Burua argi, bihotza bero

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Azaroaren 21ean bloke independentistak lortutako garaipena gorabehera, mugimenduak 2010az geroztiko krisirik okerrena du. 155. artikulua aplikatu izanak gobernurik eta erakunde eta alderdi subiranistetako liderrik gabe utzi du Katalunia. Bada garaia, bada, berriz plantea dezagun herrialdea behingoz askatzeko bide orria.

Estrategia.Strategos esaten zioten, grekoz, mendi baten gain-gainetik zelatatzen zuen gizonari; borroka bati kanpoaldetik begiratzea zen helburua, irabazteko zer pauso eman pentsatzeko. Ikuspegi holistikoa izateak eta katramilaren erdian ez egotearen soseguak bidea ematen du argi izateko zer pauso eman hurrengo. Urriaren 1aren ondoren izandako oldarraldi gogorraren ondoren, Katalunian norbait behar dute, distantzia harturik adieraz dezan zer egin behar den luze gabe eta luzera begira. Politikaren driblin laburrak, batzuetan, ez digute uzten begiak altxatu eta estrategia bat definitzen, berehalako erabakiez harago.

Lidergoa. Garrantzitsua da pertsona batzuek pauso bat aurrera ematea, oraintxe bertan begien bistara umezurtz geratu diren espazioak ordenatzeko eta horietako lider izateko. Ez da batere justua Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez kartzelan egotea, ezta Junqueras presidenteordea eta Joaquim Forn ere, baina ez da komeni egun gehiagoan egotea inork berriro lemarik hartu gabe. Erabaki zaila da, eta ez du inolaz ere esan nahi preso politikoak abandonatzea. Baina, orain, inoiz baino gehiago, herritarrek argi-egile bat behar dute, zapalkuntzaren kontrako eta askatasunaren aldeko borrokan segitzeko.

Gobernantza. Ezinezkoa da herrialde bat kartzelatik edo erbestetik gobernatzea. Horretarako, gobernu sendo bat behar da, bere gain hartuko dituena 155.ak eragindako kalteak konpontzeko hartu beharreko erabakiak. Carles Puigdemonten presidentetzak badu sinbolismo bat: Espainiako Estatuaren inposizioei ez men egitea. Baina onartu behar dugu latza izan dela kolpea, eta botere politiko-judizialak ez diela atsedenik emango errepublika aldarrikatzearen alde egin zutenei. Horrexegatik, Generalitateko presidenteak helmenean dituen eskuduntza guztiak erabili behar ditu herrialdea zuzentzeko.

Tokian-tokian. Era berean, gobernantzak 2019ko udal hauteskundeei ere erreparatu behar die. Indar independentistek garaipena ziurtatu behar dute herrialdeko bazter guztietan; udalerrietan erakusten da ea alderdiek ongi gobernatzeko ahalmena duten, eta haietan bereganatzen da herritarren konfiantza ere. Helburu nagusia da emaitza onak lortzea Bartzelonan eta metropoli inguruan, hantxe baitago boto multzorik handiena, eta hiriburua gobernatzea lanabes ahaltsua baita errepublikarantz jotzeko.

Gardentasuna. Independentismoak, atzerantz begiratu, eta lehen egindako hutsetatik ikasi beharko luke. Inolako dudarik gabe, «iraultza irribarretsuaren» bidetik jo izana da horietako bat. Alderdi independentistak, erakundeen konplizitatearekin, egia erdi batzuk lotuz joan ziren, eta horiek ondorioak ekarri dituzte ordainetan. Herritarrak aspertuta daude, dena oso erraza izango dela hitzematen baitiete, eta, gero, konponbiderik ez baitago diseinatuta abagunerik okerrenetarako. Konfiantzen katea giltzarria izan da emantzipazio prozesuan. Kataluniako gizarteak heldutasun erabatekoa erakutsi du; ez dago amore emateko egokierarik. Inguruabarrak diren-direnean azaldu behar dira, eta ez guri izatea gustatuko litzaigukeen moduan.

%60rantz. Alde independentistak emaitza bikaina lortu zuen azken hauteskundeetan, baina, seguru asko, ez da nahikoa izango behin betiko indar kolpea emateko. Presa ez da batere aholku ona gaur egungoa bezalako abaguneetan; beraz, oraindik definitzeke dagoen estrategia horretan, ekintza planik garrantzitsuena, dudarik gabe, bidea markatzea da, jende gehiago konbentzitzearren estatu propio baten alde egiteko. Eta konbentzitzeko, entzun egin behar zaie, hain zuzen, arrazoiren batengatik edo bestearengatik mugimendu independentistak interpelatuak sentitu ez diren horiei guztiei. Hilabete bizi hauen ondoren, adiskide, auzoko eta lankide horiekin elkartu behar dugu, eta ahalegindu ulertzen zer kezka dituzten eta zergatik eman dieten botoa PSCri edo Ciudadanosi. Halako asertibotasun keinuaz bakarrik erakutsiko da independentismoak baduela borondatea herrialde berri bat sortzeko guztiok elkar harturik.

Arrazoia (eta ez hainbeste emozioa). Azaroaren 21ean alderdi ez-subiranisten alde bozkatu zutenak konbentzitzeko, argudio arrazionalagoak erabili behar dira. Orain arte, independentziaren alde egitera konbentzitzeko, emozioak erabiltzea zen modurik onena: beldurra, haserrea, nonbaiteko kide izateko sentimendua... Bada garaia katalanei azaltzeko, besteak beste, ez dutela pentsiorik kobratuko gobernari espainiarren kudeaketa txarrarengatik, botere judiziala zeharo usteldua dagoela, PPk eta PSOEk modu arbitrarioan kudeatzen dituztela azpiegituretako inbertsioak... Eta abar, eta abar, eta abar. Arrazoia esplikatzeko denbora gehiago behar da emozioa esplikatzeko baino, baina ezinbestekoa da independentismoak ahalegin hori egitea, jarraitzaile gehiago lor ditzan. Arrazoi arrazional mordoa dago. Bada garaia, beraz, horretarako behar den pedagogia guztia mahai gainean jartzeko.

Kultura. Azkenik, Montserrat Roig kazetariaren esaldi batean jarri behar da argia: «Kultura da aukerarik iraultzaileena luzera begira». Kataluniak kulturen kultura bat du. Kulturan inbertitzeak kritikoago egingo gaitu, eta oinarriak jarriko ditu statu quo-a etengabe auzitan jar dezagun. Eta horixe da modu bakarra egia-ostea garaitzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko. Kultura da katalan ororen helmuga, eta baliteke horixe bihurtzea elkarri entzun ahal izateko espazio atsegina. Horrela bakarrik lortuko dugu askatasun behin betikoa, modu indibidualean zein kolektiboan.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.