Martxel Toledo Garmendia.

Eurokopa 2020 San Mamesen euskal selekziorik gabe?

2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen bezala, UEFAk erabaki du zein futbol zelaitan jokatuko diren 2020 Eurokopako sailkapen faseak, eta dagoeneko badakigu Bilbon, San Mamesen, bizpahiru partidu jokatuko direla, eta sailkatuz gero, eta ziur nago horrela izango dela, 53 urte jokatu gabe egon ondoren, berriro, Espainiako futbol selekzioak, La roja-k, jokatuko duela. Espero genuena baino ez da gertatzen ari; dena ondo planifikatuta dago.

2020ko Eurokoparako San Mamesen kandidaturaren aurkezpenean, EAEko lehendakariak Iñigo Urkulluk adierazi zuen lehiaketa jokatzeko oraindik 6 urte falta direnean bere aspirazioa Euskadik Eurokopan parte hartzea litzakeela. San Mameseko egoitza Euskadik jokatzeko da azpimarratu zuen. Ondorengo asteetan argitu zuen hori horrela izatea espero zuela, eta Jaurlaritzatik horren aldeko apustua egiten jarraituko zutela. Bizkaiko Foru Aldundiko Jose Luis Bilbao Diputatu nagusiak, berriz, hau adierazi zuen: Espainiak normaltasunez San Mamesen jokatzeko baldintza objektiboak Espainiak kanpoko talde gisa Euskadiren aurka jokatzea zela. Jose Luis Bilbaok hasieran esan zuen euskal selekziorik gabe ez zuela Eurokoparik San Mamesen nahi, eta izatekotan, aipatu baldintza horietan izan behar zuela. Bilboko alkatea izan zen Iñaki Azkunak, berriz, oso gustura hartuko lukeela Eurokopa San Mamesen jokatzea, eta berdinzitzaiola zein selekzioek hartuko zuten parte, garrantzitsuena, lehiaketa Bilbora ekartzea zelako, horrek ekonomia mailan hiriari emango zion onuragatik eta, bide batez, nazioartean lortuko zuen proiekzioarengatik.

Iritziak iritzi, zurrumurruak zurrumurru, dagoeneko badakigu 2020an Eurokopako faseetako bat San Mames futbol zelaian jokatuko dela. Hori baita UEFAk (Europako futbol federazioak) hartu duen erabakia. Eta hori jakinda, orain galdera hau da: euskal selekzioak izango ahal du aukerarik bertan egoteko? Alegia, sailkapen faserako nazioartean ofizialki onartua izango al da? Edo, aukera hori izateko, aipatu agintari eta instituzio horiek zer egiteko prest daude? Gakoa hor dago; alegia, egindako adierazpenaren harira futbol munduarekin ( federazioarekin, klubekin, jokalariekin…) estrategia bat adostu eta buru-belarri horretan saiatu, edo beraien esku ez dagoela esan eta baloiak kanpora botatzen hastea.

Eta beldur naiz, dagoeneko batzukSan Mamesen aukeraketa soilarekin garaipen modura hartzen hasiak direlako; besteak beste, Jaurlaritzako kirol zuzendari Jon Redondo jauna, jakin bezain pronto adierazi duelako pozgarria dela San Mames aukeratu izana horrelako lehiaketa batek dakarren guztiagatik. Ez nago ziur horretan guztian euskal selekzioaren aukera sartzen ote duen, edo, Iñaki Azkuna bezala, beste zerbaitetaz ari ote den.

Eurokopa 2020, San Mamesen bai, euskal selekzioa ere bai!! zioen leloa erabili zuen ESAITek, besteak beste, Gasteizko Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Euskal Herriko hainbat Udaletan udara aurretik aurkeztutako mozioetan, argi genuelako, dugulako, lehiaketa Euskal Herrian jokatzeak, besteak beste, euskal selekzioari ateak irekitzeko balio lezakeela. Alde horretatik, ziur naiz 2020ko Eurokopa euskal selekzioaren ofizialtasunaren norabidean giltzarria izan daitekeela, onerako zein txarrerako.

Jaurlaritzak euskal selekzioaren bideragarritasuna aztertzeko Globernance erakundeak egindako txosten juridiko bat aurkeztu badu ere sokatirarekin alderatuta, futbolaren kasuan ez da nahikoa; ofizialtasunari begira, euskal herri kirol federazioaren (EHKF) egoera eta Euskadiko futbol federazioarena (EFF) ez delako berdina, ezta antzekoa ere; sokatiraren kasuan, Espainiako herri kirol federaziorik ez delako existitzen, eta horretaz baliatu garelako nazioartean ofizialak izateko. Ordea, futbolean Espainiako futbol federazioa dago, eta indartsua gainera, euskal selekzioaren etsai diren Angel Villar eta haren agintari akolitoak buru dituela. Beraz, futbolean eta beste hainbat kiroletan ere, aipatu txosten hori ez da nahikoa izango, eta beste estrategia bat jarri beharko da martxan; finean, eta txosten horrek dioen modura, ofizialtasunaren arazoa ez delako kirol mailakoa eta ezta juridikoa ere, politikoa baizik. Horregatik, kirol estrategia politiko berri bat behar da. Eta horretarako, borondatea, prestasuna eta batik bat, determinazioa behar da. Bakoitzak bere eremutik baino aurrera eginez, orain arte egindakoa ez delako nahikoa izan nazioartean bidea irekitzeko.

2020rako sei urte baino ez dira falta, eta asko dugu jokoan. Beraz, heldu diezaiogun guztiok aurrean dugun erronkari, besteak beste ez direlako gure artean mokoka ibiltzeko garaiak, Katalunian eta Eskozian bezala elkartuta aritzekoak baizik.

Soilik horrela izango dugu San Mamesen 2020ko Eurokopan euskal selekzioa ikusteko aukera. Soilik horrela euskal gizartearen gehiengo handi baten nahia gauzatuko da. Soilik horrela… izango gara ofizialak. Bestela, gureak betiko egin du!!

Eurokopa bai, euskal selekzioa ere bai!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.