Galtzaileak aktibatzen ari dira

2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Pentsiodunak kalean ditugu. Rajoy kezkatuta dago, eta Urkulluri ahaztu egin zaio gizarte-prestazioak ez daudela soilik Espainiaren esku. DSBE jasotzen dutenen %25 pentsiodunak dira, eta %57, emakumeak. Ekonomia hazten ari da; aberastasun gehiago daukagu, bidezko banaketa posible da, baina halere doikuntza politikak eta soldata kaskarrak ezartzen ari dira, enpresei eta kapitalari zergak eta kotizazioak jaisten dizkieten bitartean. Politika horiek, itxurakeria mediatikoak alde batera utzita, batera aplikatzen dituzte. Aldi berean jakin dugu IBEX-35eko kontseilari eta buruek zenbateko soldata igoera erabaki duten euren buruentzat: %11, pentsio-funts pribatuetara doan dirua kontuan izan gabe. Rajoy eta Urkullu egunero ari dira horietxekin argazkiak egiten. Lotsagarria da.

Frantzian Macronek migranteen aurkako erreforma ezarri nahi du. Herritar asko eta asko mobilizatzen ari dira behartsuenek pairatuko duten injustizia honen aurka, eta matxinatu egiten dira eskuin muturrak ez dezan agindu, baina ezta Europako politikak baldintzatu ere. Gurean, esaterako, DSBEan egiten diren murrizketek kutsu xenofoboa dute. Oldarraldi honen aitzindari Maroto popularra izan zen: bere inguruko ustelkeria kasuak ezkutatzearren pobreak pobreen aurka jartzen saiatu zen. Macronen Frantzian bezala, Patxi Lopezek eta Urkulluk DSBEa murriztu egin zuten eskuinik gogorrena asetzeko eta migranteak estigmatizatzeko. Iruzur fiskala ahaztu (3.000tik gora milioi euro), eta DSBEko iruzurra nabarmentzen dute, hau oso txikia den arren. Europan gobernuek migrazioa estalki gisa erabiltzen dute jendarteak beren politikak juzga ez ditzan, bertoko zein kanpotik etorritako klase xeheak zigortzen dituzten politikak. Eskuinari irabazteko ezinbestekoa da xenofobiaren aurkako borroka erradikala.

Joan den astean mugimendu feministak kalea hartu zuen. Iraultza kultural bat dator, guztioi eragiten diguna baita sindikalismoari ere, eta erabaki politikoak exijitzen ditu. Aldaketa kulturala eta erabaki politikoak. Gobernuek, ikusi zutenean mobilizazio izugarria zetorrela, Martxoaren 8a bereganatu nahi izan zuten eta aldarrikapenak parametro interklasistetara eramaten saiatu ziren. Hipokrisia hutsa da Bizkaiko zahar-etxeetako greban emakumeak gutxietsi zituzten horiek —sindikatuak «manipulatu» egin zituela esanez— orain manifestazioaren buruan jartzen saiatzea. «Manipulatu» hitza matxista zen eta, noski, enpresen interesekin elkar hartuta zeudenek bota zuten. Emakumeek erabaki dute protagonista izatea eta borrokatzea.

Soldata-arraila konpontzeko hitz hutsak baino zerbait gehiago behar da; administrazioek, esaterako, pribatizazio politikak berrikusi behar dituzte, eta gehienbat emakumeek egiten dituzten zaintza lanak behar bezala ordaindu. Soldata-arrailak Emakunde benetan kezkatzen badu, gobernuen eta patronalaren ardura salatu beharko luke. Baina ez du horrelakorik egiten, Jaurlaritzaren menpeko erakunde bat delako. Haatik, Emakundek, Arartekoaren antzera, Legebiltzarrari eman beharko lioke kontu. Zergatik? Gobernuak patronalari babesa ematen diolako, eta emakumeek pairatzen dituzten arazoen jatorri ekonomikoa ukatu egiten duelako; Emakundek, besterik gabe, Jaurlaritzaren politika zuritzen du. Zahar-etxeetan greban zeuden langileek erakunde honetara jo zutenean beren arazoen berri emateko, Emakundeko arduradunek esan zieten lan-baldintzak ez direla beren ardurapeko gaia. Aurrera egin nahi bada, diagnostikoan ere, Emakundek ezin du Jaurlaritzaren menpeko hierarkiko izan.

Auzi sozialek jende asko kezkatzen dute. Eta horiei lehentasuna ematen diena indartuta ateratzen da. Hau ez da antzinetako kontua. Duela egun batzuk hedabide batean aipatzen zen Podemoseko Iñigo Errejonek Parisen hitzaldi bat eman zuela. Kazetariak —nabarmena zuen joera— Errejonen diskurtsoa laburbiltzeko esan zuen haren diagnostikoa bat datorrela Macronek egiten duenarekin: «Debatea honezkero ez da ezkerra-eskuina. Guztiek izan nahi dute alderdi transbertsal, ardatzak honezkero ez baitira ezkerra eta eskuina». Benetako drama! Ezkerrak ez ditu ondorioak atera nahi Europako sozialdemokraziaren hondamendia ikusita.

Alderdi sistemikoek eta kapitalak ezkerrari eskatzen diote utz dezala alde batera auzi soziala. Eta hori adierazteko, esaterako, borrokatzen den sindikalismoarekiko loturak eten beharko lituzke. Lasta bota behar omen du! Haatik, katastrofea litzateke ezker politikoa gizarte-mugimendu eta sindikatuetatik aldentzea.

Mobilizazioek agerian utzi dute kontu sozialak axola duela. Emakume Internazionalistak taldeko Begoña Zabalaren arabera, «kalea behar dugu: hor daude eguneroko borrokak». Egia da: mobilizazio sozialik gabe ez dago aldaketarik. Ez dago ezkerreko agenda instituzionalik mobilizazio sozialik gabe. Estrategia argitzea premiazkoa da; areago faxismoa Europan dagoeneko marjinala ez denean eta demagogia eta manipulazioa baliatuz jende askoren ondoeza kapitalizatzen ari denean; jende horren artean langile ugari daude. Galtzaileak aktibatzen ari dira. Baina... norantz? Ezinbestekoa da ezker politikoak gero eta handiagoak diren kolektibo hauei ahotsa ematea: pentsiodunak, emakumeak, langileak... Mobilizazio hauek erakusten digute bidea; albiste bikaina dira, agenda alternatiboaren alde gaudenok indartzen baikaituzte. Jo dezagun ezkerrera! Justizia eta solidaritateagatik, jo dezagun ezkerrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.