Konfiantza, begirunea eta errespetua

Carmen Vide
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Balio horiek nagusi diren lan giroan egiten dute lan erizainek, ospitalean, osasun zentroan, etxeetan edota zaintza zerbitzua eskaintzen duten beste edozein eremutan.

Herritarrek erizainen lana neurri batean edo bestean ezagut dezaketen arren, egindako galdeketek adierazten dute herritarrak eurekin fidatzen direla eta erizainek egiten duten lana baloratzen dutela. Zoritxarrez, begirune eta errespetu giro hori apurtu egiten da, gaixoek edo senideek erizainei eraso egiten dietenean.

Itxaronaldi luzeek, aurreikusi gabeko diagnosiek, sendagai baten zain egoteak... Erizainentzat ulergarria da zenbait faktorek urduritasuna eragitea. Hala ere, hori ez da aitzakia mehatxu, bortxa, irain, bultzada, ukabilkada edo bestelako eraso fisikoetara jotzeko, inondik inora ere.

Beti gertatu dira horrelako egoerak, baina azken urteotan, murrizketek eragindako satisfakzio ezaren ondorioz, gora egin dute. Izan ere, azken hamar urteotan, osasungintzako profesionalek 4.000 eraso baino gehiago pairatu dituzte Osakidetzan, erizainek horien %46 jasan dituzte.

Lehen mailako arazo bati buruz ari gara, eta hori konpontzeko ez da lan nahikoa egin. Zehatzago esanda, Osakidetzak oraindik konpondu ez duen arazoa da erasoena. Erakunde publikoak sortu zuen Erasoen Behatokiaren eraginkortasun faltak argi utzi du hori. Oraingoz, Behatokiak ez du aurrerapausorik eman, ezta gai honen inguruko konponbide zehatzik proposatu ere.

SATSEn, urteak daramatzagu informazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatzen, eta aurten, berriro ere egin dugu, «#Stop erasoak. Ezerk ere ez du eraso bat justifikatzen» kanpainaren bidez. Arreta fokua jarri nahi dugu erizainei bereziki eragiten dien arazo honetan, gaixoekiko duten gertutasunagatik.

Kanpaina honen bitartez, administrazio publikoei eta osasun arloko enpresa pribatuei dei egiten diegu, prebentzio neurri berriak martxan jar ditzaten. Neurri batzuk hartu diren arren, ez dira nahikoa, izan ere, zoritxarrez, gertakariek hori islatzen dute.

Herritarrei eskatu nahi diegu gogora dezatela erizainak une oro euren aliatuak direla, inoiz ez etsaiak, eta gabeziak eurek ere sufritzen dituztela. Profesionalek euren esku dagoen guztia egiten dute osasun arreta zerbitzu onena eskaintzeko.

Azkenik, gure lankideei erasoen aurrean zero tolerantzia mezua helarazi nahi diegu. Izan ere, inpunitatea saihesteko modu bakarra salatzea baita. Arazo honek herritarren, administrazioaren, enpresen eta profesionalen erantzun bateratua eskatzen du, kroniko egin eta Osasun Sistemaren oinarriak usteltzen jarraitu ez dezan.

Guztion erantzukizuna da, guztion zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.