Lurraldearen herri egitasmoari bide

Imanol Esnaola - Gaindegiako koordinatzailea

2018ko urtarrilak 13
Arabako Kuadrillen iraunkortasun indizeak neurtzen amaitu du Gaindegiak urtea (gure webgunean eskuragarri), eta berehala etorri da Arabako Errioxan Tren lasterraren ibilbidea eraikitzeko xedea. Ez dira gutxi inguruari eta bertako industriari eragingo liokeen kaltea azpimarratzen dutenak. Baina begirada denboran eta espazioan hartuz gero, agerikoa da lurralde antolamenduko eragiketa nagusi baten aurrean gaudela.

Arabako Kuadrillen azterketak utzi digun lehen ondorioetako bat Francok Espainiako gerra irabazi ondoren ezarritako erregimenaren garaian eratu zela geroztik ezagutu dugun Arabaren lurralde egitura, non Gasteiz eta A1 ardatzak bereganatzen dituzten herrialdeko baliabideak, gainerakoek galtzen duten bitartean.

Egoera honen xehetasunetan sartu gabe, azpimarratzekoa da Araba egituratzen jarraitzen duen lurralde egitasmoak inertzia zaharrak izaten jarraitzen duela, harik eta Araba guztiz desorekatzeko bidean jartzeraino. Lurralde egitasmo horrek errebisioa merezi luke, eta zuzentzeko neurriak hartzea, justizia egitekotan.

Euskal Herriko mendebaldean tren lasterraren ibilbidea eraikiz Ebro arroan barna doan pasabidea indartzeko oinarriak jartzen dihardu Espainiako estatuak. Gure lurrean, baina euskal instituzioen kontrolik gabeko egitasmoa inondik ere (ez xedean, ez ibilbidean, ez gobernantzan). Urrunegi joan gabe, edonori datorkio gogora Nafarroako aurreko presidentearen asmoa Ebro ibaiaren arroan autonomia erkidegoekin bat eginez gainerako euskal herrialdeetatik urruntzeko xedea, edo kontinentearekin Nafarroa Beherean barna lotzeko beste hura. Euskal lurraldeen kohesioa desorekatzeko aski da dagokion plana azpiegiturez hornitzea, besterik ez. Horrek, ordea, euskal lankidetza oztopatzen duen egitasmoa behar du laguntzen, eta hori ere ez zaigu falta. Katalunian Madrilen meneko alderdiak nagusitu diren eskualdeetarako bolo-bolo dabilen lurralde egitasmoaren jite bereko proiektua dela dirudi.

Araba egituratzen duen lurralde egitasmo nagusia erregimen haren aliatuak indartzeko ezarri zen bezala, egitasmo berria zentralismo bera eraikitzen jarraitzeko ardura duen indarrak egin nahi du. Ez da, ordea, etiketa arazo bat, aldaketa sakonak ekar ditzakeen ibilbide batean zilegitasun demokratikorik gabeko urrats bat gehiago da. Edo nahiago bada, gure komunitatea eta bizirauteko bere egitasmo sozioekonomikoa errotik baldintzatzea bilatzen duen egitasmo bat. Estatu politika da, herri honentzat ┬źdesherria┬╗.

Azken batean, Euskal Herriak aro modernoan bizi izan dituen egitasmo nagusiak (juridiko administratiboak zein azpiegitura mailakoak) ez dira bertako burujabetzaren zerbitzura jarriak izan, aitzitik. Aro aldaketa bizi dugun honetan gatazka bizia dago maila horretan, ikusi besterik ez dago zein izan den Estatuaren jokabidea Kataluniarekin. Oraingoz xede zentralista duen egitasmo zaharra garaile. Hots, euskal lurraldeak erregio kohesionatu izatetik urrunago eta geografia funtzional berrian hiriburuentzat protagonismo osoa, gure lurraldearen izaera polinuklearra ahulduz, edo nahiago bada, lurraldea bitan kategorizatuz, eremu metropolitarra eta aldiriak.

Hiriburuak, hain zuzen, dena eraikitzen ari diren espazioak bihurtu zaizkigu eta jokoan daude identitateak, lidergoak eta xede kolektiboak, Estatuaren interesen alde erabat desorekatutako lehian. Eta horrek guztiak erabateko eragina du biztanleen bizimoduan, enplegu maila, errenta maila edo zerbitzuen eskuragarritasunari dagokionez, besteak beste.

Araban Gasteizek hartzen du biztanleen %76a eta laster %80 izatera hel daiteke (beraz prozesua ez dago geldirik) eta Euskal Herrian metropolizatutako inguru urbanoetan bizi direnen proportzioa beste horrenbestekoa da. Araban hiriburuak kuadrilla guztietako gazteak hartzen ditu, bertan daude ezagumenduari lotutako enpleguak eta zer esanik ez berrikuntzan edo ezagumenduaren erabileran diharduten lurraldeko jarduera ia guztiak. Dena hiriburuarentzat, nahiz eta lurraldeko azaleraren %8a izan. Horren segidan dator lurraldeak mendetan garatu duen komunitateen egitura despopulatzearen eraginez hilzorian jartzea eta horrekin erregio edo eskualde jasangarri bat izateko aukera (besteak beste, ondare materiala eta immaterialaz arduratzen dena).

Araban bezala, Euskal Herri osoan auzi bera dago mahai gainean, gure lurraldea orekatu ala lurralde egitasmo zentralistari bide eman. Oro har, mendialdeko eskualdeetan eta hiriburutik urrun dauden eskualdeetan ikusten ari gara prozesua zeinen indartsua den eta zeinen ondorio sozioekonomiko larriak dituen pertsonengan eta komunitateetan. Bereziki Nafarroa Beherean, Zuberoan, Nafarroa Garaiko hegoaldean eta Araba osoan. Baina ez horietan bakarrik. Euskal Herriko lurralde egituraren oinarriak (barne direlarik azpiegiturak, jarduera ekonomikoak, eta ondorioz bere ezaugarri sozio-demografikoak) aspaldi eta sakon ezarri ziren aldetik, transformazio eragin handikoak izaten jarraitzen dute. Esaten dugunaren adibide moduan hartzekoa da manufaktura industrialean galdu diren enpresek zein eskualdetan eragin duten gehien.

Egun lurralde antolamendua bertako irizpidez egiteko eragiketa handiak bizi ditugu Euskal Herri osoan. Nafarroako Foru Erkidegoak tokiko administrazioaren mapa berritzean urrats historiko bat egin du. Ipar Euskal Herrian, Herri Elkargoak kostalde gero eta jendetsuagoaren eta barnealdearen arteko harremanak nolakoa behar duen mahai gainean du, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak prozesu luze eta zabal bat darama bere Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak eguneratzeko. Lurralde eremu bakoitzeko indar orekaren arabera ebazten ari dira prozesu hauek, ez dago ezer bermatuta.

Hau da, une berean hiru euskal eremu administratiboek iraganari lotutako zamak gainditu eta garai berri baterako oinarriak jartzeko lanean dihardute. Unea historikoa da. Lortuko ote dugu, nor bere lurralde eremuan bada ere, euskal lurraldetasuna desitxuratzeko politika induzituak gainditu eta lurralde egitura jasangarri eta kohesionatzaile bat artikulatzea hurrengo hamarkadetan? Lortuko al dugu behar den adostasun maila politika orekatzaile hauek egitura mailakoak eta denboran iraunkorrak izan daitezen? Geroak esango, lurraldearen luze-zabalean dauden bailaren biziberritzea izango da testigu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna