Lidergoa nahi du

Europa ligako final-hamaseirenetan izateko eskubidea lortua badu ere, Realak L multzoko buru izan nahi du, eta gaur Zeniti irabazi beharko dio
Zeniteko jokalariak, atzo, Anoetan egindako lan saioan.
Zeniteko jokalariak, atzo, Anoetan egindako lan saioan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jon Eskudero

2017ko abenduak 7
Azken asteetan urak harrotuta ibili ondoren, zaleekin bakeak egiten hasteko unerik aproposena iritsi zaio Realari. Bigarren B Mailako aurkari batek Espainiako Kopatik at uzteaz gain, ligan ere bolada txarra daramate txuri-urdinek, jokoan izandako azken 33 puntuetatik soilik hamar lortu baitituzte. Bada, komeria guztiak atzean uzteko orain arteko helduleku nagusiari eutsi nahi diote gaur: Europa ligari. Final-hamaseirenetarako sailkapena eskuan izanagatik, multzoko buru izan nahi du Eusebio Sacristanen taldeak, horrek ekartzen dituen abantailak ugariak direlako, eta Zenit mendean hartzea du helburu, Anoetan. «Lan ona egin dugu orain arte, eta lidergoa lortuta biribildu nahi dugu multzokako fasea. Sasoi honetan zerbait handia egiteko ilusioak bere horretan jarraitzen du», adierazi zuen atzo entrenatzaile espainiarrak.

Lleidaren aurka Kopan gertatutako gau triste hartan ez bezala, aitzakiarik ez du izango Realak Zeniten aurrean. Batetik, hamaikakorik onena zelairatu ahal izango du Eusebiok, Januzaj bera ere osatu baita. Ondo bidean, azken jardunaldiko zelai erdi beraren alde egingo du, Zubeldiak, Illarramendik eta Zurutuzak osatuta. Eta, bestetik, Anoetan festa giroa espero da. Zale gehienek haserrea oraindik ere barruan izan arren, jokalariak saiatuko dira hiru puntuak batzen eta bakeak egiten. «Berriro ondo sentitu nahi dugu, zaleek goza dezaten. Asko egongo da jokoan, eta benetako partida izango da. Denok batera lortuko dugu».

Zenitek ere ibili gorabeheratsua darama aspaldian. Irailaren 28an jokaturiko joaneko partidan Realari 3-1 irabazi zionetik, ez ditu emaitza distiratsuegiak lortu. 11 partida jokatu ditu: lau irabazi, lau berdindu eta hiru galdu. Besteak beste, bigarren postuan kokatuta dago Errusiako ligan, liderrarengandik sei puntura. Eusebiok nahiago du ez fidatu: «Europako lehiaketetan esperientzia izugarria du Zenitek, eta kalitaterik ez zaio falta». Kokorin aurrelaria izango da mehatxu nagusia.

Ezbairik gabe, multzoburu amaitzeak sari handia emango lioke Realari. Kirol arloan, gainerako multzoetako onenak bakarrik ez, Txapeldunen Ligatik datozenak ere saihestuko lituzke final-hamaseirenetan. Gainera, itzulerako lehia etxean jokatuko luke. Eta, arlo ekonomikoan, 5,5 milioi eurora gehituko lituzke irabaziak gaur gailenduta.

REALA-ZENIT

Reala. Rulli; Odriozola, Llorente, Iñigo Martinez, De la Bella; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Xabi Prieto, Oiartzabal eta Willian Jose.

Zenit. Lodygin; Terentjev, Mamanna, Mevlja, Criscito; Kranevitter, Kuzyaev, Paredes; Rigoni, Poloz eta Dzyuba.

Epailea. Liran Liany (Israel).

Lekua. Anoeta (32.076 ikusle).

Ordua. 21:05 (BeIn Max 3).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna