Noiz sortua: 2015-02-26 00:30:00

Erlijio ikasgaia irakaskuntzan: norena da bekatua?

Arantza Kerexeta, Begoña Morote - Hezkuntza Laikoa taldea

2015eko otsailak 26

Gizarte demokratiko batek berezko ezaugarria du herritarren eskubideen eta askatasunaren defentsa, berdintasunean oinarriturik. Estatuak neutraltasunez jokatu beharko luke erlijio eta kontzientzia aukera guztiak bermatzeko. Beraz, laikotasuna ezinbesteko baldintza dugu bizikidetzarako eta hiritar guztien kontzientzia askatasuna nahiz tratu berdintasuna bermatzeko.

Eskola publikoan, gizarte, etika eta filosofia irakasgaietan landu beharko litzateke erlijioa. Izan ere, ezin ditugu ikasleak erlijio sinesmenaren arabera bereizi edo diskriminatu balio etikoak, herritar balioak eta erlijio gaiak jorratzeko. Hortaz, erlijio sinesmen desberdinen proselitismoa eta doktrinamendua familia esparruan, elizetan edota gurtza lekuetan egin beharko litzateke. Bestela, erlijioari lotutako sinesmen eta dogmak pentsamendu kritiko eta norberaren autonomiaren garapenerako oztopo izan litezke.

Erlijio Katolikoa ikastetxe publikoetan egotea frankismo garaiaren herentzia dugu: 1953an Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren artean izenpetu zuten konkordatua oraindik ere indarrean dago. Hartara, Espainiako Konstituzioa onartu eta gutxira, konkordatua berretsi egin zuen estatuak.

Oraindik indarrean dagoen LOErekin, Erlijio Katolikoa nahitaez eskaini behar da eskolan, eta familiek hautatzen dute beren haurrek ikasiko duten ala ez. Ordezko aukera Balio Etikoen ikasgaia da. LOMCE lege berriarekin ere (Heziberri EAEn), 2014-2015eko ikasturtetik aurrera erlijioa aukeratzen ez duten estudianteek Gizarte eta Herritar Balioak ikasgaia eman behar dute Lehen Hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzan, berriz, Balio Etikoak.

LOErekin, erlijio ikasgaia ebaluatu egin behar da, baina ez da aintzat hartu behar espediente akademikoan —erlijioko notak ez du eraginik batez bestekoan—. Aitzitik, LOMCErekin eta Heziberrirekin, Erlijio Katolikoak gainerako ikasgai edo alorren kategoria bera edukiko du —erlijioko nota batez bestekoa egiteko aintzat hartuko da—.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat honako hauxe da: agintari erlijiosoen eskumena da erlijio ikasgaiaren curriculuma. Horrenbestez, estatu ez-konfesional batean, elizak erabaki behar al du eskola publikoan ikasleek zer ikasi behar duten? Estatu demokratiko eta ez-konfesional batean, onartu behar al dugu eskola publikoan erlijio katolikoak doktrinamendua egitea?

Bestalde, eskola erkidegoaren barruan jakinekoa da erlijio eskoletako edukia sarri askotan filmak ikustera eta plastika lanak egitera mugatuta dagoela, eta «lan» horiengatik nota bikainak lortzen dituztela ikasleek. Halaber, Erlijio Katolikoa nahitaez eskaini behar da, eta taldea osatzeko aski da ikasgelan ikasle bakarra egotea. Beste erlijioetarako taldea abiatzeko ikasle kopurua handiagoa da, ordea. Eta are larriago: Bigarren Hezkuntzan, aukerako ikasgaietan taldea osatzeko ikasle kopurua askoz handiagoa da erlijioan baino. Azkenik, erlijio-irakasleen pribilegioak salatu nahi ditugu. Irakasle horiek gotzainaren onespena behar dute, eta horrek herritarren kontzientzia askatasuna eta tratu berdintasuna urratzen ditu. Diru publikoarekin finantzatuta, gainera. ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioari esker, 2012. urtetik aurrera erlijio-irakasleak erlijiokoak ez diren lanpostu zerrendetan sar daitezke, beste irakasleentzat itxita egon arren. Beste zerrendetako irakasleak, berriz, ezin dira erlijioko zerrendan sartu, ez baitute gotzainaren oniritzia.

Bigarren Hezkuntzako irakasleek jardunaldi osoa betetzeko gutxienez hamabi irakastordu egin behar dituzte. Erlijio Katolikoko postuak, bestalde, nahiz eta eskola ordu nahikorik ez izan, «osatu» egiten dira beste zeregin batzuekin. Irakasle horiek eskola ordu gutxi dutenez, ikastetxeetan «laguntza» eman eta baliabide gabeziak estaltzen dituzte —Haur Hezkuntzako gelak, liburutegiak, zaintzak...—, beste behargin batzuen kalterako. Halaber, gehiegizkoa da erlijio-irakasle laboral finkoen kopurua, Konrado Mugertza Eusko Jaurlaritzako Langileriaren kudeaketa zuzendariak iazko ekainaren 20ko ebazpenean aitortu zuenez: irakasle kopuruak «nabarmen gainditzen ditu beharrak».

Gauzak horrela, Hezkuntza Laikoa kolektibotik hau eskatzen dugu:

1. Erlijio ikasgaia eskola publikoan ez eskaintzea.

2. Erlijio Katolikoan taldea sortzeko hautazko beste irakasgaietan eskatzen diren ratioak errespetatzea.

3. Erlijio Katolikoa ikasgaiak espedienterako baliorik ez izatea.

4. Erlijio Katolikoa ikasgaian eskolak ematen ari diren irakasleak gotzainaren onespenaren bitartez sartzen direnez, irakasle horiek Erlijio Katolikoa besterik ez ematea.

5. Erlijio Katolikoko zerrendatik lan eginez lortutako puntuak bakarrik zerrenda horretarako balio izatea. Eta, birbaremazio prozesuan, gainerako hautagaientzat itxita dauden beste zerrendetara ez pasatzea.

6. Erlijio Katolikoko irakasle laboral finkoen kopurua berraztertzea, gehiegizkoa baita.

7. Gotzaindegiak Erlijio Katolikoko irakasleei emandako prestakuntza diru publikoarekin ez finantzatzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna