Prekaritate gorriari, kamiseta berdea eta borroka morea

Zoa Saenz, Marina Costa, Soraya Garcia eta Kontxi Rodriguez

2017ko azaroak 15
Irabazi dugu! Eskerrik asko Bizkaiko zahar etxeen greban gure bidelagun izan zareten guzti-guztioi! Bazirudien Bizkaiko zahar etxeen grebak ez zuela amaierarik izango, eta helburua iritsi ezinekoa zela. Haatik, eskari eta erreibindikazio nagusiak lortu ahal izan ditugu.

Etengabe kalean mobilizatu garen emakumeok garaipen gozoa ari gara dastatzen. Emakume guztion garaipena, baita jendarte osoarena ere.

Halere, badakigu borroka ez dela amaitu eta lan-baldintzak hobetzeak ez duela berez esan nahi sektore honetan erabateko duintasuna erdietsi dugunik, eta zaintza gure antolakunde sozialaren oinarria dela aitortzeak lanak eskatuko dituela oraindik ere. Gutxi batzuen etekinak zentroan jartzen dituen jendartea ez da onargarria, are gutxiago, aberastasunaren pilaketa emakume askoren gorputz eta bizitzen lepotik lortzen baldin bada. Eta hori salatuko dugu aurrerantzean ere.

Bestalde, egiaztatu dugu batzuetan posible dela garaitzea, eta borrokarik gabe ezinezkoa dela horrelako urrats txiki baina handiak egitea. Bilbon, urriaren 27an sinatu zen lan-hitzarmena sinatzea ezinezkoa izango zen borrokarik gabe. Denbora igaro ahala, gero eta argiago geratuko da borroka hau gure garaiko borroka sindikal eta feministaren memoria historikoaren parte izango dela, eta badela.

Izan ere, lorpen laboral eta sindikalekin batera, gure bizitza pertsonaletan beste aldaketa batzuk ere gertatu baitira gatazka honek aurrera egin ahala: gure nagusiei aurre egin diegu; beldurra galdu dugu; emakumeoi egotzitako etxeko lanak egiteari utzi diogu; emakumeoi inposatutako rol eta eginkizunak hankaz gora jarri ditugu, bai kalean, baita etxean ere; megafonoa hartu eta oihukatu egin dugu; gure arteko konfiantza, konplizitate eta elkartasun sareak sortu ditugu... Hau bizi izan dugunok badakigu zertaz ari garen hizketan. Ahalduntze eta feminismo hitzak esanahiz eta edukiz bete dira 370 eguneko greba honetan.

Gizon trajedun batzuek uste dute gure lana betiko rol historikoaren luzapena baino ez dela, hots, zaintzen duten emakumeena. Begi bistakoa da horren prezioa urria dela, eta aitorpena, oso eskasa.

Baina une hau iristeko, atzera begirakoa egitea derrigorrezkoa da; hainbat konturi erreparatuz gero, ikus daiteke sektore honetako langileok —emakumeok— zergatik gauden orain lan egoera hobean, eta etorkizuneko borrokarako askoz hobeto prestatuta.

Hemen ez dago magiarik; zein izan da gakoa? Antolatzea eta antolatzea, eta sindikatu bat, ELA, bere esku dituen tresna guztiak baliatzen duena lan eremu honetako defentsa kolektiboa egiteko. Argi dago lan prekaritatea eta baldintzak hobetu beharra izan ohi direla gatazka hasteko arrazoiak. Gure sektorea prekarioa da, erabat feminizatua, eta orain arte ibilbide eta kultura sindikal baxua zuena.

Borrokari ekiteko baliabideak behar dira; ideologizatzea eta diskurtsoa izatea ez da aski. Zeintzuk dira baliabide horiek? Lantalde handi bat, zerbitzu juridikoak, komunikazioa, lana, denbora eta erresistentzia-kutxa, besteak beste. Langileen beharrizanak —laboralak zein materialak— asetzea ezinbestekoa da gatazka errotzeko. Baina gatazka hau lan eremutik askoz harago zihoan.

Guk pertsonak zaintzen ditugu; beren bizitza burutzen ari diren pertsonak. Nola ez da izango ba inportantea gure lana! Betidanik kezka handien eragin diguten kontuetako bat izan da erresidentzietako erabiltzaileei taxuzko arreta eman ezina. Baina argi dago zerbitzuaren kalitatearen ardura Bizkaiko Foru Aldundiarena dela, hark azpikontratatutako enpresen gain jarri nahi badu ere; sektore honetan pagotxa topatu duten enpresa horien gain.

Berriro diogu: antolakuntza handia, urtetako lana, elkartasuna eta erresistentzia-kutxa beharrezkoak dira.

Ezin aipatu gabe utzi ondoan izan ditugun beste sektore prekario eta feminizatuetako lagunak: kellyak, etxez etxeko laguntzako beharginak, garbitasun sektoreko, jantokietako, merkataritzako, telemarketineko, metalgintzako lankideak... Bai eta etxe partikularretan nahiz lan merkatu formaletik kanpo diharduten emakume langileak ere, esplotazioa eta miseria pairatuz. Antzekotasun ugari daude gure artean; oso errealitate injustuei egin behar diegu aurre eta, ondorioz, borroka luzea izango da oraindik.

«Orain bagoaz, baina itzuliko gara!» zen gure deiadarra orain dela gutxi. Grebaren ikur izan diren elastiko berdeak etxean utzi ditugu. Lortu duguna pozgarria da, eta behin eta berriz esango dugu borrokak merezi duela. Zaintza duintzearen alde; gure bizitzaren alde eta oraindik egiteke dauden konkisten alde!

Erresidentziak borrokan! Gora langileria! Gora borroka feminista!

Eta bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gure alboan egon zareten eragile zein norbanako guztioi; zahar egoitzetako erabiltzaileen senideei, zehazki Babestu elkarteari; mugimendu feministari; Pentsionistak Martxan elkarteari; beste herrialdeetako erresidentzietako emakume langileei; borroka honetan babesa eman diguten kultura, musika eta alderdi politikoetako ordezkari anitzei eta gatazka honen sozializazioan ezinbestekoak izan zareten komunikabideoi aipamen berezia eginez Ecuador Etxeari beraien argazki eta etengabeko jarraipenagatik. Halaber, gure esker ona adierazi nahi diegu laguntzera etorri diren guztiei eta, noski, baita gure familia, adiskide eta ingurukoei ere, hilabete hauek guztiak gure ondoan jasan baitituzte. Zuekin batera egin dugu ibilbide hau eta garaipena lortu ere. Eskerrik asko!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna