Albistea entzun

Ikasitako lezioak

Izaskun Landaida Larizgoitia - Emakundeko zuzendaria

2018ko martxoak 8

Ikastea eta irakastea. Inoiz amaitzen ez den prozesua da, bizitza osoa irauten duena. Ikasi eta irakatsi egiten dugu; irakasten ari garenean ere, ikasten ari gara. Garena, dakiguna, gure nortasuna, gure balioak... Dena, azken batean, ikasketa baten ondorioa da. Niretzat, eta pentsatzen dut niretzat bezala beste hainbat eta hainbatentzat ere, feminismoa, oraindik ere hain ezezaguna eta askotan arbuiatua, aurkikuntza bat izan zen, eta gauza asko irakatsi dizkit. Lehenik eta behin, begiratzen irakatsi dit: begirada kritikoa izaten, normaltasunaren edo ohituraren azpian ezkutatuta dauden desberdintasunak aurkitzen, hain egia ez diren egia zenbait desikasten, errealitatea berrinterpretatzen. Irakatsi dit, orobat, zein garrantzitsua den emakumeok ahalduntzea, emakumeok gure indarraz eta gaitasunaz jabetzea, eta lagundu dit nire inguruko emakumeengan eta haien bizi-historietan ikusten benetako ahalduntze-ereduak ikusten. Eta beste gauza askoren artean, feminismoaren irakaspen handietako bat izan da ikastea zein garrantzitsua den askotariko emakumeak ezagutzea, aitortzea, errespetatzea eta haiekin aliantzak sortzea, bizi dugun berdintasun falta estrukturalaren aurrean aliantza ezinbesteko tresna baita.

Gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, azken puntu hori azpimarratu nahi nuke. Indibidualtasuna nagusi den mundu honetan, feminismoa sorkuntza kolektiboko gune bat da. Feminismoa, sortze beretik, emakumeen arteko aliantzetan oinarritu da. Feminismoa emakumeen sare handi bat da, baldintza sozial, ekonomiko eta ideologikoei, arrazei eta abarrei dagokienez askotarikoak diren emakumeek osatua. Kontuan hartzen du denok desberdinak garela, baina emakume izateak batzen gaituela eta, emakume izateagatik, egiturazko berdintasunik eza pairatzen dugula mundu osoan.

Aldarrikapen-eguna da gaur, beste behin ere nabarmentzeko eta salatzeko emakumeek berdintasun falta estrukturala pairatzen dutela mundu osoan, hainbat modutara adierazten dena: lanaldi bikoitzak —oraindik ere zaintzaren eta etxeko lanen banaketa oso desorekatua delako emakumeen eta gizonen artean—, lan-merkatuan zailtasun handiagoak, botere- eta erabaki-gunetara iristeko zailtasunak eta emakumeen aurkako indarkeria, kasurako. Erronka asko ditugu berdintasunezko gizarte bat izatera iristeko, eta, bide horretan, ezinbestekoa da aliantzetan sakontzea; gauden tokitik, gure esku-hartze esparrutik eta gure baliabideetatik abiatuta, bakoitzak egin ditzakegun ekarpenetan sakontzea. Mugimendu feministaren ekarpenak behar ditugu, eta, horrekin batera, baita berdintasuna lortzeko politika instituzionalek eskaintzen dizkiguten tresnak ere. Bateragarriak izateaz gain, osagarriak ere badira berdintasunerantz agenda komun bat egiteko. Eta, noski, haiekin batera, gizarte osoaren ekarpena ere behar dugu, gizonena eta pertsona guztiena, bakoitza bere jardun-esparrutik abiatuta.

Bat gatoz gaur nazioarteko grebarako deia egin duen mugimendu feministaren aldarrikapenekin, eta bakoitzak ahal duen neurrian jarraitzeko emandako aukerarekin. Gure jarduketa-planetan jasota ditugun helburuak dira, eta haiek lortzeko ari gara lanean egunero. Emakundek, 2009an gogoeta bultzatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat egin zuen, zeinean galdetzen zuen ea zer gertatuko litzatekeen emakumeek greba egingo balute, eta orduan ere salatu zen oraindik ere batik bat emakumeen gain daudela bizitza jasangarri egiteko ezinbestekoak diren lanak, hala pertsonen zaintza (haurrena, adinekoena zein mendekotasuna dutenena) nola etxeko lanen kudeaketa, lan ikusezin eta ezkutukoen bidez, lanaldi bikoitz eta bizitza bikoitzen bidez, beren osasunaren kaltetan, eta, besteak beste, beren karrerak eta itxaropenak mugatuta.

Ezinbestekoa da lana berrantolatzea, bizitza erdigunean jartzeko, ekonomia feministak defendatzen duen legez. Gizarte-antolakuntza berri bat behar dugu, lanaren banaketa orekatuan oinarritua, non gizonak zein emakumeak berdin arduratuko diren etxeko lanez zein zaintzaz eta lan produktiboa, non enplegu-egiturak lanaren, norberaren bizitzaren eta familia-bizitzaren premietara egokitzen diren, eta non zerbitzu soziokomunitarioak egokitzen diren, lanak ekarritako zama murrizte aldera.

Badakigu gizartea aldatzea zaila dela, baina ezin dugu ahaztu, aldi berean, etengabe aldatzen ari den gizarte batean bizi garela. Nahiz eta batzuetan sentitzen dugun badirela denboran betikotzen diren balio, jarrera eta ereduak, mundua aldatzen ari da etengabe, eta etengabe aldatzen ari gara munduan bizi garenok ere. Aldaketa etengabe horrek egunero aukera ematen digu bestelako gizarte bat eraiki nahi dugunoi.

Kontuan izan behar dugu gizartea etengabe berritzen dela, eta belaunaldi berriak begira ditugula egunero. Ikusten dutenaren arabera eraikitzen dute beren nortasuna, imitazioan oinarritzen dira, eta neskengan eta mutilengan jartzen ditugun itxaropenetan. Egunero, gure jarrerekin, gure hitzekin, jendea tratatzeko dugun moduarekin, mundua nolakoa den, nola antolatzen den esaten diegu. Egunero kontatzen diegu pertsona bakoitzak munduan zein leku duen, zein balio nagusitzen diren. Aukera hoberik ba ote belaunaldi berriei mundu hau beste era batera antola litekeela erakusteko? Mundu hobea eta justuagoa posible dela erakusteko?

Emakundek aurten egin duen sentsibilizazio-kanpainak, Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna lelopean, azpimarratzen du berdintasuna ez dela berez edo modu naturalean sortzen, baizik eta ikasi egiten dela, bizitzan beste balio edo portaera sozial batzuk ikasten diren bezalaxe. Helduok sekulako erantzukizuna eta, horrekin batera, izugarrizko aukera dugu berdintasuna irakasteko, bakoitza gure erantzukizun-eremutik abiatuta: ama, aita, irakasle, instituzio, enpresa zein komunikabideetako arduradun...

Benetako berdintasun eraginkorrerantz jauzi kualitatibo bat eman nahi badugu, berdintasunaren irakaskuntza azpimarratu behar dugu. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, kontuan izanik berdintasunaren aurkako sinergiak eta haurrek egunero jasotzen duten informazio andana ez beti berdintasunaren aldekoa, ezinbestekoa da hezkidetza, errespetua, giza eskubideak eta indarkeriarik eza oinarri dituen hezkuntza azpimarratzea. Belaunaldi berriei tresnak eman behar zaizkie tratu onak berdintasunarekin lotzeko eta tratu txarrak, aldiz, berdintasunik ezarekin. Horixe baita feminismoaren beste irakaspenetako bat: berdintasuna irakatsi ezean, azkenean, berdintasunik eza ikasten da.

Aurten 30 urte dira Emakumearen Euskal Erakundea sortu zela. Urte hauetan guztietan, aurrerapen asko ikusi ditugu, aldaketa asko izan dira, eta ikasi dugu berdintasuna guztion erronka dela. Argi izan dute eta praktikan jarri dute nire aurretik erakundearen zuzendaritzan aritu direnek, idazkari nagusiek eta inplikazio eta konpromiso handiz erakundean egunero lanean diharduten langile guztiek. Eskerrak eman nahi dizkiet denei egindako ekarpen baliotsuagatik eta hainbeste irakasteagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, gure gizartean berdintasunaren alde lanean diharduten guztiei: gizarte-mugimendu, emakume-talde, era askotako entitate, berdintasunarekin konpromisoa hartu duten enpresa, hezkidetzan sinesten duten irakasle...

Gauza asko ikasi ditugu bidean. Eta askoz gehiago ikasiko ditugulakoan gaude.

Ikastea eta irakastea. Inoiz amaitzen ez den prozesua da, bizitza osoa irauten duena. Irakats dezagun berdintasuna. Ikas dezagun berdintasuna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.