Zein erakunderekin kolaboratu

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
García Olivoren liburuak berrirakurtzen ari naiz azken egunotan. Irakurtzen edo, hobeki erran, irakurraldi ezberdinetan egin dizkiedan azpimarrak eta oharrak begiratzen. Ez dakit haren berri baduzuen, baina hala ez izatekotan, benetan aholkatzen dizuet barnera zaiteztela inoiz bere pentsamenduaren unibertso erradikalean. La bala y la escuela edo El educador mercenario izenburuek ongi iradokitzen dutenez, ez da itsaso barea horietan murgiltzean topatuko duzuena, heziketari buruzko ikusmoldea goitik behera irauliko dizueten olatu zakarrak baizik. Nire gomendioa da ez zaiteztela gehiegi borrokatu astindu bortitzen kontra, zerbait eraldatzen ahalko zaizuelako horrela zuen barnean.

Niri lagun batek eman zidan haren erreferentzia, pedagogiaz ordura arte irakurritakoaren artean onena iruditzen zitzaiolako nik ere ezagut nezala aholkatuz. Egia aitortzera, ez dut uste pedagogiaren atal hertsian sailkatu behar dugunik bere diziplina-esparrua. Hasteko, antipedagogiaren baitan duelako egileak berak bere burua esplizituki kokatzen, eta segitzeko, eremu zabalagoan delako aplikagarria eskolari kritika egiteko darabilen arrazoibidea. Funtsean, beren bizitza gidatzeko haurrek behar luketen askatasun erabatekoaren defentsa irmoa da bere filosofiaren erdigunean dagoena, baina ez da hori bere diskurtsoa berezi egiten duena, ez eta eskubide hori urratzen duelako eskola-eredu konbentzionalaz egiten duen analisia ere.

García Olivoren diskurtsoa ausart egiten duena, erreformismoak eskola-instituzioari ekarri dion hobekuntzaren ondorioaz egiten duen balorazioa da, iruditzen zaio-eta sistemari laguntza ematea izan dela, azkenean, jardun berritzailearen bitartez irakasle aurrerakoiek lortutakoa. Ea ongi azaltzen dudan. Haren ustez, salbuespenik gabe dira eskola guztiak askatasunaren ukatzaileak; eskola izateagatik bakarrik, kasik ezinbestez, edo definizioz. Eskola mota ororen oinarrian dagoelako haurra bide onetik eramateko helburu handiago edo tipiago bat, eta ez dirudielako oso bateragarria denik haurra bideratu nahia eta bere bidea egiteko haurrak duen askatasuna errespetatzea. Asmo horren zerbitzura ezarriak direnez eskolaren berezko osagaitzat ditugun irakasleak, irakaskuntza, curriculuma eta abar, sistemari bidea erraztea da hauen nolakotasuna hobetzean benetan lortzen duguna. Zeren eta, egia izanik ere atseginagoa eta jasangarriagoa dela ikasleei horrela eskaintzen diegun eskola-bertsioa, hain zuzen ere horregatik, errazago barneratzen eta irensgarriago bilakatzendugu eskola-egituraren boterekeria.

Pedagogo eta irakasle berritzaileendako da, horregatik, García Olivoren kritikarik zorrotzena. Kritika edo, zergatik ez onartu, sistemarekiko kolaborazio-salaketa gupidagabea. Autoritarismoaren bertsio leunago bat baino ez den direktibotasun jatorraren bitartez botere-egitura kamuflatzea lortzen dutelako, adibidez. Edo motibazioa piztea xede duten tekniken bitartez ikasleen errebeldia eta pasibotasuna ekiditen saiatzen direlako, sistemaren kontrako beren erresistentzia modu natural eta ia bakarra itoaraziz.

Zauriak eragiten dituen iritzi polemikoa da, badakit. Eta ulergarria egiten zait, horregatik, irakasle aurrerakoi batzuen artean García Olivok batzuetan eragiten duen ezinegona. Ez garelako geure buruan kontraesanak topatu zale, eta ez zaigulako gustatzen inkoherentzian aritzea, normala da. Bada, ene iduriko, bazterrak nahasten dituen tesi horixe da bere diskurtsoa jende guztiaren intereseko bilakatzen duena, erakunde guztiei aplikagarria delako bere hausnarketatik ateratzen ditugun ikasketa oinarrizkoak. Bat: erakundeak ez direla barnetik sakonki eraldagarriak, erakunde batek ez duelako inoiz onartuko bere esentziaren kontra joko duen aldaketarik, eta muinera jo ezinean, azaleko itxuraldaketa hutsean gelditu beharko dutelako onartuak izanen diren xume horiek. Bi: aldaketak eragiteko borondatearekin ere erakunde batean parte hartu nahi badugu, gutieneko maila batean beharko dugula sentitu erakunde horren adiskide garela, modu batean ala bestean geure sentitzen dugula, nolabait erran; nahikoa zilegitasun aitortzen diogula eta onartu egiten ditugula egitura horretako printzipio eta ardatz nagusiak. Aldez aurretik dakigulako ukiezinak gertatuko zaizkigula, sistemen biziraupen-arau logikoengatik. Hiru (eta garrantzitsuena): Sistema baten barneko gure parte-hartzea beti izanen denez, halabeharrez, kolaboraziozkoa, ongi erabaki behar dugu zein erakundetan nahi dugun parte hartu. Eta zeinetan ez, noski.

La bala y la escuela liburuan urrats bat aurrera egiten du, eta aldagai garrantzitsua txertatzen instituzioekiko kolaborazioaren analisian. Herri menderatuotako hiritarrok herri menderatzailearen erakundeekin ezartzen dugun harremanaren berezitasunarena, hain zuzen. Zorrozki kritikatzen du Mexikoko komunitate indigenek estatu menderatzailearen eskola-sisteman integratzeko hartutako erabakia, izenburuan ongi isladatzen duenez, argi duelako zein den herri menderatuetan menderatzaileak eskolari ematen dion egiteko zehatza: soldaduek burutzen duten lanaren osagarri izatea. Ezin sinetsizkoa iruditzen zaio estatu menderatzailearen instituzio batekin indigenak fidatu izana, eta harrigarria egiten zaio ikustea, nolatan izan diren bertan ontasuna aurkitzen ahal zutela pentsatzeko bezain inozenteak. Indigenismoaren koloreaz zipriztindu dute eskola, eta heziketa benetan multikulturala lortu dutelakoan pozik,—horrelakorik existitu ahal balitz bezala— asimilazionismo-modu zeharkako batean kolaborazioa eskaintzen ari dira, garbiki. Beren kontrako likidazionismoan laguntzen ari dira, kolonizazio lana errazten. Bertako hizkuntza erabiliz edo bertako folklorea onartuz burutzen delako, gaurko denboretan, kolonizazio lanik eraginkorrena.

Ez dugu hain urrutira joan behar. Espainiak eta Frantziak hemen ezarriak dituen erakundeekin euskaldunok dugun harremana gero eta intimoagoa da. Eta ez dakit zuek, baina ni oso-oso kezkatuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.