsasu. 2015. Zure bertsioa ez da komunikabideetan aterako. Ez diote elkarrizketarik egingo zure amari. Lehendakariak ez zaitu bisitatuko.

Ikas ezazu armak erabiltzen. Erabil itzazu arma hiltzaileak. Tiroka itzazu kotxeak. Mikel; Lakuntza-Etxarri. 1979. Galdekatu itzazu pertsonak ongi armaturik eta lankidez babestua. Galdetu ea bikoterik duen. Nora doan. Zer pentsatzen duen. Gauez bada hobe. Prakak jaitsiarazi. Zaplaztekoak eman. Edo ostikada batzuk. Jar ezazu pistola bere lokian. Lasaiago ibili nahi baduzu ez erabili lan-arropa, eta eraman ezazu gizajoa urrutiko paraje batera. Alain; Arbizu-Irunberri. 2009. Sar zaitez zure armekin herri batean. Behartu herritarrak zuk nahi duzun tokitan ibiltzera. Sar zaitez tabernetan, eta katua sakatu. Leher itzazu begiak. Hautsi itzazu kaskezurrak. Hautsi itzazu besoak. Hautsi itzazu eskumuturrak. Belaunak. Sakana, 1975-2016.

Eraman ezazu nahi duzuna kobazulora. Tortura ezazu: poltsarekin, bainerarekin, elektrodoekin. Mario, Txitxarro, Loko, Putzito; Etxarri, 1993. Putar, Fiñon, Mikel, Zato, Xafan; Etxarri; 1997. Joxe; Etxarri, 2010. Xafan; Etxarri, 2011. Gizajoak ez badio eusten, bota ezazu ibaira. Mikel. Orbaitzeta-Endarlatsa; 1985. Bota itzazu gezurrak. Bota ezazu karea arrastoak ezabatu behar diren hilobietan. Joxi eta Joxean; Tolosa-Alacante. 1983. Suizidatu ezazu oztopo zaizuna. Basajaun; Etxarri-Itziar. 1997. Sar ezazu zakila norbaiten aluan. Uki itzazu haren bularrak. Beatriz; Bilbo. Madril. 2011. Agian, saria ere jasoko duzu. Fidel, Enrique, Felipe... Intxaurrondo, 1984.

Defenda itzazu aberatsak. Kolpa itzazu greban dauden langileak. Bota itzazu pobreak bizitokitik. Jipoitu okupak. Kolpa ezazu zure bikotekidea. Bortxa ezazu parrandara ateratako gaztea.

Zabal ezazu droga. Ismael, Jorge, Gonzalo, Pello... Etxarri. 1980ko hamarkada. Edo desagerrarazi. Irun. 1988. Aberastu zaitez berarekin. Desagerrarazi ere naziei atzemandako armak; Valencia. 2005. Uretan itoarazi babes eske datorrena; Ceuta 2014. Errespetatu ezazu zure historia. Jendea ezpondetan bota zutenena ere bai. Nafarroan, milaka. Hori atzo izan zen. Eta, gainera, gaurkoak ere, azken finean, helburu berberarekin zabiltzate. Egunkariak ixten, adibidez. Andoain. 2003.

Eta denak sinetsiko dizute. Zure hitza egia izango da. Zure hitzak oihartzuna izango du. Lehendakaria joango zaizu bisitan. Frankisten babesa izango duzu. Baita antifrankistena ere. Hiritar modelo bihurtuko zara. Pertsona zintzoa. Biktima. Alkatea, zinegotziak, parlamentariak, bozeramaleak... denek, ia-ia, adieraziko dizute elkartasuna. Adierazpena adierazpenaren atzetik. «Biolentzia ez da inoiz zigorgabe geratuko»; Madril. 2016-10-18. Kar-kar-kar. Eta zure sen hiltzailea, justizian mutatuta, bultzatu eta babestuko dute.

Infernu gorria konkistatzailez beteriko zeru gozoa baino nahiago izan zuen buruzagiaren antzera, nahiago dut nik ere terrorista adiera, titulua, etiketa kopetan tatuatua eraman, halako jendilajearekin nahastea baino. Botereduna babestu eta ahula seinalatu. Ezin adierazizko nazka. Altsasu eta Sakana aurrera. Ospa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.