Trump eroaren lakioa

Edu Apodaka - EHUko irakaslea

2016ko azaroak 10
Ez ote da neoliberalismoaren amaiera eskuinetik etorriko? Ultraeskuinak jarriko ote dio kapitalismo globalari iraungitze data? Galdera horiek ekarri dizkit burua Trumpen garaipenak. Erakunde neoliberalek abandonatutako jendeen matxinada gisa aurkeztu digute hedabide askotatik Trumpen garaipena. Globalizazio neoliberalak kolpatu dituen langile zuriek, klase ertain zaurituek eta horrelakoek eman omen diote botoa Trump eroari. Dirudienez, kapitalismo globalaren biktimen matxinada eta estatua bere egin duten eliteen aurkako errebolta baten aurrean gaude. Zer nahi duten ere azaldu digute, babesa ari dira, antza, eskatzen, erregutzen.

Babesa, ekonomikoa eta instituzionala, armatua eta emozionala. Babesa agindu omen die Trumpek. Babesa behar du beldurrak jota dagoenak, babesa behar du zaurituak. Eta hala sentitzen omen dira jende saldo horiek. Esan liteke erraz, haiek baino askoz okerrago bizi direla baztertutako minorietako pertsonak, baina alderaketa desegokia da hura: gizon langile zuria ez zen jaio bazterturik bizitzeko, ez dago menpeko miserableekin parekatzerik. Ez zen hala bizi behinola, globalizazioaren pisua bere bizkar gainean jausi aurretik. Ez bera, ez bere familia ere. Eta familia mobilizazioaren garrantziaz ere entzungo ditugu analisiak: familia eta komunitate txiki trinko eta autobabestuak zonbien kontra armatu balira bezala. Eta gainera, amerikar ideologiaren eta imajinarioaren erdigunean bizi diren familiaburuek gidaturik; beti, gizon zuri onak, edota ondo zuritutako eta gizondutakoak diren familiaburuek gidaturik hain zuzen.

Horiek dira, antza, iraultza antineoliberal, antiinstituzional eta, batez ere, populista honen protagonistak. Oraingoan, herrialdea berreskuratu eta berreraiki behar omen dute: Etxe Zuria konkistatu dutenez, herrialdea berreskuratu dute gizondutako zuriek, zuritutako gizonek. Gakoa berriz eskuratze hartan dago. Noren eskutik erauzi eta berriz beretu dute? Egiazko amerikarrek herrialdea estatuari berari, Washingtonekin identifikatu ohi duten hari, kendu diotela sentitu omen dute. Noski, estatu hura aspaldi bihurtu zen eliteen jostailu. Besterik izan da inoiz?

Hemen, Europa harroputz honetan ere, txakurrak oinutsik eta eskuinak goraka. Erritmo edo gertaerak desberdinak izan arren, giro bera dugu. Aldaketa globala, jotzen eta zoratzen gaituen aldaketa globala ez da klimarena: giro soziopolitikoarena baizik. Askotan teorizatu dugu beldurra kapitalismo global, neoliberal eta basatiaren tresna gisa. Shock egoeran dagoenak erantzun azkarrak, zirt-edo-zartekoak, eskatzen bide ditu, eta aise onartu estatu-interbentzio totalitarioak. Oligarkia neoliberalen eskua ikusi dugu beldurraren politikan, baina, agian, orain oligarkiek beraiek prestatu digute sendabidea: eliteen estatu ahularen ordez, estatu populista indartsuaren estatu-babesa. Babes hura, muturreko eskuinaren nahasmenetik egiazko herritarren askatasunaren alde eta estatu aparatu ustelen aurka eskatu arren, estatuari berari eskatzen zaio. Iritzi eta sentimendu arrunta bilakatzen ari da estatuak bereak babestu behar dituela. Hartarako, gero eta egiazko herritarren matxinada gehiago ikusiko ditugu ezker-eskuin. Egiazkoa, jatorra, bertakoa. Hitz hauek datoz herritartasuna definitzera. Oso gureak dira dagoeneko. Eta mesfidantza osoz hartu behar ditugu, lakioak baitira. Oso arriskutsuak, batez ere, datsegit/desatsegit jolas batean aske hautatzen dugula sentitzeko ematen diguten aukera bakarra burua lakioan sartzea denean.

Hala ere, beharbada, sintomatikoena lakioa zein den izan daiteke. Ikuskizun garaian odol beroa, hitz zatarrak eta haserreak agertzen dituzten pertsonaia asaldagarriez bete zaigu munduko politika. Ez da batere berria. Antza denez, jendeak sinetsita daude gogor planta egiten duten horiek, haserre eta sumin, aurre egingo dietela globalizazioko eliteei. Haietakoak dira, hala ere. Otsoa, ardien zaindari. Ez dute estatua jendearen esku jarriko, ez dute oligarken aurka egingo, ez dituzte lantegiak etxera ekarriko, ez dituzte kapitalak nazionalizatuko, ez gaituzte babestuko. Baina indar erakustaldi ederrak egingo dituzte eta, finean, gutarrak omen direnen indar erakustaldiak maite ditugu ahulok, halatan ahaltsuak garela sinestarazten diogu geure buruari.

Populismoak ikuskizunaren logikarekin egiten du bat: xede-audientziak ondo identifikatu behar ditu, sakabanaturik eta identitatea galduta dabiltzan ikus-entzuleak batu behar ditu irudi eta ilusio baten baitan. Eta oso identitate galdu eta zarpaildua omen da gizon langile ertain zuriarena. Hari ilusioa eta harrotasuna ematera datoz faxismo bero, hotz eta epel berriak. Nazioaren goraipamenak eginez datoz; nazioa xumea handia delako ametsa da, jakina. Trump, Putin, Le Pen, Erdogan eta horiek guztiek nazio handien handitasuna astintzen dute aukera duten orotan. Nazio horiek, hala ere, izara zuriko mamuen antzerakoak dira, haizeak ibilitako izara baino ez, jada ez dute ez gorputzik, ez gogorik estaltzen. Gogoz gorpuzten ari direnak inperio-estatuak dira, nazio handien post bertsio globalizatuak.

Nazioa ilusioa bada ere, ilusioa bera guztiz egiazkoa da. Neoliberalismoak ezarri duen pentsamendu bakarrak agintzen digu ez dela subjektu politikorik, eta autonomia proiektua okerra dela eta izate kolektiborik ez dagoela. Politikaren ilusioak dira horiek denak, Trumpek hainbat eta hainbati piztu dizkionak. Guztiz beharrezkoak. Ahalik eta beroen azaldu behar direnak. Baina ez gizon zurien nazioaren bandera astinduz. Muturreko eskuinak hori eginaz lortzen dituen arrakastak ikusita ere, ez gaitezen haiekin liluratu, ez gaitezen lakioan jausi. Kapitalismoaren amaiera ez da etorriko sozialdemokraziak abandonatutako ongizate-estatuak nazio-estatu berrindartu eta gotortuak bihurtuz. Kasu, inperio-estatuak ez dira globalizazio kapitalista neoliberalaren aurkariak, hurrengo fasea baizik. Hartan, inperio-estatuek eta oligarkek Trump asko asmatuko dituzte herriek askatasun eta justizia ilusioa izan dezaten burua makurtzen duten bitartean. Zein mamu astinduko dugu antikapitalistok burua altxa dezagun?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna