Lehen lehendakaria

Xabier Zabaltza - Historialaria

2015eko otsailak 8
Errealitate instituzional gisa, Euskadi (garai hartan Euzkadi idazten zen) 1936ko urriaren 1ean sortu zen, Espainiako Gerra Zibila hasita. Egun horretan, Errepublikako Gorteek Autonomia Estatutua onetsi zuten azkenean. Sei egun geroago, Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu zen. Haren jaurlaritzan indar antifrankista gehienek hartu zuten parte. Ordurako, ia Gipuzkoa osoa Francoren armadaren eskuetan eroria zen. Ia Araba osoan kolpe militarrak hasieratik izan zuen arrakasta (Nafarroari dagokionez, ez da Estatutuan aipatzen ere). Egitez, Euskadi eta Bizkaia sinonimoak izan ziren autonomiak iraun zuen zortzi hilabete eskasetan, Bilbo 1937ko ekainean erori arte (Enkartazioetako herri batzuek pare bat hilabete gehiago erresistitu zuten).

1936 baino lehen, ez zen entitate administratibo zibil bat ere izan, bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituenik. Egia da 1836tik 1893ra bitarte Capitanía General de las Provincias Vascongadas delakoak jardun zuela, baina entitate militar bat zen, ez zibila, eta bere historia malkarrean zehar Nafarroa ere eduki zuen batzuetan, non, proportzioan, vascongado (hots, euskaldun) gehiago baitzeuden Araban baino. Beste alde batetik, País Vasco frantseskada XIX. mendearen hasieratik dokumentatzen da gaztelaniaz, baina kontzeptu linguistiko gisa soilik (Nafarroaren bi heren euskararen mugen barruan zeuden garai hartan). Ez zeukan eduki politikorik. Bizkaiko Jaurerria eta Arabako eta Gipuzkoako Probintziak existitzen ziren politikoki, Nafarroako Erresumaz gain, noski.

Aipatu beharreko salbuespen bat badago. Beste gerra batean gertatu zen, Frantsestean, hain zuzen ere. Napoleonek bere anaia Josef Espainiako errege izendatu zuen, 1808ko ekainean. Hilabete batzuk geroago, 1810eko otsailaren 8an, enperadoreak berak erabakirik, Bizkaiko Gobernua osatu zen, zuzenean haren mende zegoela, Josefek kontrolatzen zuen lurraldetik bereizirik, alegia. Napoleonek Ebro ibaian jarri nahi zuen Frantses Inperioko muga eta, bolada batez, zazpi euskal probintziekin estatu-txotxongilo bat eratzeko aukera aintzakotzat hartu zuen. Izena gorabehera, Bizkaiko Gobernuak Araba eta Gipuzkoa ere biltzen zituen bere barruan. Izan ere, haren egoitza Donostian ezarri zen hasiera batean eta, 1811ko urtarriletik aitzina, Gasteizen.

Bizkaiko Gobernuaz Pierre Thouvenot jenerala arduratu zen, eskumen militarrak ez ezik, zibilak ere eskuratu zituena. Lorrenakoa zen Thouvenot, ez Euskal Herrikoa, baina gobernadore-jenerala (titulu hori baitzerabilen) lehenbizikoz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bildu zituen gobernu bateko burua izan zen. Hots, hitza oraindik asmatu gabe bazegoen ere: lehen lehendakaria, Agirre baino 126 urte lehenago. Thouvenoten gobernua ez zegoen Madrilen mende… Parisen mende baizik. Frantses okupazioaren ondorioa izan zen eta, hori horrela, okupatzaileen patuari lotu zitzaion.

Thouvenotek diputazioak desegin zituen eta ez zuen Lege Zaharra bete. Gehitu behar da, baina, gerraren ankerkeria gertatuagatik eta belaunaldiz belaunaldi frantsesen kontra sustatu den propaganda jasanagatik, gestore on bat bezala pasa dela historiara, etsaiek ere miresten baitzuten. Haren gobernuak Agirrerenak baino ia hiru urte gehiago iraun zuen, Gasteizko bataila arte (1813ko ekain arte), eta eremu zabalago bat menderatu zuen. Hala ere, Gipuzkoaren ekialdeko partea haren kontroletik kanpo gelditu zen 1810eko irail arte, hasiera batean Nafarroako Gobernuari atxiki baitzitzaion, Inperioak hori ere bildu zuela.

Napoleonen behin betiko desegigoaren ondoren, Fernando VII.ak Erregimen Zaharra berrezarri zuen, antolaketa probintzial ezin nahasmenduzkoagoa barne (lurralde batzuk oso handiak baitziren, Aragoi adibidez, eta beste batzuk oso txikiak, Gipuzkoa bera, adibidez). Bizkaiko Gobernua desagertu zen. Hirurteko Liberalaren saio antihistorikoek huts eginikoan (1820-1823), Javier de Burgosek 1833an Espainiako probintziak ezagutzen ditugun moduan diseinatu zituen, Euskal Herrikoen izenak, muga tradizionalak eta hiriburuak errespetatu zituelarik. XIX. eta XX. mendeetan proiektu batzuk prestatu ziren euskal probintziak eskualde bakar batean biltzeko (batzuetan Nafarroarekin, beste batzuetan gabe), baina horietariko bat ere ez zen gauzatu, Gerra Zibil arte.

Frantsesen berrikuntza askok Iraultzaren eta Inperioaren ondoren iraun zuten. Beste batzuk bolada batez desagertu eta beste izen batekin berpiztu ziren. Euskadi horietariko bat da. Bizkaiko Gobernuaren aurrekariagatik izan ez balitz, baliteke gaur egun politikoki Euskadirik ez egotea. Hiru probintziako Euskadi bat esan nahi dut, Nafarroa gabe. Onerako eta gaitzerako, 1810eko otsailaren 8an, duela 205 urte zehatz-mehatz, gure historiaren ibilbidea erabat aldatu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna