Albistea entzun

Zer berri? Gartzia berri!

Ander Ros Cubas - Onomastika elkarteko idazkaria

2017ko ekainak 2

ETBtik deitu zidaten ea García deitura euskalduna ote den erabakitzen laguntzeko iritzia eman nezakeen, berriro ere polemika antzu hori berpiztuta. Ocho apellidos vascos film arrakastatsua estreinatu eta hiru urtera berpiztu da orain eztabaida, INEk gure arteko deiturarik ohikoenen zerrenda plazaratu duenean. Iritzia hitzetik hortzera eman nuen, datuak berrikusi gabe eta erantzunek behar zituzten ñabardurak ezin eginda. Gaiak azalpen osoago bat behar eta gogoeta patxadatsuago merezi duelakoan, papera hartu eta goiza honetan ematea deliberatu dut.

Auzia ez da erabakitzen erraza eta irizpide eta amarru ezberdinak erabil daitezke erantzuna alde batera edo bestera makurtzeko. Hasteko eta behin, «euskal deitura» zeri deitzen diogun zehaztu behar da; zeri «euskal» eta zeri «deitura». Izan ere, erantzunaren mamia VIII-X mendeen artean kokatu behar da eta garai hartan García izena zen eta ez deitura, deiturak artean ez ziren existitzen eta muga geopolitikoak oso bestelakoak ziren. Argitzapenok, zoritxarrez, muga gaindiezina dute. Garai hartatik guregana iritsi den dokumentazioa hutsaren hurrengoa da, auziaren alderdi linguistikoa behin betiko ixteko nabarmen urria.

García izena nafarra edo baskonikoa dela defendatzeko arrazoi pisutsuak daude, baina erantzuna erlatiboa izango da beti. Ia erabateko adostasuna dago izena Penintsulara Nafarroatik zabaldu zela onartzeko orduan, Nafarroako errege batzuen prestigioa lagun. Honek ez du esan nahi, haatik, azken jatorria ezinbestean Nafarroan edo Baskonian zuenik, ez eta hizkuntzaz euskarazkoa denik ere. Sancho zen García deituraren lagun edo lehiakide handia orain mila urte Nafarroan, eta Fortunius ez zerraien oso urrunetik. Esan gabe doa, begien bistakoa delako, bi izen horiek sortzez ez direla euskarazkoak eta, kontua ilunagoa bada ere, gauza bera susma daiteke García-rako ere. Nafarroako izen gehienak ez ziren euskarazkoak, Gaztelakoak gaztelaniazkoak edo Kataluniakoak katalanezkoak ez ziren bezalaxe. Izendegi —hizkuntzaz— patrimoniala oso urria izan dugu historikoan zehar. Garai hartan, arrazoi nagusiena moda izanik, jatorri germanikoko izenak ziren nagusiak Europa osoan barrena, latinezkoak ez zebilzkien oso atzetik eta luze gabe aurrekoei inposatzen hasi zitzaizkien. Oinarrizko aldaketa horrekin batera, izenen kontzentrazioa handitzen eta izenen stocka murrizten hasi zen, Nafarroan beste leku batzuetan baino nabarmenago, eta horrek ordura arte nagusia izana zen izen bakarraren usadioak kate antroponimo konposatuei eman zien bidea. Ordukoak dira denboragarrenean deitura bihurtuko ziren patronimikoak, besteak beste.

Paradoxikoki Nafarroan Garcia-ren patronimikoa Garceiz —berriro ere aldaerak ezinbestean alboraturik— izan zen, bestetan nagusiki Garcia izenak berak aldi berean izenaren eta patronimikoaren funtzioa betetzen zuen bitartean. Hemen hasten zaigu García deitura «arrozten». Deitura gisa García-ren arrakasta askoz mugatuagoa izan zen gure artean eta García de Salazar moduko konposatuetan bereziki gorde genuen. Egunotan INEk eman dituen datuetan ikusten den García deituraren nagusigoa, bada, «gainetorria» edo —zehazkiago esanik— «gainjarria» da, bertako García zahar apurrei XIX-XX. mendeetako emigrazio uholdeetan gureganaturiko hainbat García gaineratuta. Antzeko joan-etorria dugu aita-ama edota txakoli hitzekin gertatua; euskarazkoak izanik ere, beren gailena erdararen bidetik lortua duten aldetik.

Gauzak horrela, García deitura sortzez euskalduna izanik ere, egungo euskaldun García gehienak jatorriz euskaldunak ez direla esan liteke zabarki. Euskaraz ez dugu erraz bereizten hizkuntzaz euskarazkoa dena eta kulturaz —zentzu historiko-geografiko zabalenean— euskalduna dena. Arzac —edo Arzak— gaskoia da jatorriz baina inork ez diezaioke euskalduntasuna ukatu Donostialdean 5 mende inguru eman eta gero. Nire Ros deiturak denbora bikoitza eman du Estellerrian baina horrek ez dio erromantzezko jatorria ezabatzen. Jakina da jatorri linguistikoa eta etnikoa ez direla zertan bat etorri. Izenak —eta horietatik eratorritako deiturak—, jatorria ilunduta askotan, neurri handi batean apatridak dira, denetakoak eta inongoak ez.

García izenari hartz eta gaztea etimoak bilatu zaizkio deituraren nafartasuna hizkuntzaz ere berretsi beharrez. Gaur ditugun datuak eskuan, zaila da horri eustea. Lehenagotik esana da hartz-etik nekez hel gaitezkeela García-ra. Artza izengoitia badugu, Otxoa —gero izen eta ondoren deitura bihurtuta— dugun bezalaxe. Gaztea eta Gartzea formaz hurbilekoak dira, eta badakigu nahasturik ageri direla inoizka dokumentazioan, baina gaztea batetik nekez sor liteke Gartzea, horretarako bide fonetikoa malkartsuegia baita. Kontrakoa ere proposatu izan da inoiz, gure gazte hitza gartze batetik datorrelakoa, alegia. Bide hori ez da aurretiaz baztertzekoa, baina kasu horretan azkenaurreko jatorria frantses zaharreko garse genuke, eta azkena *warkjo «exiliatu» frankoa. Gars (garçon bilakaturik azkenik) eta garse femeninoa hitz gutxiesgarriak ziren, behe mailako gazteak adierazteko erabiliak, azkenaren kasuan «prostituta» zentzua hartzeraino. Izen bihurtu baziren, nomina umilitatis gisa gerta zitekeen. Garse horrek euskarazko gazte eman bazuen zentzu gutxiesgarria batetik eta femeninoa bestetik galdu behar izan zituen bidetik. Gaskoieraren bidetik sar zitekeen hitza edo zuzenean izena, bertan ere antzinatik errotua baita. Gauzak, ordea, are korapilatsuagoak dira. García izena Aragoira goiz eta erruz zabaldu zen baina banaka Kataluniara. Han, Garsianne familiakoak batetik eta Garsindi familiako femeninoak bestetik baliatu ziren. Garseand modukoak ere ez dira ezezagunak gure artean. Guzti horrek jatorri germanikoko izen bitemetikoetara hurbiltzen gaitu.

Hasieran esan bezala informazio eskasegia dugu auzia erabakitzeko eta oztopoak agerikoak. Dena ezin jakitea naturaltasunez eta umiltasunez onartzen ikasi beharko genuke eta bide batez jatorriak bizi-transzendentziarik gabeko jakinmin hutsez hartzen ikasi. Bien bitartean, lanean jarraitzea besterik ez dugu. Informazio urria dugu, horrek saihestezinago egiten du dugun apur hori behar bezala jaso, aztertu eta ganorazko izendegi eta deiturategi historikoak apailatzea. Katalanek eta gailegoek, penintsulako ezker-eskuineko muturretakoak bakarrik aipatzearren, alde handia daramakigute horretan, askoz ere zarata gutxiago eginda. Gu, haien eredu eta itzalari jarraiki, lanari lotuak gara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna