Eguzki Urteaga.

Birkonposizio politikoa Europan

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Europako hainbat herri deskonposizio-birkonposizio politiko sakon batean murgilduak daude, nahiz eta bizitasun eta abiadura ezberdinak ezagutu lurraldeen arabera. Azken adibide esanguratsua Italia da, kontuan izanik Europar Batasuneko eta Euroguneko hirugarren herria dela, bai biztanleriari, baita pisu ekonomikoari dagokionez, Legak eta Bost Izarreko Mugimenduak osatzen duten koalizioa boterera iritsi baita, aldez aurretik, gobernu programa bat adostu ostean. Deskonposizio-berkonposizio prozesu horrek ohizko alderdien ahultzea eta alderdi populista eta xenofoboen indartzea dakar, panorama politikoak irauliz eta gehiengo politiko berriak ahalbidetuz. Eraldaketa hori ulertzeko ezinbestekoa da bere genealogia egitea.

Izan ere, 1970. erditsuan hasten den krisiari erantzun liberal bat eman zaio ekonomia liberalizatuz, hau da, presio fiskala gutxituz, enpresa publikoak pribatizatuz, lan-merkatua desarautuz eta finantza erregulazioa ahulduz. Horren atzean zegoen ideia zen, krisiaren jatorria politika keinesiarretan zegoela eta, beraz, estatuek beraien esku-hartzea mugatu behar zutela ekonomian eragin kontraproduzenteak lituzkeelako, bai hazkunde ekonomikoan, bai finantza publikoen orekan. Europa bereziki ukitua izan da, Europako Itunek norabide politiko hori erabat barneratu baitute, bereziki 1992an onartutako Maastricht-eko Itunetik landa. Hain zuzen ere, Itun horrek zioen, hortik aurrera, EBko herri guztiek ezingo zutela BPGaren %3ko defizit publikoa, BPGaren %60ko zor publikoa eta %2ko inflazioa gainditu. Horrekin batera, banku zentral nazionalak independente bilakatzen hasi ziren.

Horren ondorioz, Euroguneko kideak izan nahi zuten herri orok doikuntzak egin behar zituzten irizpide horiek errespetatzeko eta konbergentzia ekonomikoa gauzatu ahal izateko. 1993tik landa aplikatu ziren politika horiek, gastu publikoa murriztea ala, gutxienez, egonkortzea eta presio fiskala areagotzea suposatu zuten heinean, eragin depresibo bat eduki zuten hazkunde ekonomikoan eta langabezia areagotzea eduki zuten ondorio gisa; jakinik langileria eta bizi maila apalena zutenak atera zirela kaltetuenak. Hortik aurrera, langile xumeak, prekarioak eta langabeak geroz eta kritikoagoak agertzen hasi ziren ekonomiaren liberalizazioarekin, globalizazioaren testuinguruan, eta europar eraikuntzaren norabidearekin, kontsideratzen baitzuten, EBk, babesteko ordez, lehia orokortu batean murgiltzen zituela.

2008ko irailean hasten den finantza krisi eta ondoren ekonomikoak joera hori areagotu du. Harrigarria badirudi ere, ekonomiaren desarautzeak sortutako krisiak, erregulazio berri eta sendoago bat eragiteko ordez, desarautzea areagotu du, bereziki krisiak gehien kaltetu dituen eta Troikaren esku-hartzea jasan duten herrietan (Grezia, Portugal, Irlanda eta Espainia). Hain justu, dirua interes tasa apalagoan uztearen truke, Europako Banku Zentralak, Europako Kontseiluak eta Nazioarteko Diru Funtsak austeritate politikak gauzatzea exijitu dute, mozketa bortitzak (bereziki gastu sozialean) eta zerga igoera nabarmenak (batik bat zerga ez-zuzenetan) egitera bortxatuz. Politika horiek, hazkunde ekonomikoa oztopatzeaz gain, langabezia, behin-betikotasuna eta behartsutasuna areagotu dituzte herritarren ongizatea okertuz eta beraien haserrea areagotuz.

Testuinguru horretan, non ezkerreko zein eskuineko alderdi tradizionalek antzeko politika sozioekonomikoak gauzatu dituzten, erabakitzeko ahalmen mugatua eta maniobra margen apala agerian utziz, alderdi horiek jasotzen zuten babes elektorala gutxitzen joan da alderdi populista zein xenofoboen aldeko bozak gora egiten zuen une berean. Frantzian, LR eta PS 2017ko hauteskunde presidentzialeko bigarren itzulitik kanpo geratu diren une berean, FNk %34 lortu du; Alemanian, CDU-CSU eta SPDek atzera egin duten momentuan, AFD eskuin muturreko alderdiak %12,6 eskuratu du; Italian, Alderdi Demokratak eta Forza Italiak inoiz eduki dituzten emaitza kaskarrenak eskuratu dituztelarik, Bost Izarren Mugimenduak eta Ligak %32 eta %17 lortu dituzte. Horiei, Europa ekialdean, alderdi populista-xenofoboek ukan dituzten emaitza esanguratsuak gehitu behar zaizkie, Polonian, Austrian ala Hungarian boterera iritsiz.

Deigarria dena da alderdi tradizional eta alderdi populista-xenofoboen alde bozkatzen duten hautesleek ez dutela hainbeste irizpide politikoen arabera egiten, baizik eta ezaugarri soziologikoen arabera. Orokorki, gobernu-alderdien alde bozkatzen duten pertsonek goi mailako ikasketak zein lanpostu eta soldata onak dituzte, eta hiri handi ala ertainetan bizi dira. Oro har, globalizazio liberala aukera bat bezala ikusten dutenak dira. Alderdi populista-xenofoboen aldekoek, aldiz, ikasketa maila xumeagoak nahiz lanpostu eta soldata ertain ala apalak dauzkate, eta herri txiki ala auzo txiroetan bizi dira. Maila handi batean, globalizazioa mehatxu bat bezala bizi dute. Hori dela eta, azken hauek, bai Estatuei bai Europar Batasunari babes gehiago eskatzen diete. Haustura soziologiko horretaz jabetzen ez diren bitartean eta, bide batez, horren jatorrian dauden politikak aldatzen ez badituzte, zaila dirudi ohiko alderdiek herri klaseen babesa berreskuratuko dutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.