Sanchez eta Espainia bien mitoa

Ramón Cotarelo - Zientzia politikoetako katedraduna

2018ko ekainak 14
Gobernu berriak argituko du betiere bizirik egon den auzi bat: aldian-aldian nagusi diren oligarkia menderatzaile horiek al dira ezgai, ala estatua bera da erremediorik gabekoa huts egindako estatu bat denez gero? Rajoyren azkeneko garaietan, ezker sozialdemokrata ustezko asko tematuta ibili zen esaka bereizi egin behar zirela Espainiako Estatua eta PP, eta, ziotenez, herrialdea delitugileen elkarte hartatik libratuz gero, gauzak aldatu egingo ziren, eta Espainia zuzenbide estatu demokratikoen bidera itzuliko zen.

Jakina, Rajoyren gobernuaren eta haren bozeramaileen —epaile, kazetari, intelektual, bankari— doktrina ofizialak ziurtzat joa zuen Espainia zuzenbide estatu bat zela, erabat homologagarria Europa hurbileko beste batzuekin, eta ezkerra ere irizpide berekoa da. Esanik gobernua aldatuz gero herrialdea zuzenbide estatu izango zela berriro, ezkerrak bere egiten du eskuinaren doktrina, eta «bi Espainia» daudelako mitoa berritzen: bata, erreakzionarioa eta nazional-katolikoa, eskuinekoa; eta, bestea, liberala, progresista eta sozialista, ezkerrekoa.

Mito hori asmakeria hutsa da. Berrehun urteko historia du, eta II. Errepublikak iraun zuen sei hilabete eskasetan baino ez zen izan egiantzeko samarra. Gainerakoan, gobernu erreakzionarioen artean zatituta egon da: diktadura aldi ezinago luzeetan batzuetan, eta interregno laburretan besteetan, zeinetan ezker adoregabe batek erdizka gobernatu ahal izan baitu, eskuin zelatariaren pean. Ez Felipe Gonzalezek eta ez Jose Luis Rodriguez Zapaterok ez zuten egin ezkerrarekin kontsekuente zen politikarik funtsezko gai batzuetan: ekoizpen ereduan, baliabideen birbanaketan, eta abarretan; ikus Andaluziako latifundioak. Bi gobernariek, ordea, hainbat neurri hartu zituzten, batik bat ideologiari, ohiturei eta moralari zegozkien arloetan: gutxiengoen eskubideak, askotariko askatasunak, parekidetasuna, edonolako politika sozialak zabaltzea, eta antzekoetan.

Ezer ez, baina, arriskuan jar zezakeenik oligarkia nazional-katolikoaren botere egitura, zeina osatzen baitute bankariek, enpresariek eta lur-jabeek. Egitura bat armadak —oraindik ere despolitizatu gabekoak— eta Elizak iraunarazia, biak ala biak ere —Eliza zein armada— estatu baten barruko estatuak izaki. Ez dago «bi Espainiarik», bat bakarra baizik: nazional-katolikoa, erreakzionarioa, klasista, atzerakoia eta kazikismoak joa; Espainia horrek noizean behin baino ez dio uzten kudea dezan sasiezker herabeari, ezker erradikalari faxismoari baino beldur handiago dion horrixe.

Ikuskizun dago ea gobernu berriak lehengo moldeak hautsi ahal izango dituen, edo, hamaikagarrenez, ezkerrak berriro bere idealak eskuinari entregatuko dizkion. Oraindik aurretik ditu ehun egun jakin horiek, baina, erdizka igar daitekeenez, laurogeita hamar baino gehiago sobratuko zaizkio gobernua betiereko kazike eta oligarken zerbitzura jartzerako.

Espainiako sasiezkerrak ezaugarri komun asko ditu eskuinarekin; izan ere, katolizismotik, autoritarismotik, klasizismotik, eta abarretatik zurrupatu du bere doktrina. Horiei, orain, beste iturri bat erantsi behar zaie, abertzaletasuna, independentismo katalanaren bidez kortijoa zatikatuko dietelako mehatxua dela eta. Ezkerrak ez du parte hartu ohi halako jabetzetan, baina nazionalismo espainol oihulari eta faxistaren morroi otzan bihurtzen du bere espiritu aberkoiak, garai bateko inperioaren oroitzapenetik datorkion horrexek; hura gizaldietan barrena zergatik galdu zen, oraindik ulertu ezinda dabiltza konkistatzaile haien ondorengoak.

Egiaz, gobernu berriaren osaketa, genero aldetik, zinez txalogarria da. Hamaika emakume bost gizonen aldean: emakumeen emantzipazio erabatekorantz jotzeko asmo benetakoa eta erabakigarria erakusten du. Gainerakoa, baina, itzalak dira. Hor, berriro ere, gobernuak agerian uzten du zer irrika duen den-denen gogoko izateko: eskuinarena, militarrena, apaizena, bankariena, kapitalistena eta faxista espainol hutsena. Eta Kataluniaren kasuan, zehazki, ez zaio ezer entregatu eskuinari. Hain zuzen ere, ministro izendatu berri bakoitzaren historiak txiki uzten ditu M.Rajoyren gobernuko katalanofoborik amorratuenak ere.

Borrell bera independentisten kontrario sutsua da, SCC elkartearen hurbilekoa, zeina gustura askorik konpontzen baita eskuin muturreko talde probokatzaileekin; Marlaska epailea, eskuindar porrokatua, zeinaren historian ekintzarik eza gailentzen baita torturari aurre egiteko orduan, edo PPren gehiegikeriarik bidegabeenei ez ikusiarena egitea eragozterakoan, hala nola Yak 42 hegazkinaren istripuan; Roblesek, berriz, autodeterminaziorako eskubidearen aurkakoa izaki, PPren argudiatzeko modu berbera darabil; Avalos, 155.aren aldezkari petoa, Sanchez bera izan zen bezala; eta Huerta, independentistak iraintzen aparta, astebete ere egin gabe dimisioa eman behar izan duena.

Europan argi daukate Sanchezen gobernu berria eta Rajoyrena ez direla ezertan bereizten Kataluniari dagokionez, eta horixe da Espainian dagoen auzirik garrantzitsuena. Itxia da autodeterminazio erreferendum itundu batekiko ukoa. Horren aldean, alternatiba da izatezko diktadura erregimen bat betikotzea 155.a berritzearen bidez; hala, gero eta preso eta exiliatu politiko gehiago izango da, artean ere zuzenbide estatu esango dioten horretan.

Orduantxe esku hartu beharko du kanpo bitartekaritzak, estatuak modu zibilizatuan konpondu ezin duen gatazka horretan.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna