Xabier Isasi Balanzategi.

Zazpi argudio eta gurari bat

2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gauzak ondo bidean Nekane Balluerka Lasa anderea Euskal Herriko Unibertsitateko hurrengo errektorea izango da. Datorren azaroaren 24ean, ostegunarekin, UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeetan hautatuko dugu. Hauteskunde garrantzitsuak ziklo baten aldaketa dakartelako. Halere, txeragabetasuna nagusitzen ari da Euskal Herriko unibertsitate publikorik handienean.

Nekane Balluerka Lasa ezagutzen dut, aspaldiko lankide eta laguna daukat, eta harro nago. Orpoz orpo ibili gara, jo eta su lanean UEUn eta UPV/EHUn, euskararen alde, ikasleen alde, fakultatearen alde, euskal kulturaren alde, zientziaren alde, euskal unibertsitatearen alde eta Euskal Herriaren alde. Txeragabetasun garaiotan Nekane Balluerka Lasak ausart eta eskuzabal jokatu du UPV/EHUko errektoregai aurkezten. Hautagai bakarra da, bai, hori da egoerarik zailena, gaitz guztien aurka borrokatu behar baitu. Ohiko bekaizkeria unibertsitarioaren aurka, axolagabekeriaren aurka, ezkutuko matxismoaren aurka, atzerakoikeriaren aurka eta hainbat interes partikularren aurka. Zazpi argudio azaldu nahi nizkieke unibertsitarioei errektoregaiari aldeko botoa emateko; gehiago daude, jakina, baina zazpi esanguratsuak hautatu ditut.

Bat. Euskal Herriko unibertsitate publikoak errektore hauta dezakeen lehenengo emakumea delako. Bazen garaia! Unibertsitarioen artean emakumezkoak gehiengoa diren erakundean emakume bat errektore izatea. Errektoregaiak, ama gazteak, konpromiso irmoa dauka berdintasunaren aldeko borrokan, berak inork baino hobeto baitaki zein den zaila uztartzea karrera akademikoa, lana eta amatasuna.

Bi. Nekane Balluerka Lasa, berez, askok aipatzen duen euskaldun eleaniztun horietakoa da. Euskaraz hazi eta hezi eta mundura beste hizkuntzetan agertu da bere jatorriaz, bere hizkuntzaz eta bere kulturaz harro. Bere ibilbide akademiko oso-osoa euskaraz egin du. Berak inork baino hobeto daki zein den zaila hizkuntza gutxituan ibilbide akademikoa egitea, inork baino hobeto daki non dauden euskararen ahuluneak eta indarguneak.

Hiru. UPV/EHU Euskal Herriko unibertsitate publikorik handiena da, euskarazko eskaintza akademikorik zabalenekoa eta titulazio-mapa handienekoa da. Erakunde publikoa eta autonomoa da. Publikotasuna bi adieratan ulerturik, zerbitzu gisa goi-mailako ikasketak herritar ororen eskueran jartzeko eta ikerkuntza gizarteratzeko eta zabaltzeko. Autonomia da, beharbada, unibertsitatearen ezaugarri preziatuena; unibertsitate aurreratua, askea, malgua eta eraginkorra lortzea, hein handian, autonomia mailaren araberako da. Errektoregaiak ibilbide luzea egin du publikotasunaren eta autonomiaren defentsan. Seguru nago taldeko eta interes partikularren aurrean interes orokorraren aldeko kudeatzaile irmoa eta argia izango dela, batez ere, argia.

Lau. UPV/EHU sorrera hasiera-hasieratik askatasunaren aldeko borrokari lotu zaio. Diktaduraren amaieraren eta autonomiaren hasierako urteetan eratu zen une beretik. Nago Euskal Herriaren garapenerako UPV/EHU funtsezko erakundea dela. Unibertsitatea herriarena da, bai, baina, batez ere, unibertsitariook egiten dugu. Ikasle mugimendu zabal eta sendo batetik hasita, langile konprometituekin jarraitu, irakasleen ekarpen zabala biltzeraino. Ikasle mugimenduak gogoeta sakona egin beharko luke une honetan bere ekarpena zein den azaltzeko. Ziklo aldaketa bizitzen ari gara. Errektoregaia bera da ziklo aldaketaren adierazgarri, behar dugun gidaria, alegia.

Bost. Garai batean esaten zen unibertsitatea zela jakituriaren tenplua. Zorionez, jakituriaren sakralizazioa amaitu da: Internetek nahieran eta nahi duenaren eskuan jarri du ezagumendua, demokratizatu du jakituria. Irakaslearen figura aldatzen ari da. Unibertsitateko irakasleak burokrazian ito eta irakaskuntza eta ikerkuntza ezin uztarturik dihardu. Nekane Balluerka Lasa zehazki zer den esan beharko banu, batez ere irakaslea dela esango nuke. Bere konpromiso eta eskarmentua irakaskuntzarekin hobekuntzarako berme daukagu.

Sei. Irakaslea bada ere, Nekane Balluerka Lasa ikertzaile bikaina da. Bere curriculumaren zerrenda luzeak erakusten du bere ikertzaile ibilbide oparoa. Ikerkuntza eta ikerketa-hedakuntza Euskal Herriaren etorkizunerako giltzarriak dira eta eremu horretan unibertsitatea beharrezkoa da. Garai digitalean buru belarri murgildurik, unibertsitate publikoa da ikerkuntza eragilerik garrantzitsuena.

Zazpi. Nekane Balluerka Lasa antolakuntzan eta kudeaketan eskarmentu handiko emakumea da. Bere formakuntza eta esperientziarengatik unibertsitarioen elkargoa gidatzeko berme osoko pertsona da.

Askoz argudio gehiago azal daitezke eta, eztabaida libre balitz, konpara zitezkeen ezbaian dauden ereduak. Halere, hasieran esan moduan zazpi argudio eta, azkenik, guraria. UPV/EHUko hauteskunde hauetan ez dugu unibertsitate eredua bozkatzen, ez dugu erabakitzen kapitalismoa ona ala arbuiagarria den, hauteskundeotan datozen lau urteetarako errektorea aukeratzen dugu, besterik ez. Unibertsitate eredua hobetzeko abagunea, eta aldatzeko ere, ez da amaitzen hauteskundeekin. Are gehiago, noizbait aukerak izan baditugu unibertsitate eredua hobetzeko, eta aldatzeko ere, hurrengo agintaldian izango ditugu, Nekane Balluerka Lasaren gidaritzapean. Euskaldunok, euskaltzaleok, aurrerazaleok, Euskal Herriaren aldekook eta unibertsitate publiko sendoaren aldekook datorren azaroaren 24an hauteskundeetan parte hartuko dugu. Aske eta lasai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.