Ustelkeria estatua

Ramón Cotarelo - Politika zientzietako katedraduna

2018ko apirilak 12
Estatu kolpe baten eta hiru urteko gerra zibil baten ostean, Francisco Franco genozidak abian jarri zuen tiraniazko eta bidegabekeriazko erregimen bat, berrogei urtekoa. Zuzenbide estatuaren kontrako estatu bat sortu zuen, zuzenbide estatuan legearen aginteak gobernatzen baitu. Espainian, delituaren aginteak gobernatzen zuen —eta gobernatzen du gaur egun ere—, delitugile kolpistek eginak baitziren legeak, eta, 1984 idazlanean bezala, arau, erabaki eta erakunde oro, benetan, zegokionaz bestelakoa zen guztiz. Legegileak tiranoaren lekaioak ziren; epaileak, berriz, zerbitzari prebarikatzaileak; poliziak, kriminalak; irakasleak, bufoiak; apaizak, inkisizioaren torturatzaileak; kazetariak, akolito soldatapekoak; enpresariak, lapurrak.

Erregimen faltsu horrek —potemkin horrek— errealitatea ordezkatu zuen azkenean; estruktura sozialetan sartu zen, eta jendearen aukera kultural, juridiko eta ekonomiko bakarra bihurtu zen, harik eta gizarte osoa frankista egin zen arte. Eta, hala, berrogei urtean. Frankismo «soziologikoa» sortu zen, Espainiako gizartearen eta Espainiako boto emaileen bereizgarria: bitxia da boto emaile horien hauteskunde portaera, lapurtzen dien alderdiak zenbat eta gehiago lapurtu, orduan eta leialago baitzaizkio.

Trantsizioaren eta trantsizio ostearen arrakasta da. Ezkerrak, borboitarren III. Berrezarkuntzaren sinboloak onartu zituenean, Potemkin Estatua irentsi zuen, eta legezkotzat onartu diktadura ustel haren jarraipena, legezkotasun demokratikozko geruza fin batekin. Bizitza sozialean txertaturiko ideologo saldo soldatapeko horiek, zeinak intelektualtzat, kazetaritzat, irakasletzat, publizistatzat hartzen baitira, Espainiaren homologazio demokratikoaren doktrina ofiziala (eta ongi ordaindua) eratu zuten inguruko auzokideekin. Gezur bat komunikabide guztiek lau haizeetara zabaldu dutena, bai nazionalkatolikoek eta bai ezkertiarrek, ezkerra bat baitator besteekin funtsean.

Urteetan aritu naiz esaka PP ez dela berez alderdi politiko bat, baizik eta elkarrekin erlazionaturiko gauza bi: batetik, frankismo ustela kontserbatzeko eta mantentzeko ardatz nagusia; bestetik, ustezko delitugileen talde bat. Lehenik, agerikoa da neofrankismoa, nahiz eta komunikabide eta «intelektual» batzuk zentro-eskuineko alderdi deitzen dioten, Europako beste zenbait alderdi moderatu eta kontserbadorerekin parekatuz. Gezurra. Eskuin muturreko frankistaren erakunde bat da PP. Besterik da, hipokrisiaz eta zinismoz, tonua ezin onartuzkoa dela jakinik, ezkutatu egiten duela, gutxi bada ere: ez du kondenatu diktadura, eta haren militanteek gogoko dute diktadura, argi eta garbi; beste batzuek probokatzaile faxisten komandoak sortzen dituzte, jendeari erasotzeko; frankismoaren memoria sustatzen eta elikatzen dute, uko egiten diote erregimenaren kolaboratzaileak, torturatzaileak eta kriminalak atzerriko justiziari entregatzeari, eta ahaleginak egiten dituzte desagerrarazteko hobi komunetan dautzan 100.000tik gora biktimaren memoria, frankismoaren zoraldi amorratuak eraildako biktimen oroitzapena.

Horretaz guztiaz gainera, ustezko delitugileen talde bat da PP, zenbait epailek nabarmendu dutenez. Kriminalitate modu antolatu bat da, bere buruari «alderdi politiko» esatea bururatu zaiona, bere gaiztakeriak inolako zigorrik jaso gabe egin ahal izateko. Erraza da ulertzen, sinergia kasu ohiko bat baita: Espainiako Estatua estatu delitugile bat da, potemkin peto-petoa, eta PPn dauden haren ondorengo ideologiko eta biologikoak horretaz aprobetxatzen dira 1939tik egitera ohituak dauden horixe egiteko: langileak esplotatu, altxorra indarrez ebatsi, bitarteko ilegalen bidez aberastu eta frankismo soziologikoaren ustelkeria estrukturalak dakarren zigorgabetasunaz aprobetxatu: nahi dutena lapurtu, orotan iruzur egin, edozer bidegabe erabili, bai baitakite ez zaiela ezer gertatuko, eta beretarrak dituztela polizia ikertzaileak, epaile epaitzaileak, kartzelazain giltzapetzaileak, kazetari ikertzaileak, irakasle doktrinatzaileak, apaiz bedeinkatzaileak, den-denak: adiskideak, ahaideak, senitartekoak, hurbilekoak, entxufatuak, mesedetu-babestuak.

Egoera horren adibide paradigmatikoa da URJC Juan Carlos Erregea Unibertsitatearen ustelkeria estrukturala, baina ez bakarra. Estatua josia dago gaizkile talde baten lapurreta eta iruzur kasuez, eta talde horri gehitu zaizkie CiU (Katalunian) eta enplegua erregulatzeko dosierren PSA/PSOE (Andaluzian): hegazkinik gabeko aireportuak, bidaiaririk gabeko tren lasterrak, autorik gabeko autobideak, golf zelaiak, natura ondarearen lapurreta eta harrapakeria eskala handian, zerbitzu publikoen porrota eta pribatizazioa alproja aldra horrek erreka joarazitako herrialde batean, zeinak sekula ordaindu ezingo duen zor publiko bat baitu. URJCren kasuan, unibertsitate publiko bat da, guztiok ordaindua, PPren ohoinkeria eta entxufearen zerbitzura, zeina baita lagunei lanpostu bat emateko agentzia bat eta mesedeak egin eta itzultzeko enpresa bat, tituluak fabrikatzekoa, eta asto gradudun politikoki leialak egitekoa. Doktrinatze ideologikorako zentro bat, eskuin muturrekoena eta delitugileena aldi berean.

Unibertsitateari bere txanda egokitu behar zitzaion, erakunde bakanetako bat izaki libre samar dagoena delinkuentzia PPtarretik, zeinak jada kendua baitie izen ona Parlamentuari, komunikabideei, justizia auzitegiei, Eliza katolikoari eta enpresei, denak ere lotsagabe batzuen habia bihurturik.

Kostua? Espainiako Estatua ezin erreformatu delako ebidentzia argia.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna