Albistea entzun

Bederatzi urteko zorra kitatzeko unea

Iñigo Santxo Uriarte - Abokatua. Erabakizaleak Juristas por el Derecho a Decidir taldeko kidea

2017ko urriak 25

Badirudi atzo bertan izan zela, baina bederatzi urte igaro dira Eusko Legebiltzarrak onartutako Kontsulta Legea medio, geure Erkidegoko adin nagusiko herritar guztiak 2008ko urriaren 25erako herri kontsulta baterako deitu gintuztela. Lehendakaritzatik kontsulta hura egingo zela behin eta berriro esan ziguten arren, Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko herritarren subiranotasunari muzin eginez, kontsulta baliogabetu zuen eta ez zen gauzatu.

Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamen gisan ezaguna, autogobernua eguneratzeari begira sustatutako ekimen legegile hura Lehendakariarengan pertsonalizatu bazen ere, garrantzitsua da azpimarratzea Konstituzionalak baliogabetu zuen araua ez zela pertsona bakar batek sortua, baizik eta gure Erkidegoko instituzio gorenean zeuden herri-ordezkarien gehiengo absolutuak, dagozkion prozedurak baliatuz sortutakoa zela. Indarrean zen marko juridikoak geure autogobernurako gaitasuna, edo gaitasun gabezia, agerian utzi zuen. Gure Erkidegoaren autogobernuaz hitz egiteko, atzera jo behar dugu ezinbestean.

1936ko urrian, gerraren atarian, eta egoera baliatuz, presaka onartu zen Euskadiko Estatutua, eta horren ondorioz entitate juridiko politiko bat sortu zen: batetik, hiru lurraldeen eta udalen konpetentziak eskuratu zituena; eta bestetik, estatu bati dagozkion eskuduntzak egikaritu zituena, eta horrela, esaterako, Euskal Selekzioak aritu ahal izan zuen, euskal txanpona sortu eta zirkulazioan ipini zuten, baita pasaporteak ere. Jaurlaritzak Justizia Administrazio bat ere ipini zuen martxan.

Oso mugatua izan bazen ere, gure gurasoek, nolabait, nazioartean euren euskaltasuna erakusteko aukera izan zuten.

Nazioarteko proiekzioa izan zezakeen formula juridikoa, indarrez kendu ziguten, baina Madrilgo gobernu kolpistak ez zuen lortu geure burujabetasun gogoa desagerraraztea.

Zenbait hamarkada beranduago, eta diktadura baten pean bazen ere, Francoren garaian burututako erreferendumetan euskal abertzaletasunak agerian utzi zuen bere eragina.

Gure Erkidegoari dagokiola, Franco hil eta ostean bi kontsulta izan ziren azpimarragarriak. Lehenean, gerra osteko belaunaldiak Konstituzioaren gainean bozkatu ahal izan zuen. Arau horrek Euskadin, erroldaren %30,86ko babesa soilik izan zuen arren, testu hura ezarri egin ziguten, ondorio guztiekin. Urtebete beranduago, Estatutua bozkatu zen, eta Lege Organiko horren alde Euskadiko herritarren %53,12k eman zuen botoa, berau onetsiz.

1978ko Estatutuari dagokionez oso deigarria da,Konstituzionalitate blokearen parte izan arren, indarrean sartu zenetik 39 urte igaro diren arren ez dela guztiz garatu; eta okerragoa dena, arautzen dituen eskuduntzen interpretazioa beti egoten dela Auzitegi Konstituzionalaren iritziaren baitan, zenbait kasutan esklusiboak diren eskuduntzak asko murriztu dituelarik.

Konstituzioak Euskadin izan zuen babes eskasaz gain, esan beharra dago aurreko belaunaldi baten araua izan zela. Hori berresteko datu anekdotiko gisan esan dezakegu Iñigo Urkulluk berak ez zuela bere gainean bozkatzerik izan, oraindik adin txikikoa zelako.

Beraz, geure autogobernu asmoak gauzatzeko, onar dezakegu konstituzioa edo Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaz egiten dituen interpretazioek osa dezakete gainditu ezineko sabai bat?

Geure historia garaikidearen bi adibide ditugu, arrazoi desberdinengatik porrot kolektibo mingarriak izan direnak, baina ikasgai garrantzitsuak utzi dizkigutenak.

Estatuarekiko harremana gaurkotzeari begira, 2001ean, legebiltzarrak Autogobernu Batzordea eratu zuen. Batzorde honen irizpenean jasotzen zen garai hartan pendiente zeuden 37 eskuduntza aldebakarreko eran eskuratzea onartu behar zirela.

Batzorde haren lanak abiapuntu hartuta, Lehendakariak 2003ko urriaren 25ean, Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena aurkeztu zuen, eta legebiltzarrean botoen gehiengo absolutua lortu eta gero, Madrilgo Kongresuaren hormaren kontra egin zuen talka, 2005eko otsailaren 1ean burutu zen bozketan, gehiengo absolutuz erabaki baitzuten bere izapidetzea ez onartzea (313 boto kontra, 29 alde eta 2 abstentzio). Bigarrena, Auzitegi Konstituzionalaren epaia, 103/2008ko, irailaren 11koa, hasieran aipatu dugun Kontsulta Legea baliogabetu zuena.

Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamenak, lehenengoz islatu zuen erabakitzeko eskubidea testu juridiko batean. Denboraren poderioz, printzipio demokratiko horren positibizatzeak eragin zuen lehen zeuden korronte politikoekin batera (independentismoa, autonomismoa, unionismoa) elkarbizitzan korronte berri bat sortzea; «Dezisionismoa»herria bera, subjektu gisan hartuta, honelako gai garrantzitsuetarako demokrazia zuzenaren aplikazioa gauzatzea bilatzen duena, herrian bertan dauden iritzi desberdinei adierazteko bidea emanez.

Gure herrian gatazka armatu batetik gatoz. Zauri asko oraindik irekita, eta beste asko orbaindu gabe daude. Horrez gain, lerrokatze politiko gogorrak, eta zenbaitetan aurrez aurrekoak izanik, erabakitzeko eskubidearen garapenak ez du bide errazik izan transbertsala izateko. Baina halere, pozik esan dezakegu oso hein handian lortu dela. Egun, inkesta guztiek azpimarratzen dutenez, geure erkidegoan %60tik gorakoa da estatusaz erabakitzeko kontsultatua izan nahi dutenak.

Katalunian euren erakundeen subiranotasunari helduz erabakitzeko eskubidea egikaritu dute, eta horrek, estatuaren aldetik oso erantzun bortitza ekarri du, autonomia bertan behera uzteaz gain, ondorio larriagoak eragingo baititu.

Beste era batean ezin izan zitekeen moduan, jokaera horrek geure herrian erreakzio ugari eta elkartasun oldea ekarri du, baina erantzunak Kataluniarekiko elkartasun keinu testimonialetara mugatzeak kezka bat zabaldu du zenbait sektoretan.

Benetan ekarpen eraginkorra egin nahi badugu, une erabakigarri honetan, dezisionismoak sustatzen dituen jarduera pedagogiko guztiekin batera, mezua argitu beharko luke, zer eskatzen duen (izen absolutua), eta nori eskatzen dion (datiboa) zehaztuz; «Votarem»-etik, «Bozkatuko dugu»-ra igaroz, eta geure instituzioen subiranotasuna aintzat hartuz, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari interpelazio zuzena eginez, bizi guztian Espainiarengandik deslotzeko izan ez dugun aukeraz, eta erabateko efektu juridikoekin, dagokion herri kontsultan galdera egin diezaguten. 2008ko urriaren 25ean egin ez genuena, 2018ko urriaren 25ean egin ahal izan dezagun.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...